Athletic «egonkortzea» xede

Duela lau urte hasitako bideari jarraituz, kluba «errespetagarri eta fidagarri» bihurtu gura du Fernando Garcia MakuakAbokatu bilbotarrak ez du baieztatu Caparros bidelagun izango duen

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Fernando Garcia Makua prest dago Josu Urrutiari aurre egiteko. Hala baieztatu zuen atzo Bilbo erdialdeko hotel batean egin zuen agerraldian. Bere aurkaria izango denarekin gertatu zen legez, jakinekoa zena argitu zuen abokatu bilbotarrak: Athleticeko presidente izateko hautagai izango dela. Agerraldi laburra izan zen. Ordulaurden ingurukoa. Oraindik ez baita proiektuaren ardatzen berri emateko sasoia. Uztailaren 7ra bitartean egongo da denbora egitasmoaren berri emateko. Lehia luzea eta gogorra aurreikusten da bi hautagaien artean. «Lotzen gaituena banatzen gaituena baino gehiago da. Beraz, lehia giro onean egitea espero dut», esan zuen Garcia Makuak. Bada, inork ez zion sinetsi. Alde batetik eta bestetik eraso gogorrak espero baitira. Batzuen eta besteen trapu zaharrak ateratzeko ahalegina etengabea izango da. Kluba izango da borroka gogor horretan galtzaile nagusia.

Bi hautagaien taldeek euren estrategiak prestatzen dituzten bitartean, batzuek eta besteek zein arlotan egingo duten indarra jakinarazi dute. Urrutiak «Athletic estiloa» berreskuratu gura du. Helburuak lortzea bezain garrantzitsua dela amestutakoa lortzeko aukeratzen den bidea, alegia. Urrutiarentzat ez du edozer gauzak balio. Garcia Makuak, berriz, kudeaketari emango dio lehentasuna. Athleticeko jarraitzaile sutsua izatea ez dela nahikoa futbol klub bat behar den moduan gobernatzeko, alegia. «Egonkortasuna eta jarraitutasuna eman gura diogu duela lau urte hasitako bideari». Hitz hauekin argudiatu zuen egin duen urratsa. «Duela lau urte aurkeztu ginenean Athletic erakunde fidagarria eta errespetagarria izatea genuen xede. Arlo guztietan ondo funtzionatzeko gai izango zena, hain zuzen ere. Hori da Athletic defendatzeko era egokiena». Eta lau urte geroago agindutakoa bete dutela iritzi dio. «Funtsezko pausoak emanda daude. Egitasmo ugari jarri ditugu abian, eta ia guztiak gauzatu ditugu». Beraz, bide beretik jarraitzeko nahiko arrazoi daudela uste du azken agintaldian klub zuri-gorria zuzendu duenak.

Caparros eta Palomar

Garcia Makuak bakar-bakarrik egin zuen agerraldia. Botila bat ur zeukan mahai berde bat zuen aurrean. Atzean, berriz, Athleticeko bandera bat. Baina horrek ez du esan gura presidente ohiak etxeko lanak egin barik dituenik. Babestuta dago oso. Atzo kazetarien artean ezkutatu ziren hauteskundeak irabazten lagunduko dioten lagunetako batzuk. Han zegoen, besteak beste, Juan Antonio Zarete. Athleticeko diruak kudeatzeko ardura izan duen zuzendaritzako kidea da Garcia Makuaren konfiantzazko gizona. Bien artean hartu zituzten erabaki garrantzitsuenak. Zaraterekin batera Fermin Palomar ere agertu zen. Palomar, Athletic eta garaipena eskutik doaz. Hogei urte egin ditu erreskan zuzendaritzako kide gisa. Horrek esan gura du azken hamarkada bietan enpresa gizon bizkaitarra euren lan taldean izan duten hautagai guztiek lortu dutela hauteskundeak irabaztea. Bada zerbait.

Palomar Garcia Makuaren lan taldean arituko da. Joaquin Caparros talde horretako kide izango den ala ez jakitea falta da orain. Abokatuak ez zuen ezer aurreratu gura izan bere proiektua garatzeko aukeratu duen entrenatzailearen inguruan. Hala ere, argi du zein ezaugarri izan behar dituen Athleticeko teknikariak. «Entrenatzaileari lana, puntuak eta emaitzak eskatu behar zaizkio. Ez dauka atsegina izan beharrik. Hurrengo asteetan argituko dugu zein den gure aukera», adierazi zuen. Askok uste dute Urrutiaren eta Garcia Makuaren arteko lehia aukeratzen duen entrenatzaileak erabakiko duela. Bazkideen artean ilusio gehien sortzen duen entrenatzaileak alde batera edo bestera mugiaraziko du balantza. Beharbada, horregatik, lehia beste leku batera bideratu gura du hautagaietako batek. «Athleticeko presidente izateko ari gara lehiatzen», esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.