Athleticen 2018-2019ko denboraldiko jarduera sozioekonomikoa aztertu du PwC (PricewaterhouseCoopers) aholkularitza enpresak. Horren arabera, klub zuri-gorriak 570,3 milioi euroko jarduera ekonomikoa —BPG Barne Produktu Gordinaren %0,58— eragin zuen Hego Euskal Herrian. Bizkaiari dagokionez, 465,9 milioi eurokoa izan da ekoizpena Bizkaiko BPGaren %1,2, eta horrek 2.821 lanpostu ekarri ditu probintzian; 3.711, berriz, Hegoaldean.«Athletic diru iturri garrantzitsua da, ez bakarrik klubarentzat, hiriarentzat eta herrialdearentzat ere bai», azaldu zuen Aitor Elizegi Athleticeko presidenteak atzo, txostenaren aurkezpenean.
Zuzendaritzaren iritziz, taldearen gaitasun ekonomikoa aztertzeko txostena «gardentasunaren» erakusle da. Elizegi presidenteak adierazi zuen txostena berritzea «garrantzitsua» dela: «Pandemia baino lehenago ere, taldearen argazki orokorra zein zen jakin behar genuen. Horregatik, garrantzitsua da argazkia gaurkotzea momentuko egoera sozioekonomikoarekin batera ulertzeko». Elizegik nabarmendu zuen proiektuarekiko «erantzukizuna» izan behar dutela: «Konprometitu beharra daukagu, eta erakundea babestu. Zuzendaritza aldatzeko momentua heltzen denean, ahalik eta ondoen utzi behar dugu erakundea».
Eragin ekonomikoa ez ezik, Athleticen eragin soziala ere aztertu nahi izan dute txostenean. Horretarako, informazio iturri publiko zein pribatuak erabili dituzte; besteak beste, hainbat kluben urteroko kontu korronteak. Futbolzaleen kontsumoa ikertzeko, aldiz, PwCk inkesta bat sortu du, eta zortziehun zalek baino gehiagok erantzun dute.
Ikerketa egin duen enpresako Jordi Estevek azaldu zuenez, Athleticen eragin zuzena eta zeharkakoa aztertu dituzte. Eragin zuzena «sarbide erraza» duen eta «modu erraz batean» kontrastatu daitekeen informazioa dela nabarmendu zuen Estevek. Baina Athleticek zeharkako eragina ere badu: «Taberna askoren jarduera ekonomikoaren zati bat Athleticen partida duenean sortzen da. Egun horietan, bezero gehiago lortzen dituzte, ez bakarrik San Mamesen ondoan daudenek, baita partida telebistan ematen dutenek ere». Are gehiago, Estevek gehitu zuen aurkarien zaleek partida ikustera doazenean lurraldean kontsumitzen dutela.
Pricewaterhouse Coopers enpresak eta taldearen zuzendaritzak azaldu zuten ez dela «lasterketa bat», baina harro aldarrikatu zuten Athletic Hego Euskal Herri ekonomiaren «motor nagusietako bat» dela: «Ez daude BPGaren %1 horretara iristen diren enpresa asko».
Zaleak, klubaren giltza
Espainiako Ligan dauden taldeen artean, Athletic da bazkide gehien dituzten taldeetan bosgarrena. 2019-2020ko sasoian44.000 bazkide baino gehiago izan ditu. Gainera, 465 zale talderen babesa jasotzen du. Zale talde gehien dituzten klubetan laugarrena da. PwC enpresak horien guztien garrantzia azpimarratu nahi izan zuen: «Athleticek egiten duen guztia ez litzateke posible izango haiek gabe. Zale taldeak eta bazkideak giltzarri dira klubaren balioak transmititzeko». Elizegik gehitu zuenekonomikoki garrantzitsua dela San Mames betetzea, baina garrantzitsua dela ere «nola» betetzen den:«Ez dugu bete nahi betetzeagatik. Elkarlanerako mezua sustatu nahi dugu ikusle eta jokalarien artean». Gaur egungo egoera honetan zaleen falta sumatzen dutela azpimarratuzuen.
Zifra batzuk
Txostenaren arabera, zuzendaritzan daudenen %23,5 dira emakumeak. Taldeei dagokienez, emakumezkoen hiru talde berri sortu dituzte 2016tik 2020ra bitartean. Lehenengo urtean bi talde zituzten; aurtengo sasoian, aldiz, bost talderekin hasi dute.
Hezkuntzari ere erreparatu diote ikerketan. 2019-2020 denboraldian, unibertsitatera joateko adina zuten jokalarien artean %39 joan da unibertsitatera, Azken hiru urteotan %31 handitu da ehunekoa. Athleticek 133.000 euro inbertitu ditu jokalarienikasketetan; 24 jokalarik ikastetxera joateko beka bat jaso dute, eta 39k, unibertsitatera joateko.
Athletic, diru sortzaile
Talde zuri-gorriaren eragin sozioekonomikoari buruzko txosten bat aurkeztu dute. Hego Euskal Herriko aberastasunaren %0,58 sortu du 2018-2019 sasoian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu