Athletic 2-0 Rangers

Athletic Europa ligako finalerdietarako sailkatu da

Zuri-gorriek 2-0 hartu dute mendean Rangers. Sancetek penaltiz sartu du lehen gola, eta bigarrena, Nico Williamsek, buruz. Manchester United izango dute aurkari finalerdietan.

Nico Williams gola ospatzen, atzetik Sancet doala. JAVIER ZIORRILLA / EFE
Nico Williams gola ospatzen, atzetik Sancet doala. JAVIER ZIORRILLA / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko apirilaren 17a
23:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Athleticeko zale askok egun bat atzeratu dituzte Aste Santuko opor egunak. Bada, bihartik ederki gozatuko dituzte egun horiek. Ez bakarrik atseden hartuko dutelako, baita talde zuri-gorria Europako ligako finalerdietarako sailkatu delako. Ernesto Valverderen taldea 2-0 gailendu zaio Glasgow Rangersi, eta bi pausora du Bilboko final desiratua. Zuri-gorriek apur bat urduri ekin diote eskoziarren aurkako lehiari, baina pixkanaka nagusitzen joan dira, eta erabakigarria izan da lehen zatiko azken jokaldian Oihan Sancetek penaltiz sartutako gola. Bigarrenean eskoziarrek aurrera egin dute, ausart aritu dira  minutu askotan. Baina Athleticek jokoaren ekimena berreskuratu du, eta 80. minutuan Nico Williamsek buruz sartutako golak erabakita utzi du partida.

Finalerdietan Manchester United izango dute kontrario. Realaren borrero izan zen taldeak, 5-4 irabazi dio luzapenean Lyoni. Ruben Amorinek zuzentzen duen taldeak balentria egin du. Izan ere, 118. minutuan 3-4 ari zen galtzen. Baina Mainook eta Maguirek sartutako golei esker Manchester United ere finalerdietan dago. Joanekoa maiatzaren 1ean jokatuko dute San Mamesen, eta itzulerakoa maiatzaren 8an Old Trafforden. Askok gogoan izango dute 2012-2013 denboraldian bi taldeek Europa ligako final-zortzirenetan jokatutako kanporaketa. Zuri-gorriek egin zuten aurrera txapelketan, Old Trafforden joaneko partida ikusgarri bat jokatuta. 2-3 irabazi zuten. Llorentek, De Marcosek eta Muniainek sartu zituzten golak partida hartan.

Gaurko partidan zaleek bete egin dute San Mames. Inoizko sarrera onena egon da: 52.114 zale. Aurreko denboraldiko Atletico Madrilen kontrako Espainiako Kopako finalerdian baino 53 zale gehiago zen hori. Haiek hauspotuta, bizi hasi da partida. Athletic izan da aurkariaren atera gerturatzen aurrena; baina Maroanek ez  du ondo erdiratu. Rangers ez da kikildu, eta ausart aritu da. Joanekoan egin bezala, berehala bilatu ditu Hagi eta Dessers. Zuzen jokatu du, eta batez ere Dessersek estu hartu ditu Vivian eta Yeray, lehen minutu horietan. Athletic urduri aritu da.

Dena den pixkanaka lasaitzen joan da, eta jokoaren ekimena edukitzen. Hala, bai zortzigarren minutan, bai hamargarrenean zuri-gorriek gertu izan dute lehen gola. Bietan Sancetek errematatu du, baina baloiak Rangersen atzelari banatan jo du. Bi taldeek bizi jokatu dute, abiadura handiarekin. Athletici sakon jokatzea falta izan zaio, batez ere eskuinetik. Izan ere, Berenguer barrura sartu da, hegala De Marcosi utziz. Jokaldi horietako batean kapitainak erdiraketa ona egin du Maroan ondo iritsi da lehen zutoinera, baina kanpora bidali du baloia (26.  min). Berehala erantzun dio Cernyk, ia zelai erditik egindako jaurtiketa batekin. Agirrezabala ezustean harrapatzen saiatu da, baina ez du lortu.

