Bolada onean zetorren Athletic, txarrean Bartzelona. Baina gauzak zer diren: eroso aritu da Kataluniako taldea, eta ezinean, berriz, Bizkaikoa. Espainiako Superkopako finalerdiak jokatu dituzte, Jiddan, eta 0-2 irabazi dio Bartzelonak Athletici. Hirugarren Superkopako garaikurra nahi zuten lehoiek, baina finala usaintzera ere ez dira iritsi, bukaeran estutu arren hasi eta buka nagusitu baitira Hansi Flickek zuzendutako jokalariak.
Erritmo bizia eta intentsitate handia dira Athleticen dohainetako bi, eta hala hasi da neurketa, baina ez talde zuri-gorriaren alde. Bartzelonak izan du jokoaren gidaritza lehen minutuetan, baloia alde batetik bestera ondo mugituta, eta Athletici asko kostatu zaio neurketan sartzea. Laugarren minuturako pare bat abisu emanak zituen Kataluniako taldeak; hamazazpigarren minutuan eman du, berriz, lehen kolpea. Ezker hegaletik egindako jokaldi baten ostean, Baldek pasea atzera bidali dio Gaviri, eta hark bakar-bakarrik egin du errematea, markagailuan 0-1ekoa jartzeko.
Maldan gora jarri zaio kanporaketa talde zuri-gorriari. Markagailua kontra, eta zelaian ere aurkaria nagusi. Ohi bezala, Athleticek goian egin du presioa, baina lehen ordu erdian Bartzelonak asmatu du estualditik irten eta jokaldiak harilkatzen. Gero, Bartzelona itzali ahala, Athletic esnatu da, eta saiatu da aurkaria xaxatu eta haren ate ingurura arriskuz iristen. Zertzelada batzuen ondoren, lehen zatiko azken minutuan izan du aukera garbiena: Yuriren erdiraketa ate aurrean errematatu du Iñaki Williamsek, baina Szczesnyk geldiketa on batekin erantzun dio. Hasieran Iñaki Peña zen Bartzelonaren atean jokatzekoa, baina entrenatzaileak zigortu egin du, aktibatze saiora berandu iristeagatik.
Bide beretik
Lehenengoaren bidetik, nagusi hasi du Bartzelonak bigarren zatia ere, joko bizkorra eginez Athletic ezustean harrapatu nahian. Hala, handik gutxira eman du bigarren kolpea. 52. minutuan, Lamine Yamalek area ertzean baloia hartu, buelta erdia eman, eta Unai Simonen aurrean sareetara bota du, dotore. Lesiotik distiratsu itzuli da Bartzelonako izarra. Handik bi minutura, kanporaketa erabakita uztekotan egon da Lewandowski, baina gora jaurti du baloia. Hala ere, ez dute beste golik behar izan finalerako sailkatzeko.
Erraz aritu da Bartzelona. Lehen begi kolpean, bazirudien esfortzu handirik egin gabe aritu dela Athletic azpiratzen. Jokalari apartak ditu Kataluniako taldeak, kalitate handikoak, eta zelaian elkar ulertzen dutenean, zaila da halako talde bati aurre egitea.
Gainera, Athleticen hainbat jokalari garrantzitsu falta ziren, tartean Sancet eta Nico Williams. Min hartuta, azken ordura arte duda zen jokatzeko moduan izango ote ziren. Aulkian ere ez da egon Sancet: bigarren zatian zelairatu da, berriz, Nico Wiliams. Hain zuzen, taldea suspertu nahian, hiruko aldaketa egin du Ernesto Valverdek: Vesga, De Marcos eta Williams gazteena zelairatu ditu.
Ez da askorik suspertu taldea; hala ere, estutu du azken minutuetan. Horren erakusle, partida amaieran baliogabetutako bi golak. 82. minutuan, De Marcosek gola sartu du, baina jokoz kanpo zegoen. 89. minutuan, berriz, Frenkie de Jongek baloia galdu, Iñaki Williamsek jaso, eta atezainaren aurrean ez du huts egin. VAR sistemaren bidez, ordea, epaileak baliogabetu egin du, baloia Williamsengana heldu aurretik Djalok ukitu duelako eta, beraz, jokoz kanpo zegoelako.
Saudi Arabian jokatu da kanporaketa, diruaren hotsak hara eman zuelako txapelketa. Hala ere, Athleticekoek izan dute zale batzuen bultzada.
Igandean izango du finala Bartzelonak, Real Madrilen eta Mallorcaren arteko finalerdietako irabazlearen aurka; bihar jokatuko dute.