Athleticek eta Eibarrek hitzarmen bat sinatu dute Eusko Jaurlaritzarekin, Euskal Herriko goi mailako kirola sustatzeko. Hala, bi futbol klub horiek diruz lagunduko dute Basque Team fundazioa aurten eta 2020an. Athleticek 179.000 euro emango ditu urtero, eta Eibarrek, 70.000. Beraz, guztira, 358.000 eta 140.000 euro emango dizkiote Basque Teami, hurrez hurren.
Atzo aurkeztu zuten akordioa, eta, bertan, Aitor Elizegi eta Amaia Gorostiza pozik azaldu ziren, eta biek esan zuten «bat egiten» dutela Basque Teamen «filosofiarekin eta helburuarekin». Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburuak, berriz, eskerrak eman zizkien, babesagatik. Realak eta Alavesek hitzarmena sinatu ez izanaz, berriz, Zupiriak aitortu zuen «etsipen txikia» duela, ez baititu konbentzitu. «Beraiek azaldu beharko dute zergatik ez duten akordioa sinatu», gaineratu zuen.
Realaren azalpenak
Gerora etorri zen Realaren erantzuna. «Realak beste inork baino gehiago egiten dizkie diru ekarpenak kirol ez-profesionalei. Realak sail ezberdinak ditu —belar hockeya, atletismoa, pilota eta urpeko kirolak—, eta horiei zuzenean diru ekarpenak egiten dizkie. Horrez gain, Kirolgi fundazioari ere urtero egiten dio diru ekarpena. Aurreko sasoian, adibidez, 238.600 bideratu zituen horietara guztietara». Horra Realaren azalpenak.
Athleticek 358.000 euro emango dizkio Basque Teami; Eibarrek, 140.000
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu