Aho zapore gazi-gozoa utzi du gaur eskuratutako puntuak San Mamesen (1-1). Athleticek ez du asmatu ate aurrean, asko barkatu du, baina kontuan izanda aurrea Betisek hartu duela, horren txarra ere ez da puntua.
Lehen zati bikaina egin du Ernesto Valverderen taldeak. Gauza bakarra falta izan zaio: gola sartzea. Rui Silva atezainak zenbait geldiketa ikusgarri egin ditu, eta zutoinera ere hiru bider bidali dute baloia Athleticeko jokalariek. Gehiago merezi zuten.
Betisek hiru aldaketa egin ditu atsedenaldian, eta berehala heldu zaio saria, 51. minutuan: Diaok eskuin hegaletik egin du jokaldia, eta haren erdiraketa sareetara bidali du Fornalsek. Hobeto zebilen Athletic, baina, markagailuan, Betis zihoan aurretik.
Aulkitik
Athleticen erreakzioa ere aldaketen bidez heldu da. Berenguer zelairatu berria zen De Marcosen erdiraketa bat buruz bikain errematatu duenean. 66. minutua zen.
Azken minutuetan Ander Herrerak izan du abagunerik argiena, baina erdira errematatu du.
Horiek horrela, beste puntu bat poltsikoratu dute zuri-gorriek, eta 19 dituzte jada. Seigarren dira sailkapen nagusian.