Athletic otso izango da egun batez Sestaon

Derbia jokatuko dute gaur, Espainiako Kopako bigarren kanporaketan. Portugalete Betisen aurka ariko da etxean, ezustea emateko asmoz

Gaizka Larrazabal Intercityren aurkako lehen kanporaketako partidan. MORELL / EFE.
haritz gallastegi
2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Athleticeko jarraitzaileek ia lau hamarkada daramate gabarrarekin amets egiten. Egun, Espainiako Kopa da taldea ibaian gora ikusteko bide ia bakarra, eta horiere ez da batere samurra. Bada, azken hamarkadan hiru aldiz gertu izan duen balentria egunen batean gauzatzen bada, Sestaoko herritar gehienek egingo diote ongietorria erreka bazterretik. Baina, behingoagatik ametsa urtebete atzeratzeko deseatzen egongo dira Riverreko zaleak. Izan ere, gaur talde zuri-gorriak bisitatuko du Las Llanas. Eta garaipena berdez eta beltzez jantzita doazenek lortzea gurako dute.

Las Llanas zaharra bete egingo da. Sestao tradizio handiko taldea da euskal futbolean. Bere sasoirik onenean, Bigarren Mailan txukun aritu zen. Aurreko mendeko kontuak dira horiek, ordea. Egun,Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailara igotzeko lehian dago murgilduta. Baina, hala ere, ez da maila horretako ohiko taldea. Etxean zein kanpoan jarraitzaile asko batzen dituen taldea da. Haietako askok erdibitua izango dute bihotza. Asko, Riverreko zale izateaz gain, hamabostean behin San Mamesera joaten baitira. Horientzat, neurketa arraroa izango da.

Athleticentzat ere ez da norgehiagoka erraza. Zuri-gorriek galtzeko asko dute, eta irabazteko gutxi. Aurrera eginez gero logika beteko litzateke. Galduz gero, berriz, kolpe itzela izango litzateke, Lezamarako balio ez duten futbolari askorekin osatutako talde apalaren kontra kale egiteak. Taldeari min handia egingo lioke. Horregatik, Gaizka Garitanok buru-belarri prestatu du partida. Ligako beste edozein lehiak eskatzen duen seriotasunarekin entrenatu da taldea. Asteburuan jokatzeak lagundu du horretarako. Gainera, entrenatzaileak ez du premiarik izango jokalariak gordetzeko. Athleticentzat mesede eta Sestaorentzat kalte. Zuri-gorriek denbora luzez min hartutako bi jokalari berreskura ditzakete gaur: Muniain eta Aduriz. Gaur egingo du deialdia Garitanok.

Kopan elkarren aurka lehiatzen diren laugarren aldia izango da. Aurreko hiruretan, zuri-gorriek irabazi dute. Dena den, Sestaoko jokalariek ez dute baztertzen ezustea ematea, lehen itzulian Lugoren kontra egin zuten bezala. Izan ere, ametsa luzatu nahi dute.

Portugaleten ere betekada

Bizkaiko klub batentzat, Athleticen kontra jokatzea baino gauza ederragorik ez dago. Baina Portugaletek Betisen kontra jokatuko duen kanporaketak ere asko emango dio ezkerraldeko herriari. Sestaon gertatzen den legez, Portugaleten ere futbol afizio handia dago. Klubak 900 bazkide ditu. Hirugarren Mailako partidetan giro bikaina egoten da. Gaur, 5.000 lagun elkartuko dira, sarrera guztiak berehala saldu baitziren.

Betis bere jokalari onenekin ariko da: Borja Iglesias, Joaquin, Canales, Fekir... Baina lanak zail jartzen ahaleginduko da Portugalete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.