Rangers atzera

Minutuak aurrera joan ahala, Rangersek urrats bat egin du atzera. Bloke ertain edo baxu batean kokatu da, eta Athletici utzi dio baloiaren jabetza. Baloia atzetik atera duenean, berriz, berehala egin du gora, Athleticeko jokalarien presioa saihesteko. Lehen zatiaren azken txanpan zuri-gorriek estutu egin dute, errazago berreskuratu dute baloia, eta maizago iritsi dira Kellyren atera. Minutu horietan Berenguerrek izan du abagunerik argiena, talde zuri-gorria aurretik jartzeko. Baina arearen balkoitik egin zuen errematea kanpora joan da, 35. minutuan. Maroanek ere buruhausteren bat edo beste eman die, nahiz eta azken errematean ez duen asmatu. Epaileak hiru minutu luzatu du lehen zatia. Bazirudien 0-0 amaituko zela. Baina luzapen horretako azken jokaldian Souttarrek penaltia egin dio Maroani. Sancetek jaurti du, eta sareetara bidali du baloia. Zoramena San Mamesen. Lehen zatiak ezin zuen amaiera hobea izan zuri-gorrientzat.

Athleticek bizi hasi du bigarren zatia, eta Yerayk gola egiteko aukera izan du buruz egindako erremate batean. Baloia kanpora joan da, ordea. Rangersek gora egin beharra zuen, eta hala egin du. 58. minutuan susto ederra hartu dite zale zuri-gorriek. Izan ere, eskoziarrek zutoinera bidali dute baloia. Raskinek egin du. Baloia kornerrera joan da baina hura atera bitarteko segundoak luze egin dira, Raskinen errematea baino lehen Yerayk baloia eskuarekin jo ote zuen begiratzen aritu baitira VARean. Azkenean epaileak ez du penaltia adierazi. Ekinean jarraitu du Rangersek. Barry Ferguson teknikariak erdiko atzelari bat kendu du, eta bi aurrelarirekin jokatzen hasi da. Eskoziarrak bi edo hiru aldiz gerturatu dira  Agirrezabalaren atera. Aukera argiena Cernyrena izan da, baina Agirrezabalak bigarren ahaleginean geratu du baloia. Athletic une zailak pasatzen ari zen. 

Partida oso irekita zegoen. Zuri-gorriei ez zitzaion hori komeni, baizik eta kontrolatuagoa izatea. Hori lortu asmoz, Valverdek Beñat Prados zelairatu du. Hortik aurrera zuri-gorriek gehiago izan dute baloia oinetan, eta maizago jokatu dute Rangersen zelaian. Hala, 80 minutuan erabakita utzi du Athleticek kanporaketa, bigarren gola sartu baitu. Iñigo Lekuek baloi on bat berreskuratu du, eta jokaldi on baten ostean baloia De Marcosi iritsi zaio. Hegalekoak erdiraketa bikaina egin du bigarren zutoinera, eta atzetik indartsu etorrita sareetara bidali du baloia buruz Nico Williamsek. Horri esker, zaleek lasai igaro ahal izan dituzte neurketako azken 10 minutuak, garaipena ospatuz, eta bihar hasiko dituzten oporretan pentsatuz.

Athletic-Rangers

Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Yeray, Lekue; Galarreta (Prados, 73. min), Jauregizar; Berenguer (Vesga, 86. min), Sancet (Unai Gomez, 82. min.), Nico Williams (Djalo, 86. min.);  eta Maroan (Guruzeta, 74. min.).

Rangers: Kelly; Tavernier, Souttar, Balogun (Igamane, 49. min.); Ridvan Yilmaz (Barron, 23. min), Raskin, Diomande (Bajrami, 84. min.), Jefte; Cerny (Danilo Pereira, 84. min.), Ianis Hagi (Nsiala, 46. min.) eta Dessers.

Golak: 1-0: Sancetek (p) (48. min).  2-0: Nico Williamsek (80. min)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.