Athleticek bidea jorratzen segitu behar du

Zuri-gorriek Europa ligako final-laurdenetako joaneko partida jokatuko dute gaur, Glasgow Rangersen zelaian. Yuri izan ezik, gainerako jokalari guztiak bere esanetara izango ditu Valverdek, Ruiz de Galarreta eta Paredes barne.

Athleticeko jokalariak, bilduta, astearteko entrenamendua hasi aurretik.  MIGUEL TOÑA / EFE
Athleticeko jokalariak, bilduta, astearteko entrenamendua hasi aurretik. MIGUEL TOÑA / EFE
jon eskudero
2025eko apirilaren 10a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Bihar urtebete izango da gabarra Bilboko itsasadarrean uretaratu zela. Berrogei urte igaro eta gero titulu bat irabazi ondoren, egun ahaztezina bizi izan zuten Athleticeko jokalari eta zaleek, eta beste gauzarik ezin zitekeen entzun ia gehienen ahotan: beste berrogei urtez ezin zitekeela itxaron gabarra berriro ateratzeko. Bada, soilik urtebeteren ondoren, Europa liga dute begiz joa zuri-gorriek, eta ilusioa nabaria da Bilbo eta inguruetan. Maiatzaren 21ean Bilbon bertan jokatuko da finala, eta bi talde finalistetako bat izan nahi du Athleticek. Bidea jorratzen jarraitu beharra dauka horretarako, eta lehen pausoa gaur eman beharko du. Final-laurdenetako joaneko partida jokatuko du Glasgow Rangersen zelaian, Eskozian, eta, faboritoak zuri-gorriak izanagatik, hori zelaian erakutsi beharko dute.

Besteak beste, Espainiako Ligako maila askoz hobea da Eskoziako Ligakoa baino, eta kanporaketa gainditzeko hautagairik sendoena Athletic da. Gainera, astero ematen ditu baikor izateko motiboak. Esaterako, Europako bost liga handienak kontuan hartuta, gol gutxien sartzen dioten taldea da Valverderena, eta defentsan berme hori izateak urrearen balioa du halako kanporaketetan. Gainera, kalitatea eta konfiantza ditu erasoan. Dena den, lehen fase luzean zortzigarren sailkatu zen Glasgow Rangers, eta zuzenean eskuratu zuen final-zortzirenetan aritzeko eskubidea. Halako fase luze batean zortzigarren egiteak badu bere meritua, eta gainera Europako lehiaketetan esperientzia handia dute eskoziarrek.

Esperientziaz gain, bere zaleen bultzada du arma nagusia Glasgow Rangersek. Ibrox Stadium zelaian jokatzen du, 51.700 zaleren babesarekin. Giro eta zalaparta handia sortzen dute, baina taldeak aspaldi ez du boladarik gozoena izan bere zelaian. Azkenekoz otsailaren 2an irabazi zuen han, eta ordutik jokaturiko bost partidetan galdu egin du: ligan hirutan, Kopan behin, eta Europa ligan beste behin. Inoiz ez du halako bolada txarrik izan bere zaleen aurrean, baina klubak konfiantza osoa du entrenatzailearekin. Barry Fergusonek zuzentzen ditu jokalariak, eta, batez ere, talde lana dute oinarri. Jokalari bakar bat ez da nabarmentzen beste inoren gainetik, baina intentsitatea eta garaipen gosea ez dituzte negoziatzen. Baloi bakoitza gogor lehiatzeko joera dute.

Athleticentzat Eskoziako partida «suzko proba bat» dela esan zuen atzo Valverdek, eta lehiakor aritu beharko direla azpimarratu: «Erregistro asko menperatzen dituzte, eta gure datuen arabera, kontraerasoan Europa ligako talderik onenetarikoa da Rangers. Erronka polita dugu aurrean; gutxien huts egiten duenak egingo du aurrera». Irabazteko asmoz zelairatuko dira gaur zuri-gorriak, baina teknikariak gogoratu zuen San Mameseko itzulerako neurketa izango dela erabakigarria.

Bereziki Rangersen erasoko lerroarekin ibili beharko du tentuz Athleticek. Hiru jokalarik osatzen dute eskoziarren erasoa: Cyriel Dessersek, Hamza Igamanek eta Vaclav Cernyk. Hain zuzen, azken hori da Europa ligako orain arteko golegile nagusia, sei gol sartu baititu. Zenbakiei erreparatuta, atzeko aldean arazo gehiago dituzte eskoziarrek, erraztasun handiz iristen baitzaizkie aurkariak ate ingurura. Orain arteko bideari erreparatuta, hiru partida galdu dituzte, Athleticek baino bat gehiago: Olympique Lyon (1-4), Manchester United (2-1) eta Fenerbacheren aurka (0-2). Final-zortzirenetan Fenerbache bera gainditu zuten, penaltietan.

3.000 zaleren babesa

Athleticek, berriz, Erroma gainditu zuen zortzi onenen artean sartzeko. Joanekoan 2-1 galdu ondotik, itzulerakoan kanporaketa irauli zuten zuri-gorriek (3-1), baina badakite berriz ere lanak San Mameserako uztea arriskutsua izan daitekeela. Lehiaketa honetako beste porrota Besiktasen zelaian jasan zuen Valverderen taldeak, multzokako fasean: 4-1. Halako beste egun bat izanez gero, txapelketari agur esan beharko liokete, eta, beraz, ezinbestekoa izango dute hasieratik bukaerara kontzentratuta egotea.

Hamaikakoari dagokionez, eskura daukan talderik lehiakorrena zelairatuko du Valverdek. Yuri izan ezik, gainerako jokalari guztiak prest dauzka entrenatzaileak, baita Iñigo Ruiz de Galarreta eta Aitor Paredes ere. Giharretako arazoak izan dituzte azkenaldian, baina deialdian daude. Dani Vivian eta Oihan Sancet ere asteburuan itzuli ziren lehiara, eta jokatzeko moduan izango dira. Jokaturiko azken bi partidetan ez diote golik sartu taldeari, baina Athleticek berak ere ez du alerik sartu. Ate aurrean inspirazio apur bat erakutsi beharko dute jokalariek. Zaleen babesik ez dute faltako, Bilbotik 3.000 lagun inguruk bidaiatu baitute Eskoziako lurretara.

Glasgow Rangers-Athletic

Glasgow Rangers: Butland; Yilmaz, Tavernier, Balogun, Propper, Jefte; Raskin, Barron; Cerny, Igamane eta Dessers.
Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Yeray, Lekue; Ruiz de Galarreta, Jauregizar; I. Williams, Sancet, Nico Williams eta Maroan.
Epailea: Istvan Kovacs.
Tokia: Ibrox Park.
Ordua: 21:00 (Movistar Plus).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.