FUTBOLA

Athletic ez da lortutakoarekin konformatuko

Denboraldirako ezarritako helburuak bete dituztela azpimarratu dute Jon Uriarte Athleticeko presidenteak eta Mikel Gonzalez kirol zuzendariak. Halere, garbi utzi dute «erronka handiak» dituztela.

Jon Uriarte Athleticeko presidentea eta Mikel Gonzalez kirol zuzendaria. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jon Uriarte Athleticeko presidentea eta Mikel Gonzalez kirol zuzendaria, gaur San Mamesen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko ekainaren 20a
13:17
Entzun

«Urte bikaina izan dugu, eta, orain, gehiago nahi dugu», horrela laburtu du Jon Uriarte Athleticeko presidenteak denboraldia. Gaur goizean eman dute 2023-2024ko denboraldiko balantzearen berri Uriartek berak eta Mikel Gonzalez kirol zuzendariak. Bai gizonezkoen taldeak eta bai emakumezkoenak helburuak bete dituztela baieztatu du presidenteak: «Gizonezkoen lehen taldearen helburua Europarako sailkatzea zen, eta lortu dugu. Azken jardunaldira arte Txapeldunen Ligarako borrokan ibilita, gainera». Bestalde, emakumezkoen taldearen helburua ligako lehen zortzi postuetan sailkatzea zen, eta bosgarren lekuan amaitu dute: «Helburuak aise bete ditugu».

Halere, Athleticeko presidenteak garbi utzi nahi izan du ez direla konformatuko lortutakoarekin eta «erronka handiak» dituztela aurrean. Gizonezkoek Espainiako Kopan lortutako garaipenak aurrerapauso bat ematen lagunduko diela uste du: «Gabarra lasaigarri izan da, eta orain, berriz, pizgarri». Eta «arrakasta kudeatu» beharraz ere aritu da.  Horretarako, «exijentzia, etengabeko hobekuntza eta batasuna» izango dituzte ardatz.

Presidenteak esker hitzak izan ditu zaleentzat eta Athletic osatzen duten kide guztientzat; «ezin baita exijentziaz hitz egin eskerrak eman gabe». Ernesto Valverderen lana «kritikoa» izan dela esan du: «Zituen baliabideei onena atera die». Eta taldea utzi duten jokalariak ere ez ditu ahaztu: Iker Muniain, Raul Garcia, Dani Garcia, Garazi Murua, Eunate Arraiza eta Yulema Corres.

Mikel Gonzalez kirol zuzendariak datu zehatzagoak izan ditu hizpide. Uriartek euskaraz hasi du agerraldia, baina Gonzalez gaztelera hutsean mintzatu da. Otsailean egin zuten ordura arteko balorazioa. Taldea bide onetik zihoala azaldu zuten, eta, azkenean, lortu dituzte zehaztutako asmoak. Horretarako, bi taldeek jokoan egindako hobekuntzak garrantzitsuak izan dira Gonzalezentzat. Gizonezkoek erasoan hobetu dutela azaldu du: «Ez dugu gehiago eraso egin, hobeto baizik». Eta emakumeen bilakabidea goraipatu du: «Trantsizio denboraldi batetik gentozen, talde oso gaztearekin. Hamargarren ginen, eta orain bosgarren geratu gara, baita Espainiako Kopako finalerdiak jokatu ere». Bi taldeek etxeko partidetan erakutsi duten «sendotasuna» nabarmendu dute Uriartek eta Gonzalezek.

Berritzeak eta berrikuntzak

Denboraldia hasterako egindako fitxaketak ere mintzagai izan zituen Gonzalezek. Horien artean, batez ere, Maddi Torre nabarmendu da: «Lehen Mailan minutu guztiak jokatu dituen bakarra da. Atezainik ere ez dago hori egin duenik». Bestalde, berritzez ere aritu zen. Gizonezkoen taldean, hamahiru jokalari berritu dituzte, oraingoz; eta emakumezkoetan, lau. Halere, gehiago egiteko lanean ari direla baieztatu zuen kirol zuzendariak. Ernesto Valverde eta David Aznar entrenatzaileek ere Athleticen jarraituko dute 2024-2025eko denboraldian.

Kazetariek Alex Berengerri buruz galdetu zioten, eta Gonzalez «baikor» agertu zen: «Bi aldeek batera jarraitu nahi dugu». Bestetik, gaur gaurkoz, bi fitxaketa argitu ditu talde zuri-gorriak; biak gizonezkoen taldean: Alvaro Djalo, Braga talde portugaldarretik; eta Andoni Gorosabel, Alavesetik.

Denboraldia hasterako egindako fitxaketak ere mintzagai izan ditu Gonzalezek. Horien artean, batez ere, Maddi Torre nabarmendu da: «Lehen Mailan minutu guztiak jokatu dituen bakarra da. Atezainik ere ez dago hori egin duenik». Bestalde, berritzez ere aritu da. Gizonezkoen taldean, hamahiru jokalari berritu dituzte, oraingoz; eta emakumezkoetan, lau. Halere, gehiago egiteko lanean ari direla baieztatu du kirol zuzendariak. Ernesto Valverde eta David Aznar entrenatzaileek ere Athleticen jarraituko dute 2024-2025eko denboraldian.

Kazetariek Alex Berengerren berritzeari buruz galdetu diote —oraingoz ez du berritu—, eta Gonzalez «baikor» agertu da: «Bi aldeek batera jarraitu nahi dugu». Bestetik, gaur gaurkoz, bi fitxaketa argitu ditu talde zuri-gorriak; biak gizonezkoen taldean: Alvaro Djalo, Braga talde portugaldarretik eta Andoni Gorosabel, Alavesetik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.