Aspaldian ez bezala gol mordoa sartuta, Athleticek mendean hartu du gaur Valladolid, San Mamesen. Zuri-gorriek 7-1 irabazi diote Espainiako taldeari, Mikel Jauregizarrek, Nico Williamsek eta Oihan Sancetek erakustaldia eginda. Gaina hartu diote aurkariari, eta beste hiru puntu batu dituzte, datorren denboraldian Txapeldunen Liga jokatzeko lehiarako. Valladolid, berriz, sailkapeneko azken postuan are eta gehiago hondoratu da gaur.

Partidaren hamargarren minutuan aurreratu da Athletic, eta lehen zatia amaitzerako 4-0 ari zen irabazten. Jauregizarrek sartu du lehen gola, area kanpotik azpitik gurutzatuta egindako jaurtiketa indartsu batean. Joko banatzaile gisa bikain aritu da bermeotarra, eta areara arrisku handiz iritsi da behin baino gehiagotan. Bigarrenean, Williams anaietako gazteena ezkerretik iritsi da, diagonalean, Valladoliden ate parera, eta zazpi jokalari utzi ditu atzean.

Hirugarrena Maroan Sannadik sartu du, area txikitik, talde zuri-gorriaren jokaldi bikain batean; Athleticen elastikoarekin sartu duen lehena izan da. Eta lehen zatia amaitzear zela, Sancetek ligako bere hamahirugarren gola sartu du, boleaz, Jauregizarrek espainiarren atzelarien gainetik egindako pase bat baliatuta. Atsedenaldian, Valladolid gaindituta zegoen jada, eta partida erdia geratzen zen jokatzeko.

Valladolidek bigarren zatiaren hasieran sartu du gola, Syllak hain zuzen, baina, handik hogei minutura, Nico Williamsek bere bigarren gola sartu du, hura ere area ertzetik abiatutako jokaldi batean. Ia jarraian Guruzetak seigarrena egin du, eta hilabeteetako gol lehorteari amaiera eman. Azken gola Iñaki Williamsek egin du, eta, hala, San Mamesko zaleek ahaztuko ez duten bazkalondo gogoangarri bat borobildu.

Oscar de Marcosek ere ez du ahaztuko berehala. Gaurko neurketa jokatuta, Athleticen historian partida gehien jokatu duten jokalarietan bigarrena bilakatu da, Iker Muniain gaindituta eta soilik Jose Angel Iribar aurretik duela. Aste honetan iragarri du erretiroa hartuko duela sasoia amaitzean. Valverdek hasieratik zelairatu du, Nico Williamsekin eta Sannadirekin batera. Yeray aulkian utzi du.
Athletic: Unai Simon; De Marcos (Lekue, 75. min.), Vivian, Paredes, Yuri; Jauregizar (Galarreta, 63. min.), Vesga; Iñaki Williams, Sancet (Canales, 68. min.), Nico Williams (Berenguer, 68. min.); eta Sannadi (Guruzeta, 63. min.).
Valladolid: Karl Hein; Luis Perez, Joseph Aidoo, Javi Sanchez (Comert, 64. min.), David Torres, Candela (Machis, 46. min.); Mario Martin (Grillitsch, 61. min.), Juric, Chuki (Raul Moro, 46. min.); Marcos Andre (Nikitscher, 68. min.) eta Sylla.
Golak: 1-0, 10. min., Jauregizarrek. 2-0, 34. min., Nico Williamsek. 3-0, 43. min., Sannadik. 4-0, 47. min., Sancetek. 4-1, 47. min., Syllak. 5-1, 66. min., Nico Williamsek. 6-1, 69. min., Guruzetak. 7-1, 87. min., Iñaki Williamsek.
Epailea: Cesar Soto Grande. Txartel gorria Valladolideko Jurici, 55. minutuan (bi txartel hori, 48. eta 55. minutuetan). Txartel horiak Athleticeko Vivian (79. min.) eta Galarretari (84. min.) eta Valladolideko Mario Martini (44. min.)
Futbol zelaia: San Mames. 47.715 ikusle.