Ia ezinezkoa da Athletic Europa ligako lehen zortzi postuetatik kanpo geratzea eta, ondorioz, final-zortzirenetarako zuzenean ez sailkatzea. Puntu bat lortuta, ziurtatua izango du tokia, aurkarien emaitzei erreparatu behar izan gabe. Badaezpada, ordea, hobe da lanak ondo egitea: gaur jokatuko du ligaxkako azken neurketa, San Mamesen, Txekiako Errepublikako Viktoria Plzen taldearen aurka. Badu, gainera, beste xede bat ere: zelaian eta jokoan sentipen onak berreskuratzea.
Zazpi partida jokatuta, sailkapenean hirugarren dira zuri-gorriak, eta hamasei puntu bildu dituzte oraingoz. Hau da: bost neurketa irabazi dituzte, bat berdindu, eta beste bat galdu. Hain zuzen, azken lehia galdu zuten, modu mingarrian, Besiktasen aurka: 4-1. Sasoiko partidarik txarrena egin zuen Athleticek, eta, emaitzak berak baino gehiago, horrexek piztu zuen zalantza. Azkenaldian partida mordoxka bat jokatu dituzte segidan zuri-gorriek, eta kostatzen ari zaie erritmoari eustea.
Hala izango da oraingoan ere: gaur Europan Viktoria Plzenen aurka jokatuko dute, eta igandean, ligan, Betisen kontra. Atseden hartzeko tarte gutxi izango dute, beraz, jokalariek.
Horiek horrela, eta final-zortzirenetarako sailkatzea hain bideratuta edukita, baliteke Ernesto Valverdek hamaikakoan aldaketak egitea. Iñigo Ruiz de Galarreta da Athleticen min hartuta dagoen bakarra. Oihan Sancet lehiara itzuli zen joan den igandean, Leganesen aurka, hilabete pasa zelaitik kanpo egon ondoren. Haren falta sumatu du taldeak. Jokalari nafarra, ordea, oraindik ez dago bete-betean.
Viktoria Plzenek, berriz, bermatua du final-hamaseirenetarako sailkatzea. 11. dago, hamabi punturekin. Aukerak ere baditu lehen zortzi postuetan bukatzeko, baina oso urriak.
Valverdek honela aztertu du partida: «Lehiarako prest egon behar dugu. Sentipen onak berreskuratzeko gakoa, eroso egongo garen partida bat egin ahal izatea izango da. Baina haiek Slaviaren antzeko taldea dira. Buruz buruko defentsako jokaldietan oso sendoak dira».
ATHLETIC-VIKTORIA PLZEN
Athletic. Unai Simon; Gorosabel, Vivian, Yeray, Yuri; Jauregizar, Vesga; Iñaki Williams, Sancet, Nico Williams; eta Guruzeta.
Viktoria Plzen. Jedlicka; Dweh, Markovic, Jemelka; Cadu, Cerv, Kalvach, Havel; Vydra, Sulc; eta Adu.
Epailea. Matej Jug (Eslovenia).
Lekua. San Mames (53.331 ikusle).
Ordua. 21:00 (Movistar).