Athletic 3-1 Celta

Athleticek bolada onari jarraipena eman dio Celtari irabazita

Guruzetaren bi golek eta Djalok zuri-gorriekin egindako lehenengoak erabaki dute lehia. Sailkapen nagusian, behin-behinean, hirugarren da Athletic.

Guruzeta San Mamesen, gaur, bere bi goletako bat ospatzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Guruzeta San Mamesen, gaur, bere bi goletako bat ospatzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko irailaren 22a
20:30
Entzun

Athletic ez da ikusgarri jokatzen ari, baina asmatu behar denean asmatzen ari da, eta horrek balio du, azkenean. Gaur hirugarren garaipena jarraian lortu du ligan, eta bolada bikainean egingo du debuta, asteon, Europa Ligan. Zuri-gorriek Guruzetaren bi goli eta Djaloren bati esker hartu dute mendean Celta (3-1).

Lehenengo gola neurketa hasi bezain pronto heldu da, laugarren minutuan. Guruzetak aurrelari peto-petoen gol horietako bat sartu du: baloia jaberik gabe zebilen arean, eta han sartu du hanka baloia sarera bidaltzeko. Joan den denboraldian ez zen alferrik izan taldeko golegilerik onena.

Golak, ordea, ez die mesederik egin etxekoei, eta hurrengo minutuetan hobea izan da Galiziako taldea. Horrela heldu zaio saria, Agirrezabala atezainak Iago Aspasi egin dion penalti batean. Celtako kapitainak berak sartu du gola. 25. minutua zen. Hamar minutu geroago, Aspasen beraren gol bat ere baliogabetu du epaileak. 

Guruzeta, berriz

Athletic ez zen hobea, baina orduantxe agertu da, berriro, Guruzeta. Bikain errematatu du, buruz, Berenguerren erdiraketa bat, eta, horri esker, etxekoak aurretik heldu dira atsedenaldira. 

Bigarren zatian ez da gol aukera argi askorik izan, eta Djalok 80. minutuan buruz sartutako golak utzi du erabakita norgehiagoka. Iñaki Williamsen jokaldi eder bat baliatu du zuri-gorrien azken fitxatuak Athleticen elastikoarekin bere lehen gola egiteko.

Sailkapen nagusian 13 puntu ditu Ernesto Valverderen taldeak, eta orain denboraldiko erronka ederrenetako bati egin beharko dio aurre: Europa Ligari. Ostegunean Erromako Estadio Olinpikoan jokatuko du, Erromaren aurka (21:00).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.