ATHLETIC 1-1 GETAFE

Athleticek berdindu egin du estreinako partidan

Zuri-gorriak Getaferen armiarma sarean harrapatuta gelditu dira, eta bana berdindu dute. Sancetek etxekoak aurreratu ditu, baina Uchek berdindu egin du partida, bigarren zatian.

Oihan Sancet ernegatuta, gaur, San Mamesen. JAVIER ZORRILLA / EFE
Oihan Sancet ernegatuta, gaur, San Mamesen. JAVIER ZORRILLA / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko abuztuaren 15a
21:15
Entzun

Getafek denboraldi hasierako festa zapuztu dio Athletici. Zuri-gorriek ezin izan dituzte hiru puntuak eskuratu sasoiko lehen partidan, eta bakarrarekin konformatu behar izan dute partida geldo baten ostean. Oihan Sancetek aurreratu ditu etxekoak, gol ikusgarri bat sartuta, baina Christantus Uchek banakoa jarri du markagailuan. Athletic makal aritu da, zeharo bestelako jokoa erakutsiz iazkoarekin alderatuta, eta, hala, harrapatuta gelditu da Jose Bordalasen armiarma sarean. Bai jokalariek bai zaleek ernegatuta amaitu dute partida.

Hasiera kaskarra izan du Athleticek. Partida bigun hasi, eta sufritu egin du. Getafe lehen taldeko jokalari gutxirekin iritsi da sasoiko lehen partidara, eta zalantza ugarirekin. Hala ere, madrildarrek bikain hasi dute partida, duelu guztiak irabazita. Gola sartzeko aukerak ere izan ditu Bordalasen taldeak. Carles Perezek gutxigatik ez du zulatu zuri-gorrien ateko sarea. Ezker hegaletik egin du barneraldia, eta areaz kanpotik egindako jaurtiketa gutxigatik joan zaio kanpora. Uchek ere gertu izan du gola. Sakonean jaso du pasea, eta bakarrik gelditu da Alex Padillaren aurrean. Debuta bazuen ere, bikain erantzun dio erremateari.

Athletic iaz erakutsi zuen jokotik urruti ari zen lehen zatian. Baloia Getaferen lerro artean mugitu ezinda, eta hegaletako jokalari bizkorrak abantailarekin aurkitu ezinda. Baina ordu erdia betetzear zela iritsi da Sanceten artelana. Ordura arte, agertu ere ez da egin nafarra, Nabil Aberdin euskarriak kate motzean lotu baitu. Baina bakarrik zela jaso du baloia, eta orduan erakutsi du bere abilezia. Metro batzuk egin ditu baloia oinpean zuela; atera begiratu, gorputza egokitu, eta areaz kanpotik bidali du baloia sareetara. Aurrena, baloiak zutoinean jo du, baina David Soriak ezin izan du gola eragotzi.

Jokoa asko gelditu da gola sartu eta atsedenaldira bitartean. Mauro Aranbarrik min hartu du, eta Getafek aldaketa egin behar izan du. Nabilek ere ebaki bat izan du bekainean, eta denbora luzez egon dira euskarria zelaian artatzen. Horrek asko jaitsi du partidaren erritmoa, eta bisitariek ere behera egin dute. Hori izan dira Getaferen tarte makalena, eta zuri-gorriak hori baliatzen ahalegindu dira. Horrela, atsedenaldia iristear zela, Iñaki Williamsek aukera argia izan du bigarrena sartzeko. Aurrelariaren errematea, ordea, zutoinaren ondotik joan da kanpora.

Atsedenaldiak, baina, piztu egin du Madrilgo taldea, eta zelairatu berria zen Peter Federicok zutoinera bidali du baloia. Baina arriskua ez da bere horretan gelditu. Padillak geldiketa ikusgarria egin du handik bost minutura. Carles Aleña bakar-bakarrik gelditu da atezainaren aurrean, baina Padillak oinarekin atera du errematea.

Hirugarrenean, aldiz, Getafek ez du huts egin. Geldikako jokaldi guztietan arriskua eraman du zuri-gorrien areara. Eta 65. minutuan, Luis Millaren erdiraketa ate barruan sartu du Uchek. Bilbotarrek bigun defendatu dute, eta, hala, nigeriarrak bakarrik egin du errematea.

Valverde zuhaitza astintzen ahalegindu da, eta Nico Williams zelairatu du. Denen ahotan izan da udan, baina zaleen txalo zaparrada jaso du. Hegalekoa ahalegindu da taldea pizten, eta izan ditu aukerak. Markagailua, ordea, ez da mugitu.

ALAVESEK GAUR EGINGO DU DEBUTA, VIGON

Alaves izango da ligari ekingo dion bigarren euskal taldea. Gasteiztarrek gaur abiatuko dute sasoia, Vigon (Galizia), Celtaren aurka. (19:00, Movistar La Liga). Iazko denboralditik aldenduta, zazpi jokalari berrirekin ekingo dio lehen partidari. Halere, horietako batek, Manu Sanchezek, ezingo du lehen neurketa hori jokatu, Alavesen utzita arituko den arren Celtaren jokalaria baita. Luis Garcia Plazak prentsaurrekoan aipatu zuenez, helburua bat eta bakarra da aurten ere: «Mailari eustea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.