Athletic 2-0 Alaves

Athletic sailkatu da final-laurdenetarako

Talde zuri-gorriak 2-0 hartu du mendean Alaves San Mamesen. Arabako taldeak neurketa txukuna egin du, baina Villaibreren bi golek erabaki dute kanporaketa.

(ID_13505059) ESPAÑA FÚTBOL COPA DEL REY
Athleticeko jokalariak Villalibrek sartutako lehen gola ospatzen. MIGUEL TOÑA / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko urtarrilaren 16a
23:05
Entzun

Jakina zen bi euskal talde izango direla Espainiako Kopako final-laurdenetan. Horietako bat Athletic izango da. Talde zuri-gorriak 2-0 hartu du mendean Alaves. Arabarrek ondo ekin diete bi zatiei. Baina ez dituzte baliatu minutu horietan izan dituzten aukerak; bai, ordea, Athleticek. Zehazki, Villalibrek. Harenak izan dira partidako bi golak. Azken sasoietan ez bezala, aurkariaren ate aurrean eraginkor ari da talde zuri-gorria, eta beste behin erakutsi du. Ligan ez ezik, Espainiako Kopan ere esne mamitan dago. Alavesek, berriz, Ligan jarriko du arreta osoa hemendik aurrera, mailari eustea helburu duela. 

Hasiera bizia izan du partidak. Bi taldeak aurkariaren atera begira irten dira. Athleticek ohiko presio estua egin du aurkariaren baloi irteeran eta zelai erdian. Hala, Oihan Sancetek egindako erdiraketa bat txilenaz errematatu du Berenguerrek, eta gutxigatik joan da kanpora. Baina argiagoa izan da Alavesek bosgarren minutuan izan duena. Antonio Blancok pase ona eman dio Hagiri. eta haren eskuinkadari bikain erantzun dio Agirrezabalak.

Alaves ondo zegoen jarrita zelaian, eta partida hasiera horretan, behintzat, ondo eutsi dio Athletici. Eta saiatu da erasora jotzen, aukera zuenean. Zelai erdian argitasuna falta izan du talde zuri-gorriak lehen minutu horietan. Ruiz de Galarretaren falta nabaritu du. Euskarria ez zegoen deialdian, Realaren aurkako derbian kolpe bat hartu ostean. Baina minutuak aurrera joan ahala Athleticek gehiago jokatu du Alavesen zelaian, eta 28 minutuan, gola egin dul. Arabarrek akatsa egin dute baloi irteeran. Baloia Villalibreri iritsi zaio, eta hark jaurtiketa gogorra egin du Sivera atezaina kokatua zegoen zutoinera. Boloia sareetara joan da.

Aurretik jartzeak patxada eman dio Athletici, eta pixkanaka nagusituz joan da. Zuri-gorriek izan dute partidaren aginte makila, eta, Nico Williams aulkian egonda, hegaletik baino gehiago, erditik saiatu da min egiten, lerro artean Sancet sartuz. Ahalegin horietako batean, Sancetek berak pase sakon bikaina eman dio Berenguerri. Nafarra Siveraren aurrean geratu da bakarrik, baina ez du ondo errematatu. Lehen zatia amaitu bitarte beste pare bat aukera ere izan ditu aldea handitzeko talde zuri-gorriak. Baina Sancetek eta Muniainek ez dute asmatu. 

Berriz Villalibrek

Lehen zatian bezala, bigarrenean ere ondo hasi da Alaves, eta gertu izan du berdinketa. Solak erdiraketa ona jarri du, eta gutxigatik ez da iritsi Omorodion. Beste aukera Xaber Alkainek eduki du. Kasu honetan, gelditu ona egin du Agirrezabalak. Baina berriro Villalibre azaldu da. Berengurrek eta De Marcosek horma bikoa egin dute. Azken horrek erdiraketa neurtua egin du, eta bigarren zutoinean buruz egin du gola gernikarrak. Kopako goleatzaile nagusia da, sei sartu baititu.

60. minutua zen, eta, azken pare bat hilabeteko distirarekin jokatu ez arren, Athleticek ondo bideratua zuen kanporaketa. Alavesek pare bat gerturatze izan ditu, baina, hortik aurrera, partidak erritmoa galdu du. Athleticek kontrolpean izan du. Valverdek Unai Gomez, Adu Ares eta Mikel Jauregizar gazteak zelairatu ditu, eta festa betea izan da San Mamesen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.