Futbola

Athletic, errukirik gabe Cayon apalaren aurka

Athletic nagusi izan da hasi eta buka Cayonen aurka, Espainiako Kopako kanporaketan (0-3). Eibarrek penaltietan lortu du sailkatzea, Melillaren aurka (1-4), eta Sestao Riverrek galdu egin du etxean Celtaren aurka (1-2)

athletic villalibre
Asier Villalibre nabarmendu zen jokalari guztien gainetik. PEDRO PUENTE HOYOS / EFE
pettan uralde
2023ko abenduaren 7a
23:52
Entzun

Athleticek aurrera jarraitzen du Espainiako Kopan, Cayon apala garaitu ostean: bigarren RFEF mailan dago Cayon, jaitsiera postuetan. Villalibrek atsedenaldia baino lehen sartutako bi golek eta amaierako minutuetan Nico Williamsek sartutakoak, txuri-gorrien sailkapena baieztatu zuten. Partida Sardinero zelaian jokatu behar izan dute, etxeko taldearen zelaiak ez baititu betetzen gutxieneko baldintzak. Faktore erabakigarria izan da; izan ere, Athletic oso eroso egon da, eta Cayoni oso handi geratu zaio zelaia.

Valverdek hamaikako eraberritu bat zelairatu du, baina, sustorik hartu nahi ez zuenez, Athleticek hasieratik ekin dio ohiko jokoari. Lehen minutuetan, Berenguerren alboetako erdiraketek markagailuan abantaila jartzearekin mehatxatu dute, nahiz eta Galnares atezainak bikain eutsi dien jokaldi horiei.

Pixkanaka-pixkanaka, bisitariek beren eremuan giltzapetu dituzte Luis Fernandezen jokalariak, alboetatik erasoz eta arrisku egoerak sortuz. Horrela, 22. minutuan, Asier Villalibrek etxeko atezainaren aldaratze bat aprobetxatu du, Berenguerren erdiraketa on baten ondoren, baloia Cayonen atearen eskuinaldean jartzeko.

Kolpea barneratzeko denborarik gabe, hiru minutu geroago, aurrelari gernikarrak bigarren gola sartu du hamaika metrotik, Mierrek egindako penalti protestatu batean. 2-0koarekin, Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak presioa jaitsi du, eta Cayonek aukera gehiago izan du txuri-gorrien area ingurura hurbiltzeko, Agirrezabala urduritu gabe.

Lehen zatiko azken txanpan, Galnaresek atepean gelditu bikoitza egin dio hat-trick-aren bila aritu den Villalibreri, eta aukera aprobetxatu nahi izan duen Nolaskoaini.

Aldageletatik irtetean, argi geratu da partidaren noranzkoa. Athleticek erritmoa moteldu du, eta garrantzi handiagoa eman dio jokalariek minik ez hartzeari, hirugarren gola bilatzeari baino. Mikel Jauregizar gazteak debuta egin du, eta Valverdek bost aldaketak xahutu ditu nekeak saihesteko. Azkenean, tentsiorik gabeko azken minutuetan, Nico Williamsen gol bikaina sinatu du, jokaldi paregabe baten ostean. 

Eibarrek, 11 metrotik

Eibar ere abenduaren 12ko zozketan egongo da, baina gogotik sufrituta lortu du sailkapena. Lehen Federazio Mailako Melillaren aurka, lehen 90 minutuetan 1-1ekoarekin amaitu, eta luzapenean ez dira gai izan Joseba Etxeberriaren jokalariak aurkaria menderatzeko. 11 metroko jaurtiketetan erabaki da, eta eraginkortasuna erakutsi dute armaginek, 1-4 irabazita.

Lehen zatian, Melilla Eibar baino askoz hobea izan da, eta, joko onari esker, markagailuan aurrea hartu du, 21. minutuan. Ganaliren barneraldi batean, Jose Enriquek txilenaz errematatu du erdiraketa, modu akrobatikoan. Bigarren zatian, jokoa berdindu egin da, eta armaginek berdinketa lortu dute 53. minutuan, etxekoen defentsa batek Mariano Sorianori egindako penalti baten ondorioz.

Sestao Riverrek atzamarrekin ukitu zuen

Las Llanasen mendeurrenean, Sestao Riverrek balentria egin nahi zuen Lehen Mailako Celta garaituta, baina saiakerek ez dute fruiturik eman. 1-2 gailendu baitzaio Galiziako taldea, polemika izan bada ere.

Ez da aukera askorik izan bi taldeentzat, baina Celtak efikazia erakutsi du Douvikasen lehen golarekin 17. minutuan. Bigarren zatian, etxeko taldeak ahalegin guztiak egin ditu, eta saria lortu ere bai. 73. minutuan, Celtan jokatzen duen Unai Nuñez sestaoarrak bere atean sartu du gola, etxekoen erdiraketa baten ostean. 

Baina bost minutu baino ez dira igaro 1-2koa iristeko. Epaileak penaltia adierazi du Alvaro Mateoren eta Kevin Vazquezen arteko jokaldi batean. Douvikasek 11 metrotik sartu du bigarren gola.

Penaltiagatik oso haserre, Sestao berdinketa egiten saiatu da, eta azken unera arte estutu du, baina ezin izan du abagune bakar bat ere sortu, Celtaren baloiaren jabetzak menderatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.