Hegaka dabil Athletic Europan. Sei urtetik gora baziren kontinente zaharreko lehiaketa batean parte hartzen ez zuela, eta ez da alferrik itzuli. Europa ligako bosgarren jardunaldian Elfsborgi eroso irabazi ondoren, sailkapen nagusiaren goiko muturrean kokatu baitira zuri-gorriak, hamahiru punturekin. Ernesto Valverdek ohartarazia zuen partida garrantzitsua zela zinez, irabazteak saria berarekin zekarrelako: lehen zortzietan sailkatzeko urrats garrantzitsua egitea, alegia. Bada, bide horretan, pauso handia eman du taldeak. Hasi eta buka, hankapean izan du Suediako taldea, eta lehen zatian bertan bideratu ditu lanak, Adama Boirok eta Pradosek sartutako golei esker. Hortik aurrera, beste patxada batekin jokatu du taldeak, eta bigarren zatian Guruzetak biribildu du festa. Hala, lehen fase luzea amaitzeko hiru jardunaldi falta direla, etxeko lanak ongi aurreratuak ditu Athleticek.
Hasierako hamaikakoan aldaketa gehiago egon zitezkeela aurreikusi arren, Valverdek ohiko jokalarien alde egin du. Izan da berritasun nabarmen bat: Unai Simonena. Lau hilabetez min hartuta egon ondoren, denboraldiko lehen minutuak jokatu ditu atezainak. Ez du batere lanik izan, ordea. Lehen minututik bertatik bistaratu da talde bakoitzaren plana: Athleticek, etxean jokatzen duen partida guztietan bezala, baloia oinetan izan eta erasora jokatzea izan du xede; Elfsborgek, berriz, atzean bosteko lerroa eraiki eta defentsan aritzera mugatu du bere jokoa. Suediako taldeak ongi itxi ditu espazioak atzean, baina Athleticek estrategia jokaldi batean egin du 1-0ekoa. Bosgarren minutuan, Nico Williamsek kornerra atera, Guruzetak baloia penalti puntura bideratu eta Adama Boirok sartu du gola, ezker oinarekin. Atzelariaren lehen gola izan da Athleticekin.
Golak ez du lehiaren gidoirik batere aldatu, eta bere horretan jarraitu dute bi taldeek. Patxada eta pazientzia izan ditu bidelagun Athleticek, eta Valverdek hala aginduta, bi hegaletatik iritsi da aurkariaren ate ingurura. Nico Williamsek bereak eta bi egin ditu ezkerretik, eta haren oinetatik iritsi da bigarren gola. Bi anaietan gazteenak jokaldi aparta osatu du, futbolean oso jokalari gutxiren esku dagoen jokaldia, eta haren erdiraketari errematea jarri dio Pradosek, atzetik aurrera bikain eginda, buruz, 24. minutuan. Bi golez atzetik joan arren, Elsfborgek ez du gaitasunik izan Unai Simonengana arrimatzeko ere. Defentsako alorrean ederki jardun dute Pradosek berak eta Galarretak zelai erdian.
Aldaketak, inoizko goizen
Bigarren zatiari begira, intentsitate eta elektrizitatearekin zelairatu da berriro Athletic, partida ahalik eta lasterren erabakita uzteko helburuarekin. Pentsatu eta egin. Adama Boirok bikain eraman du baloia bularrarekin, aparteko jauzia eginda, eta hark jarritako erdiraketa maisuki bideratu du sareetara Guruzetak, 52. minutuan. Yurik azken orduan utzitako hutsunea ederki bete du Adamak, bikain erantzun baitio Valverderen konfiantzari. Behin 3-0ekoa eginda eta neurketa amaitzeko minutu asko falta arren, aldaketak egin ditu entrenatzaileak, batez ere jokalari garrantzitsuenei atsedena emateko asmoz.
Hurrenez hurren, Iñaki Williams, Galarreta, Sancet eta Nico Williams kendu ditu 52. eta 56. minutuetan, eta beste lau jokalari zelairatu ditu: Berenguer, Ander Herrera, Nico Serrano eta Unai Gomez. Azken lau jokalari horiek taldean aritzeko gai direla erakusteko baliatu dute jokatutako denbora, baina partidak ez du askoz gehiagorako eman. Heldu eta sendo eutsi dio aldeari Valverderen taldeak. Nahierara izan dute lehia kontrolpean zuri-gorriek, eta eskertuko dute, maratoi moduko bati aurre egin beharko baitiote datozen hiru asteetan. Hasteko, Rayo Vallecano bisitatuko dute igandean.
ATHLETIC-ELFSBORG
Athletic. Unai Simon; Gorosabel, Vivian, Paredes, Adama (Lekue, 75. min); Prados, Galarreta (Herrera, 57. min); Williams (Berenguer, 56. min), Sancet (Unai Gomez, 63. min), Nico Williams (Nico Serrano, 63. min); eta Guruzeta.
Elfsborg. Petterson; Holmen, Ibrahim (Ouma, 46. min), Henriksson; Hedlund, Besfort Zeneli (Holten, 72. min), Baldursson, Hult; Qasem (Kaib, 72. min), Baidoo (Yegbe, 72. min) eta Arber Zeneli (Rapp, 46. min).
Golak. 1-0. Adamak (6. min). 2-0. Pradosek (24. min). 3-0. Guruzetak (53. min).