Saria lortuta itzuli da Athletic Metropolitano futbol zelaitik. 0-1 hartu du mendean Atletico Madril, Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partidan. Penaltiz sartu du gola Berenguerrek, eta urrezko alde murritzarekin iritsiko da Athletic itzuliko partidara. Hilaren 29an izango da partida hori, eta, ezbeharrik ezean, ordurako jokatzeko prest egongo da Nico Williams.
Lehen zatiak hasiera geldoa izan du. Athletici erritmo bizian jokatzea gustatzen zaio, hegaletatik sakonean jokatuz eta horietatik area bilatuz. Diego Cholo Simeone, baina, zakur zaharra da, eta bizkaitarrei ez die utzi haien erritmoan jokatzen. Askoz lasaiago jokatu ohi du Madrilgo taldeak. Azken urteetan baino gehiago mimatzen du baloia, eta pixkanaka lantzen ditu jokaldiak. Hala ahalegindu dira etxekoak hasieran, baina bilbotarrak lehen aukeran aurreratu dira. Reinildok huts galanta egin du, areako marran Beñat Pradosi sarrera gogor bat eginda, eta epaileak penaltia adierazi du. Berenguerrek hartu du ardura, eta Oblak engainatuta sartu du neurketako gol bakarra.
Lehen zatia zelai erdian jokatu da gehienbat. Nor baino nor gehiago aritu dira bi taldeetako erdilariak, eta aukera gutxi izan dute bi taldeek golik sartzeko. Bakarra izan du etxeko taldeak. Julen Agirrezabalak huts galanta egin du: eskuetatik ihes egin dio baloiak, eta Memphis Depayk gertu izan du gola. Baina Aitor Paredes bizkor gurutzatu da gola eragozteko.
Golaren bila irten da Simeoneren taldea bigarren zatian, eta hegaletatik ahalegindu da gehienbat. Samu Linoren oinetatik abiatu dira aukera arriskutsuenak, eta bilbotarren atzeko lerroak zailtasunak izan ditu brasildarra gelditzeko. Hegalekoak gertu izan du gola buruz buruko jokaldi batean; kanpora bidali du errematea.
Berehala egin dituzte aldaketak Simeonek eta Valverdek. Lehenengoak, gola sartzeko asmoz, eta bigarrenak, zelai erdia indartzeko intentzioarekin. Lehia handia izan dute jokaldi bakoitzean baloia bereganatzeko, eta zaleen bultzadak ere nabarmen egin du gora. Athleticek bigarrena sartzeko aukera izan du, baina Villalibrek kanpora bidali du atezainaren aldaratzea.
Atletico Madril indartu egin da aldaketekin, eta berdintzeko aukerak izan ditu, baina ez du asmatu. Azken orduan epaileak penaltia adierazi du etxekoen alde, baina VAR-ak baliorik gabe utzi du, Morata jokoz kanpo baitzegoen. San Mamesen erabakiko da kanporaketa, baina zaleen aupada eta markagailua alde izango ditu Athleticek.
Lezaman aurreratu egin da festa
Gizonezkoen neurketa hastearekin batera piztu da festa Lezaman. Orduantxe lortu baitu Athleticen emakumezkoen taldeak Espainiako Kopako finalerdietara sailkatzea, penaltietan. Zuri-gorriak aurreratu dira markagailuan, Ane Elexpururen gol bati esker, baina Tenerifek berehala berdindu du partida.
Handik aurrera hobeto aritu dira bisitariak, eta abagune andana izan dute bigarrena sartzeko. Baina Adriana Nanclares azti ibili da atepean, eta gelditu ikusgarriekin mantendu du zuri-gorrien itxaropena. Luzapena eta penaltiak behar izan ditu partidak, eta hantxe agertu da Nanclares, berriro. Hiru penalti gelditu ditu, eta finalerdietarako sailkatu ditu bizkaitarrak.
Aukera askoko lehen zatia ikusi dute Lezamara joandako zaleek. Tenerifek eman du lehen abisua, bigarren minutuan, baina Athletic aurreratu da markagailuan, hamargarrenean. Eskuin hegaletik pase bikaina jaso du sakonean Elexpuruk. Area barruan sartu denean, ez da urduritu, eta ederki amaitu du jokaldia.
Hala ere, hamar minutu eskas iraun die poztasunak zuri-gorriei, gola sartu eta hamar minutura banakoa egin baitu Kanarietako taldeak. Korner batean, Tenerifek etekina atera dio landutako jokaldi bati. Natalia Ramosek erdiraketa ederra egin du, eta Patri Gavirak, atzelari guztiei aurrea hartuta, buruz bidali du baloia sareetara.
Okerragoa ere izan zitekeen; hurrengo minutuan gertu izan baitute bisitariek bigarrena. Nanclaresek geldiketa ikusgarri bat egin behar izan du, eta, baloiak langa jo ondoren, atepean hartu du baloia Realeko atezain ohiak.
Lehen zatiaren bigarren erdian beste bizpahiru aukera garbi izan dituzte bi taldeek markagailuan aurreratzeko, baina Athleticeko aurrelariek izan ez duten abilezia erakutsi du Nanclaresek atepean.
Bigarren zatian Tenerifek inposatu du neurketaren erritmoa. Mina egin dute Koko eta Babajide hegaleko bizkorrek. Protagonista nagusia, baina, Nanclares izan da. Tenerifeko jokalarien saiakera bakoitza ezerezean utzi du Miranda Ebroko atezainak.
Hala ere, lehen zatian baino aukera gutxiago izan dituzte bisitariek, eta Athleticek ontzat eman du luzapena. Handik aurrera, erabat aldatu da gidoia. Athleticek baloiaren jabetza bereganatu du, eta baloiarekin ahalegindu da min egiten.
Halere, indar gutxirekin iritsi dira bi taldeak luzapenera. Zuri-gorriek ez dute aukera garbirik eduki, eta Tenerife indarrik gabe gelditu da kontraerasoan min egiteko. Itxaso Uriartek txartel gorria ikusi du, baina, jokalari bat gutxiagorekin, etxeko taldeak ondo eutsi dio markagailuari.
Penaltietan partidako protagonista nagusia gailendu da. Hiru penalti gelditu ditu Nanclaresek, eta Athletic finalerdietarako sailkatu da horrela. Datorren ostiralean jakingo du zein izango duen aurkari.