Fernando Garcia Makua. Athleticeko presidentea

«Athletic berbako kluba da, eta Caparros ere bai»

Azken astean asko esan den arren, Joaquin Caparrosek Athleticen jarraituko du Fernando Garcia Makuak hauteskundeak irabazten baldin baditu. Presidente izatea «gogorra» dela dio abokatu bizkaitarrak, baina aberasgarria eta ohorea dela.

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Hilabete gaitzak eta gogorrak ditu aurretik Fernando Garcia Makuak (Bilbo, 1963). Athletic Europan sartzeko lehian murgilduta dagoen bitartean, Ibaiganen beste lau urtez jarraitzeko erronka dauka abokatuak. Oraindik ez du esan aurkeztuko den ala ez, baina inork ez du dudan jarri hala izango dela. Oraingoz, ez dauka aurre egin diezaiokeen pisuzko aurkaririk.

Zuen agintaldia hil bi barru amaituko da. Zer moduz zaude?

Denbora azkar pasatzen den sentsazioa daukat. Intentsitate handiko lau urte izan dira. Alde askotatik urte gogorrak izan dira. Eta, aldi berean, poz handiak ere izan ditut. Hutsak egin ditugu. Bat edo beste hutsegite handia, gainera. Baina, oro har, agindu genuena bete dugula uste dut. Autokritika egiten dugu, baina espero genuena egin dugu.

«Gogorra» eta «hutsak» hitzak esan berri dituzu. Noiz gertatu zaizu bereziki gogorra eta zertan uste duzu aritu zaretela oker?

Ez da hainbeste gogorra noiz izan den; konturatu naiz gauza batzuk zuzendaritzak egin dezakeenaren gainetik daudela. Gauza horiek desgaste handia sortzen dute. Gu kontu guztien gainean egoten ahalegindu gara. Batzuetan aldapa gora egin zaigu ardura hau eramatea. Hala ere, ez dut kexatia izan gura. Beste talde bateko presidente batek esan zidan legez; futbolean ona oso ona da, eta txarra, berriz, oso txarra. Hutsei dagokienez, bazkideekin harremana argiagoa izatea falta izan zaigula uste dut. Batzuetan ez dugu kudeatzen asmatu. Eta hori gutxi ez eta ez dugu asmatu kale horren arrazoiak azaltzeko orduan. Espainiako Kopako finaleko sarrerak nola banatu ziren datorkitburura orain. Gainezka egin zigun, baina, edozein erabaki hartuta ere, ez genuen erabat asmatuko.

Une gozoak ederrak direla ere esan duzu. Zer eman dizu Athleticeko presidente karguak?

Athletic bihotzean daraman zale batentzat pozgarria eta aberasgarria da klub honen partaide izatea. Kopako finala, Sevillaren aurkako finalerdia, Espanyolen kontra penaltietan gainditu genuen kanporaketa, Europako lehiaketako partidak… Intentsitate handikoak izan dira. Bestalde, taldeko profesionalek klubari dioten atxikimendua bertatik bertara ikusteak asko eman dit. Athleticen, egunerokoak indar handia dauka.

Une gozo horiek izaten jarraitzeko asmoa daukazu? Duela lau urte hasitako egitasmoa amaitu gabe dago oraindik?

Kar-kar. Proiektuak bide luzeagoa egin dezakeela uste dut. Baina hori ez dago nire esku bakarrik. Nire lan taldeak ere gauza bera pentsatzea ezinbestekoa izango da. Eta, hirugarrenez, bazkideek gure egitasmoaren alde egitea. Guk orain arteko gogo berberarekin jarraitzen dugu lanean. Eta hala jarraitu gura dugu.

Noiz esango duzue beste lau urte jarraitzeko prest zaudetela?

Apirilaren 11n, Athleticeko estatutuen gaineko ezohiko batzarra egingo dugu. Horren ostean argituko dugu zer egiteko asmoa daukagun.

Beste era batera galdetuko dizut. Ba al dago aukerarik Fernando Garcia Makua ez aurkezteko?

Bizitza honetan ate guztiek egon behar dute zabalik. Baina bai, gure proiektuari jarraikortasuna emateko asmoarekin gabiltza.

Iurbenor auzian [ogasunarekin zorra duen enpresa da Iurbenor] inputatua ez izatea bultzada handia izan al da Athleticen aurrera egiteko?

Nik konfiantza osoa nuen hala izango zela. Bestalde, Athleticen egiten ari nintzen lanarekin zerikusirik ez zuela ere argitu gura dut. Hala ere, ni neu lasaitu egin nau gertatu denak.

