Ostegunean Glasgowko Rangers taldearen itzuliko partidari aurre egiteko pizgarria lortu du bart Athleticek San Mamesen. Rayo Vallecano taldearen kontrako partidan galtzen joan arren, emaitza iraultzea lortu dute zuri-gorriek.
Talde freskoa zuela hasi zuen partida Valverde entrenatzaileak. Izan ere, Europako partidari begira, jokalari nagusiak gorde egin zituen, atsedena emateko: Eskozian arituriko taldean bederatzi jokalari aldatu zituen.
Horrek eragina izan zuen partidan. Izan ere, Rayo kontraerasoan aritu zen hasieratik. Lehenengo arrisku egoera Alvaro Garciak sortu zuen, 26. segundoan, baina jokoz kanpo.
Alvaroren erasoaldi horietako batean heldu zen lehenengo gola. Athleticen defentsaren huts batez baliatu zen jaurtiketa bat egiteko, eta baloia kanpora bidali bazuen ere, penaltiarekin zigortu zuten Athletic, Vivianenek egin zion sarrerarengatik. Bideoa ikusi ostean erabaki zuten epaileek.
Pedro Garciak jaurti zuen penaltia, eta Unai Simon atezainak harrapatu egin zuen baloia, baina Athleticeko defentsa ez zen gai izan berreskuratzeko, eta Pathe Cissek jaso eta atean sartu zuen. Eztabaida piztu zuen jokaldian, Cissek burua eta soina arearen barruan zituelako Garciak penaltia jaurti zuenean, baina ez oinak, epaileen arabera.
0-1eko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira, eta Valverdek erabakia hartu zuen, taldearen ahuleziaz jabetuta. Sancet eta Sannadi zelairatu zituen, eta erabaki zuzena izan zela erakutsi zuen bigarren zatiak.
Izan ere, Pacha Espinok heldu egin zion Sannadiri azken hori arean sartu zenean. Sancetek ez zuen huts egin penaltian, eta partida berdindu egin zuen. Ikusmina zegoen, lehoiek sasoi honetan kale egin baitute zazpi penalti jaurtiketatik bostetan.
Valverdek gehiago nahi zuen, ordea, eta Williams anaiak eta Galarreta jarri zituen zelaian, partidak aurrera egin ahala.
Nico Williamsek jarri zuen Athletic aurretik, ezkerrarekin eginiko jaurtiketa ikusgarri batekin. Eta azken gola Sanceten sartu zuen luzapenean.
Beraz, susperraldia izan dute lehoiek ostegunari begira. Baina, horrez gain, indartu egin dute ligan duen laugarren postua, eta hurbilago dute Txapeldunen Liga. Hiru puntu baino ez dituzte behar Atletico Madril harrapatzeko hirugarren postuan.