Athleticek San Mamesen borrokatu beharko du Europa Ligako finalerdietan sartzeko, Glasgow Rangersen zelaian 0-0 berdindu ostean. Emaitza ez da txarra, Katedrala infernu bihurtuko baita astebete barru, eta zaleek hauspotuta nekez huts egiten dute zuri-gorriek. Baina gaurko emaitza hobea izan zitekeen. Ernesto Valverderen taldea jokalari bat gehiagorekin aritu da 12. minututik. Zuri-gorriek jokoaren ekimena izan dute, baina lehen zatian ez dute asmatu nagusitasun hori markagailuan islatzen. Bigarrenean, berriz, ondoen zeudenean penalti bat huts egin dute, eta azken txanpan ezin izan diote jarraipena eman jokoari.
Lehen minutuak parekatuak izan dira, eta Maroanek izan du neurketako lehen abagunea. Baina haren errematea kanpora joan da, 10. minutuan. Aurrelariak ez du ikusi Sancet bakarrik zegoela. Segidan, 12. minutuan, Sancetek berak pase sakon ona egin dio Iñaki Wiliiamsi. Anaietan zaharrena bizkor ibili da, eta, bakarrik ez geratzeko, Propperek zangotrabatu egin du arearen arrastoan. Epaileak txartel horia atera dio hasieran, baina esan diote VARean ikustera joateko, eta, azkenean, txartel gorria erakutsi dio, azken atzelaria zenez gero.
Zuri-gorriek ia partida osoa zuten aurrean, eta jokalari bat gehiago. Hortik aurrera, Valverderen taldeak izan du jokoaren ekimena, baita baloia ere. Baina argitasuna falta izan zaio nagusitasun hori aukera bihurtzeko. Batzuetan, presaka aritu dira, eta, beste batzuetan, ez dute asmatu azken pasean.
Etxekoak, aldiz, baloi luzeen bidez ahalegindu dira Agirrezabalaren atera gerturatzen, eta 23. minutuan aukera izan dute gola sartzeko. Athleticeko atzelariak ez dira fin ibili baloia aldentzen, area ertzera iritsi da, eta Desserek buelta erdian egindako errematea gutxigatik joan da kanpora. Iñaki Williamsek erantzun du hiru minutu geroago. Bigarren zutoinean zegoen, bakarrik, baina oinaren barnealdearekin egin duen erremateak Rangerseko atzelari bat jo du.
Azken 15 minutuak joan-etorrikoak izan dira. Athleticek gora egiten jarraitu du. Baina etxekoak ondo jarrita egon dira zelaian. Sendo eutsi diote atzean. Gainera, ahal zuten guztietan ausart atera dira erasora Desserrekin eta Hagirekin. Dena den, azken txanpa horretan, zuri-gorrienak izan dira aukerarik argienak. 41. minutuan, Kelly atezainak ondo atera du eskua Maroanen erremate batean, eta, 44. minutuan, Jauregizarrek pase bikaina egin dio Nico Williamsi. Baina haren errematea gora joan da. Hala, 0-0 amaitu zen lehen zatia.
Penaltiz ere ezin
Bigarren zatian ere agintzen hasi da Athletic. Horren seinale, lehen bost minutuetan hiru korner atera ditu. Baina ez du aukera argirik sortu. Pazientzia izan behar zuen, Rangersek oso juntu baitzituen lerroak, eta eroso zegoen hala. Valverderen taldea eskuin hegaletik saiatu da min egiten, Iñaki Williamsen eta Oscar de Marcosen bidez. Gutxiago agertu da Nico Williams ezkerraldetik. Minutuak aurrera joan ahala, etxekoei gehiago kostatu zaie atzetik ateratzea, eta horrek eragotzi egin die arnasa apur bat hartzea. Ondorioz, antzematen hasi dira bat gutxiagorekin ari zirela. Athletic aurrea hartzear egon da 58. minutuan. De Marcosek erdiraketa bikaina egin du, Maroan ondo iritsi da lehen zutoinera, baina kanpora errematatu du.
Handik gutxira, Ricek min hartu du, eta jokoa zortzi bat minutuz egon da etenda. Valverdek Prados, Guruzeta eta Berenguer zelairatu ditu, eta 77. minutuan izan da norgehiagokako bigarren jokaldi erabakigarria. Berenguerrek gola sartu du, eta hasieran bazirudien ez zuela ontzat emango, nafarra jokoz kanpo zegoelakoan. Baina VARetik deitu diote berriz ere: Berenguerrek pasea jaso aurretik, Tavernierrek eskuarekin jo du baloia. Pantailan begiratu ostean, epaileak penaltia adierazi du. Berenguerrek berak jaurti du, baina Kelly atezainak atera dio baloia, hankarekin. Kolpea izan da hori zuri-gorrientzat, eta azken txanpan ezin izan diote segida eman bigarren zatiko lehen 20 minutuetan egindako lanari. Azkenerako, eskoziarrek Athleticen zelaian amaitu dute partida.
Rangers-Athletic
Rangers: Kelly; Sterling, Propper, Balogun; Tavernier, Rice (Barron, 68 min.), Raskin, Ridvan Yilmaz (Jefte, 68. min.); Cerny (Bajrami, 95. min.), Hagi (Maccausland, 95. min.) eta Dessers (Hanza Higamane, 85. min.).
Athletic: Agirrezabala; De Marcos (Gorosabel, 93. min), Vivian, Yeray, Lekue; Jauregizar, Galarreta (Prados, 62. min.); Iñaki Williams, Sancet (Berenguer, 74. min.), Nico Williams eta Sannadi (Guruzeta, 62. min).