Eneko Boveda. Eibarreko jokalaria

«Athletic Kopan kanporatzea izan zen Eibar on honen mugarria»

Haurra zenetik Lezaman ibili zen Boveda, eta heldu zen Athleticeko lehen taldean jokatzera ere. Baina han etorkizunik ez, eta Eibar azaldu zitzaion bidera. Laugarren sasoia du taldean.

Aitor Manterola Garate.
Eibar
2014ko irailaren 27a
00:00
Entzun
«Gaurkoa ez da berezia izango. Beste partida bat gehiago da». Eneko Boveda ari da hizketan (Bilbo, 1988), Lezaman hainbat urtetan aritutako jokalaria. Horixe barneratu die Gaizka Garitanok, Eibarreko entrenatzaileak, jokalari guztiei: partidaz partida joatea. Norgehiagoka guztiak dira garrantzitsuak. Osatu da Boveda lesio txiki batetik, eta hain kutuna duen zelaian aritzeko aukera izango du gaur: San Mamesen.

Askotan joana izango zara San Mamesera, ezta?

Bai, bai. Lehen gehiago, eta orain noizbehinka.

Gogoan al duzu noiz joan zinen aurrenekoz?

Ez. Lezaman oso gazterik sartu nintzen, eta jokalari bakoitzari San Mamesen sartzeko txartela oparitzen ziguten. Haurren mailan nengoela, ohitura hartu nuen joateko.

Zu bezalako haur batentzat zer zen Athletic bertatik bertara ikusteko aukera izatea?

Miresten nituen jokalariak ikustea.

Bazenuen jokalari bat gustukoena?

Joseba Etxeberria zegoen urterik onenetan, eta ziurrenik hari erreparatuko nion gehien.

Beste taldeetako jokalarien artean zein gustatzen zitzaizun gehien?

Ez naiz ondo oroitzen, baina Zidane, Xevtxenko...

Haur hura, San Mamesera joaten zen hura, Athleticen barruan gero eta gehiago haziz joan zen, eta, halako batean, lehen taldera ere heldu zen.

Inoiz ez nuen eduki helburu gisa Athleticen lehen taldera heltzea, baina helburu txikiak gauzatuz joan nintzen, eta bigarren taldean egonda ikusi nuen lehen taldean egoteko aukera benetakoa zela. Lortu nuen hori, eta oso esperientzia polita izan zen. Denboraldi eta erdi igaro nuen haiekin entrenatzen, baina inoiz ez nuen eduki lehen taldeko fitxa. Bigarren taldean eta lehen taldean jokatzen nuen.

Zer da harrobiko jokalari batentzat lehen taldearekin aritzea?

Beste mugarri handi bat jokalari baten ibilbidean. Oso aberasgarria izan zen egunero eliteko jokalariekin entrenatzea.

Lehen taldearekin aritu zinenean, pentsatu zenuen betirako geratuko zinela han?

Entrenamenduetan ibilita, helburua nuen hamaikakoetan eta deialdietan lekua egitea. Nire leku berean Iraolak jokatzen zuen, eta oso ondo zebilen. Entrenatzaileak beti jartzen zuen hura, eta inoiz ez nuen ikusi lehen taldean geratzeko aukera izango nuenik, oso aukera gutxi izan nituelako jokatzeko.

Hortaz, burua hasi zitzaizun lanean Athleticetik atera egin beharko zenuela noizbait?

Momentu bakoitzean entrenatzaileak esaten dizunaren araberakoa da hori. Hasieran, deialdietan sartzen nintzen noizbehinka, baina, gero, ikusi nuen ez zuela fede handirik nigan. Beste jokalari batzuen alde egin zuen orduan, eta orduan hasi nintzen pentsatzen nire lekua ez zegoela Athleticen.

Horretan zinela, Eibar azaldu zitzaizun bidera.

Athleticeko azken denboraldian, Joaquin Caparrosek ez ninduen aintzat hartzen, eta bigarren taldean egin nuen denboraldi oso-osoa. Hirugarren urtea nuen bigarren taldean. Gero, Eibar azaldu zen, eta aurrerapausoa izan zen, Bigarren B Mailako talde indartsua zelako.

Asmatu zenuen, bai, aurrerapauso itzela izan da eta.

Bai, hori da. Ordutik hona, eman ditudan guztiak izan dira aurreranzko pausoak. Talde indartsu horretan egonkortu nintzen Bigarren B Mailan; gero, ondo aritu nintzen Bigarren Mailara igota, eta orain aukera daukat Lehen Mailan lehiatzeko gai ote naizen erakusteko.

Mailaz bi aldiz igotzeko uneak aparte lagata, San Mamesen Athleticen kontra Kopako kanporaketa hartan jokatzea izan zen Eibarren zaudenetik izan duzun unerik bereziena?

San Mameseko hura izan zen Eibarren aldi zoragarri honetako lehen mugarria.

Zer sentitu zenuen San Mamesen jokatuta eta Athletic aurkari izanda?

Jende ezagunaren aurka jokatu genuen, eta nire inguruko jendeak berezia zela esaten zidan. Baina beste bat gehiago izan zen partida hura.

Gaurkoa ere bat gehiago izango da?

Bai. Astea antzera planteatu dugu. Unean uneko partida da garrantzitsuena; hori oso garbi dauka entrenatzaileak. Athleticen aurkakoak garrantzia izango du jokatu arte, eta, gero, hurrengo partida izango da garrantzitsuena.

Eibarrek Athleticek baino lau puntu gehiago ditu. Nork esango zuen...

Ezustea da Athleticen hasiera hau, baina hasi baino ez gara egin oraindik. Guk gurea egin behar dugu, eta itxura ona ari gara ematen orain artean. Ez diogu begiratzen beste taldeak zertan ari diren, nahikoa lan badugu-eta gurearekin.

Nolako partida izango da?

Lehiakortasuna eta erritmo bizia dira bi taldeen ezaugarri nagusiak. Oso bizia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.