Bi zertzelada aski izan ditu Athleticek gaur Ludogorets mendean hartzeko, Bulgarian, Europa ligan. Latz landutako eta ederki kostatako garaipena bildu dute zuri-gorriek. Lehen zati txarra egin ondoren, atzetik merezita erretiratu dira atsedenaldira, baina bigarren zatian irauli egin dute neurketa. Minutu eskas batean, hain zuzen ere. Aldaketek freskotasuna eta hauspoa eman diete Ernesto Valverderen taldeari, eta bata bestearen atzetik iritsi dira irabazteko balio izan duten bi golak. 73. minutuan, Iñaki Williamsek egin du berdinketaren gola, eta hurrengo jokaldian iritsi da Nico Serranorena. Zailena eginda, emaitzari ongi eutsi dio Athleticek, eta hamar punturekin, ezin hobeto jarri da sailkapenean. Hurrengo faserako sailkapena bideratu du, eta aukera gehiago du lehen zortzietan geratzeko.
Bestelakorik pentsa bazitekeen ere, hasierako hamaikakoa ohiko jokalariz josi du Valverdek. Partidaren garrantziaz jabeturik, ahalik eta talde lehiakorrena zelairatu du hasieratik, baina lehen minututik bertatik erakutsi du Ludogoretsek gauzak zail ipiniko zituela. Puntu premia handian zelairatu dira bulgariarrak, orain arte puntu bakarra baitzuten bilduta, eta erritmo eta intentsitate izugarriak jokatzen hasi dira. Athleticek ez du gaitasunik izan baloiari oinetan eusteko ere. Deseroso ibili dira zuri-gorriak, zelaiaren egoera kaskarrari neurria hartu ezinda. Lehiaren ordu laurdena beteta, taktika aldatu du etxeko taldeak, pauso bat atzera eman eta defentsako bi lerro sendo eraiki baititu atzean. Soilik baloi geldian sortu du arriskua Athleticek.
Gola oso gertu izan du 19. minutuan. Berenguerrek kornerra atera eta ate aurrean bakar-bakarrik huts egin du Williamsek, bigarren zutoinean. Valverdek berak ere bi eskuak burura eraman ditu, akatsa sinetsi ezinda. Hori gutxi ez, eta hurrengo jokaldian heldu da etxekoen gola. Aldaratze bat jaso eta izugarrizko gola sartu du areaz kanpotik Erick Marcusek. Agirrezabalak ezin izan du ezer egin. Hasiera batean, jokoz kanpokoa adierazi du epaileak, baina jokaldia telebistan ikusi eta gero argi ikusi da Williamsek hausten zuela jokoz kanpoko lerroa.
Hortik aurrera, nahi eta ezin aritu dira zuri-gorriak atsedenaldira bitarte. Djalo, Berenguer eta gainerako aurrelariak etengabeko mugimenduan ibili dira espazioak sortu nahian, baina ez dute fruiturik jaso. Motzean lotuta eduki dituzte Ludogoretseko defentsako jokalariek. Soilik baloi geldian egin du min Athleticek; hots, etxekoen bigarren gola gertuago egon da une oro zuri-gorrien berdinketarena baino. Lehen zatiko azken jokaldian, berriz ere korner batean gola gertu izan du Athleticek, baina kontraerasoan are gertuago izan du 2-0ekoa Ludogoretsek. Lehen zatiko albisterik onena emaitza bera izan da: 1-0ekoa.
Aldaketak, onerako
Bigarren zatiari ildo beretik ekin dio Valverderen taldeak, eta entrenatzaileak ez du gehiegi pentsatu: hiru aldaketa egin ditu 55. minutuan. De Marcos, Vesga eta Nico Serrano zelairatu ditu. Lerro bakoitzeko jokalari bana, alegia. Bete-betean asmatu du. Taldeari bestelako freskotasun bat sumatu zaio, eta Ludogoretsen horman arrakalak agertzen hasi dira.
Nico Williamsen ezker hegala izan da arma nagusia. Hori bai, berdinketa erdietsi ezinda ibili dira bilbotarrak, eta Unai Gomez ere zelairatu da geroago. Erasoan jokatzeko taldea eraiki du Valverdek, eta azkenean jaso du saria, 72. minutuan. Zelai erdian baloia lapurtu, De Marcosek erdiratu eta Williamsek gola egin du, kontrol bikain bat egin ostean. Indarraldia baliatuta, hurrengo jokaldian heldu da 1-2koa, Nico Serranoren eskutik. Kontraeraso bati ginga ederra jarri dio gazteak. Jokalarien poza apartekoa izan da, eta azken minutuetan esperientzia plazaratu dute zuri-gorriek balio handiko hiru puntu biltzeko.
LUDOGORETS-ATHLETIC
Ludogorets. Padt; Witry (Gropper, 85. min.), Verdon, Almeida, Son; Iordanov (Txotxev, 85. min,), Cruz, Duarte; Marcus (Rusev, 74. min.), Duah eta Rick.
Athletic. Agirrezabala; Gorosabel (De Marcos, 56. min.), Vivian, Paredes, Yuri; Ruiz de Galarreta (Unai Gomez, 68. min.), Prados (Vesga, 56. min.); Nico Williams (Herrera, 83. min.), Berenguer, Williams; eta Djalo (Nico Serrano, 56. min.).
Golak. 1-0. Marcusek (20, min.). 1-1. Williamsek (73. min.). 1-2. Nico Serranok (74. min.).