FUTBOLA

Athleticek Atletico Madrili egingo dio aurre gaur, San Mamesen

Arratsaldeko zazpietan jokatuko dute norgehiagoka. Azken partida irabaztetik dator Ernesto Valverderen taldea.

Ernesto Valverde entrenatzailea eta Athleticeko jokalarian joan den ostegunean, Lezaman. LUIS TEJIDO / EFE
Ernesto Valverde entrenatzailea eta Athleticeko jokalarian joan den ostegunean, Lezaman. LUIS TEJIDO / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko abuztuaren 31
05:00
Entzun

Denboraldiko lehen garaipena lortu berritan iritsiko da Ernesto Valverderen taldea. Valentziari irabazi zion asteazkenean San Mamesen, eta gaur ere etxean hartuko du Atletico Madril (19:00). Diego Simeoneren taldea, berriz, asteazkenean etxean Espanyolen aurka berdindu ostean iritsiko da Bilbora.

Aurtengo ligan jokatu dituzten hiru partidetan lau puntu lortu dituzte Valverderenek. Getaferen aurka berdindu ostean, galdu egin zuten, gol baten aldeagatik, Bartzelonaren zelaian. Aste honetan, ostera, San Mamesen jokatutako lehen partidan, itxura ona eman zuten, eta Valentzia garaitzea lortu. Gaur, bolada onari jarraipena eman nahi diote Madrilgo taldea mendean hartuta. Simeorenek Athleticek baino puntu bat gehiago eskuratu dute lehen hiru neurketetan; guztira, bost dituzte. Villarealekin berdindu egin zuten lehen jardunaldian, Gironari 3-0 irabazi zioten bigarrenean, eta aste honetan, berriz ere, berdindu egin dute. 

Valverdek Alex Padilla jarri zuen atezain lanetan lehen bi partidetan. Zarauztar gaztea ondo aritu zen, baina bere lana ez zen nahikoa izan Bartzelonari irabazteko. Asteazkenean, berriz, Julen Agirrezabala itzuli zen atera, eta ongi aritu zen hura ere, Valentziak ez baitzion golik sartu. Gaur, ikusteko dago Valverdek nor zelairatuko duen, baina argi geratu da Unai Simonen hutsunea betetzeko atezainak badituela.

Bestetik, aurrealderako ere zenbait aukera ditu entrenatzaile zuri-gorriak. Nico eta Iñaki Williamsez gain, Alvaro Djalok eta Javier Martonek aurreneko aldiz jokatu dute Athleticen lehen taldean. Adama Boiro atzelariak ere asteazkenean egin zuen debuta lehen mailan. Bestetik, zelaiaren erdian ere sendo aritu dira lehen partidetan Oihan Sancet —bi gol sartu ditu— eta Beñat Prados. Mikel Jauregizarrek ere itxura ona eman du jokatu dituen minutuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.