Athletic 1-1 Granada

Athleticek atzerapausoa eman du, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko bidean

Zuri-gorriak nagusi izan dira, baina berdindu egin dute Granadaren kontra. Guruzetak sartu du Valverderen taldearen gola, Argitasun gutxiko partida izan da.

Iñaki Williams burumakur, gol aukera bat huts egin ostean.
Iñaki Williams burumakur, gol aukera bat huts egin ostean. MIGUEL TOÑA / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko apirilaren 19a
23:45
Entzun

Athleticek bana berdindu du San Mamesen, Granadaren kontra. Hala zuri-gorriek atzerapauso bat eman dute Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokan. Iñaki Williamsek bere atean sartu du bisitarien gola, seigarren minutuan, eta Guruzetak berdindu du neurketa 24.ean. Baina hortik aurrera emaitza ez da aldatu. Etzi Atletico Madrilek Alavesen aurka irabaziz gero, sei puntura aldenduko zaio laugarren postua Ernesto Valverderen taldeari, liga amaitzeko beste horrenbeste jardunaldi falta direnean. Zuri-gorriek bi puntu baino ez dituzte batu azken hiru norgehiagoketan. 

Granada azken-bigarren dago sailkapenean, eta aukera aproposa zirudien Athleticek hiru puntuak batu eta Atletico Madrili presioa egiteko. Valverdek zelai erdian egin du aldaketa nagusia, Beñat Pradosen ordez Unai Gomezek jokatu baitu. Bermeokoaren hauspoaren alde egin du gaurkoan teknikariak. Baina Athletici hasieratik jarri zaio maldan gora partida. 6. minutuan Granada aurretik jarri da. Korner batean izan da. Gumbauk atera du, baloiak Iñaki Williamsi jo, eta Unai Simonek eta Unai Gomezek ezin izan dute aldendu. Athleticek erasora jo du hortik aurrera, batez ere Nico Williamsen eta Oihan Sanceten bidez. Azken horrek gertu izan du gola 17. minutuan, baina ez du asmatu segidan egindako bi erremateetan.

Athleticek gora begira jarraitu du, eta Granada atzean sartu du. 24. minutuan iritsi zaio saria. Guruzetak gola sartu du. Nico Williamsek erdiraketa bat egin du, eta Batalla atezainaren aldaratzea ondo baliatu du donostiarrak  Aurrelaria bigarrena sartzear egon da, Sanceten pase on bat aprobetxatuz. Baina Miquelek atera dio baloia gol arrastoan. Hortik aurrera partidaren erritmoa apaldu egin da apur bat, eta nahastu ere egin da. Horrek ez dio mesederik egin Athletici. 1-1ekoarekin amaitu da lehen zatia.

Bigarren zatiko lehen aukera Yurik izan du, urrutiko jaurtiketa batekin, 54. minutuan. Athletic nagusi zen, baina buruarekin baino gehiago bihotzarekin  jokatuz. Valverdek Herrera eta Berenguer zelairatu ditu, zerbait aldatzeko asmoz. Baina ez du lortu. Athletic ahalegindu da, baina ez du asmatu, Argitasuna falta izan zaio. Granadak, berriz, ondo eutsi dio berdinketari. Nahiz eta dagoen egoeran, askorako ez balio. Iñaki Williamsek punpa laster egindako jaurtiketa bat izan da bigarren zati horretako beste aukera garbia. Baina ezin izan du golik sartu. Banakoarekin amaitu da partida. Zuri-gorriek datorren larunbatari begira jarri beharko dute orain, partida erabakigarria izango baitute Atletico Madrilen zelaian, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borroka horretan. De Marcosek eta Sancetek ezingo dute neurketa hori jokatu, txartel pilaketarengatik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.