Leganes 0-2 Athletic

Athletic, euritan dantzan

Lanari eta ahaleginari esker, urrezko hiru puntu batu ditu Athleticek Leganesen zelaian. Bigarren zatian iritsi dira golak: Vivianek sartu du lehena, eta Iñaki Williamsek bigarrena.

Dani Vivian eta Nico Williams, atzelariak Leganesi sartutako gola ospatzen. SERGIO PEREZ / EFE
Dani Vivian eta Nico Williams, atzelariak Leganesi sartutako gola ospatzen. SERGIO PEREZ / EFE
jon eskudero
2024ko irailaren 19a
21:05
Entzun

Gatibu musika taldeak bere agurra iragarri eta biharamunean, omenaldi polita egin dio Athleticek, Leganesen zelaian. Besteak beste, euria goian behean ari zuela, urrezko hiru puntu eskuratu baitituzte zuri-gorriek. Erasoan inspirazio handirik azaldu ez arren, jarrera, lana eta ahalegina hartu dituzte oinarri, eta, azkenean, merezita poltsikoratu dituzte hiru puntuak. Jokoan nagusi izan bada ere, Ernesto Valverderen taldea antzu samar ibili da gol aukeretan, baina bigarren zatiaren erditik aurrera jaso du uzta. Lehenbizi, Vivianen eta zortearen bidez iritsi da 0-1ekoa, eta ondoren Iñaki Williamsek ebatzi du lehia, denboraldiko lehen gola eginez. Azkenerako, gozatuz eta gozaraziz amaitu du partida Athleticek. Euritan dantzan, alegia.

Hasierako hamaikakoan dezenteko iraultza egin du entrenatzaileak. Espero zen hainbat jokalari aldatuko zituela freskotasuna lortu nahian, eta sei aurpegi berri zelairatu ditu: Gorosabel, Nuñez, Djalo, Unai Gomez, Berenguer eta Vesga. Lehen hirurak, udan egindako fitxaketak. Aldaketa asko izan arren, Athleticek ongi eutsi die orain arteko izaerari eta jokoari, eta hasieratik bertatik hartu du bere gain baloia. Ruiz de Galarreta gidari, zuri-gorriek ederki mugitu dute baloia ezker-eskuin, erasoko jokalariak mugimenduan ibili dira etengabe, baina sakontasuna falta izan dute min egiteko. Nico Williams eta Berenguer ahalegindu dira hegaletatik jokaldiak osatzen, baina inspiraziorik eza sumatu zaie azken metroetan.

Bada, egoera horietara ohituta dago Leganes, eta atzean sartuta egonagatik, itxaroten asmatu du. Hala, 22. minutuan gola egiteko aukera bikoitza izan dute madrildarrek. Kontraeraso bat muturreraino eramanda, De la Fuentek jaurtiketa bat egin du eta Hallerrek beste bat, baina biek Agirrezabalarekin egin dute topo. Distiratsu aritu da atezaina. Aukera bikoitz horrek ez du aldatu lehiaren gidoia, eta lehengoan jarraitu du Athleticek. Ongi iritsi da zelaiaren hiru laurdenetara, baina ezina sumatu zaie handik aurrera. Hain zuzen, 40. minutuan egin du lehen zatiko jaurtiketa bakarra, baina Djaloren ahaleginak atezainaren eskuetan amaitu du. Jokoan gehiago izan arren, emaitzan ezin izan dute aginterik islatu zuri-gorriek.

Aldaketak, inoizko goizen

Bigarren zatiari begira, atsedenaldian bertan astindu du aulkia entrenatzaileak, Guruzeta zelairatu baitu Nico Williamsen ordez. Hasieratik sumatu da Leganesek urrats bat egin duela aurrera, eta tarte batez sufritzea egokitu zaio Bilboko taldeari. Horregatik, Valverdek beste astindu bat eman dio zuhaitzari berandu baino lehen. Ez da ohikoa aldaketak hain goiz egitea, baina 56. minutuan beste hiru jokalari zelairatu ditu: Sancet, Iñaki Williams eta Prados. Orduantxe, Leganesek zutoinera bidali du baloia, baina Athleticen jokoak behetik gora egin du handik aurrera. Ander Herrera zelairatzeak ere lagundu du zeregin horretan. Beste abiadura batean mugitu du baloia erasoan, eta hegaletatik erdiraketak egitea izan du helburu.

Bada, korner batean Vivianek langara bidali du baloia, eta hurrengo jokaldian gola sartzea lortu du atzelariak berak. Haren jaurtiketa batek Jorge Saenzen gorputzean jo ondoren, baloiak sareetarako bidea hartu du. Hori gutxi ez, eta hortik hamar minutura 0-2koa egin du Iñaki Williamsek, Gorosabelen erdiraketa ederki baliatu ondoren. Ordura arte ez bezala, erasoan zorrotz aritu dira zuri-gorriak, eta horrek modua eman die partida amaiera lasaia izateko. Sailkapenean hamar puntu izanik, goiko postuetan egonkortu da Athletic. Atsedena hartzeko betarik gabe, Celtak San Mames bisitatuko du etzi (16:15).

ALAVESEK SENDO JARRAITU NAHI DU ETXEAN

Alavesek ligako bi neurketa jokatu ditu denboraldi honetan Mendizorrotzan, eta bertan lau puntu batu ditu. 0-0 berdindu zuen Betisen kontra, eta 2-0 gailendu zitzaion Las Palmasi. Bada, Luis Garcia Plazak zuzentzen duen taldeak bide onetik segitu nahi du bihar etxean, Sevilla mendean hartuta (21:00, La Liga). Espainiako taldea denboraldi hasiera kaskarra egiten ari zen, baina aurreko asteburuan lehen garaipena lortu zuen Getaferen kontra.

Garcia Plazaren ustez, garrantzitsua da biharko neurketa. «Bost jardunalditan 10 puntu lortzea oso kopuru ona litzateke. Itxura sendoa eman nahi dugu etxean». Toni Martinez eta Ander Gebara hasierako hamaikakora itzul daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.