Aurkari gogorrik espero al duzu hauteskundeetan? Orain arte euren burua erakutsi dutenek ez dute babes sendorik. Bestalde, indartsuagoa izan daitekeen taldea proiektu sendoa aurkeztekotan da. Hala izanez gero, berandu dabiltzala dirudi.

Nik uste dut Athleticentzat aberasgarria dela iritzi askotako taldeen arteko lehia. Hala ere, klub honetan duela urte gutxi ikusi genuen aldaketa askoko sasoiak ez direla mesedegarriak. Egonkortasunak emaitza onak eman dizkio Athletici. Beharbada guk asmatu izanak bazkideek beste batzuetan baino egonezin gutxiago izaten lagunduko zuen.

Josu Urrutiari zure lan taldeko kide izateko eskatu diozu?

Ez. Ez diot eskaintza zehatzik egin. Josu zentzuduna da. Athleticen aldeko sentimendua ederto adierazten du. Gustuko dut haren iritziak entzutea.

Klubak dituen baliabideak kanpaina egiteko erabiltzen ari zara?

Klubak argitaratutako azken aldizkarian azaldu denaren harira egin didate kritika hori. Guk urtebete baino gehiago daramagu Lezama zaharberritzeko egitasmoan. Gure betebeharra da klubaren alde lanean jarraitzea. Argi geneukan azken urtean egin beharreko gauza guztiek hauteskunde kutsua izango zutela. Hala ere, gurago dugu gauzak egin eta kritikatuak izan, ezer ez egitea baino.

Wikipedian sartu eta hauxe jartzen du zutaz: «El Correo egunkariak egiten du Fernando Garcia Makuaren bozeramaile lana». Gainerako hedabideek kritikatzen dizutena, hain zuzen ere.

Anonimatua baliatuz horrelako foroetan edozer gauza idatz daitekeela erakusten dit horrek. Hedabide guztiei tratu bera ematen ahalegindu da Athletic. Klub honetan webguneak egiten du bozeramaile lana.

Gorka Arrinda jokalarien ordezkariak ere zeresana eman du. Negoziazio garrantzitsu guztietan agertzen da. Berak parte hartzen ez badu Athleticek ez ei du traturik egiten.

Kontu honen inguruan gauza asko ditut esateko. Lehenik eta behin, gizaseme hori ez da negoziazio guztietan agertzen. Guztira, 40 negoziazio inguru egin ditugu gure agintaldian: altak, bajak… guztiak kontuan hartuta hamar bat urteko. Ba horiek guztiorietatik lauzpabost negoziaziotan hartu du parte ordezkari horrek. Beste batzuek, berriz, gutxienez hamabost negoziaziotan hartu dute parte. Guk sekula ez dugu ordezkari baten parte hartzea eskatu. Beste aldeak esaten digu zeinekin egin behar dugun berba. Esaten diguten lagunarekin jartzen gara harremanetan. Egun negoziatzen ari garen jokalari batek, esaterako, berekin hitz egin behar dugula esan digu.

Lehen taldeko jokalariekin hotza omen zara. Hala da?

Presidenteak bere lekua izan behar du klubean. Badakit agintzeko beste era batzuk daudela. Harreman ona, argia eta zuzena daukagu kapitainekin. Jokalariak banan-banan hartuta, berriz, harreman normala dudala haiekin esango nuke. Presidenteak ezin du musean jokatu jokalariekin edo trago bat hartzera joan. Athleticen ikusi ditugu horrelakoak.

Jokalariak aipatu dituzu. Andoni Iraolaren eta Carlos Gurpegiren kontratuak luzatzeko negoziatzen hasi al zarete?

Bai. Ez da sekretua. Klub honetan jokalari gazte asko agertu dira, baina horiei laguntzeko ezinbestekoa da esperientzia gehiago dutenen laguntza. Gainera, oso lehiakorrak dira biak. Carlos eta Andoni eredu dira Athleticen sentimendua zabaltzeko eta lanerako gaitasuna erakusteko.

Biek izango dituzte beste talde batzuen eskaintzak. Iraola, esaterako, oso jokalari estimatua da. Jarraituko dutela uste duzu?

Baietz uste dut.

Koikili Lertxundik eta Aitor Ociok ere Athleticen jarraituko dute?

Eurekin berbetan ari gara. Datorren sasoia gogorra eta luzea izango dela uste dugu. Horri aurre egiteko, garrantzitsua izango da esperientzia handiko jokalarien ekarpena.

Fernando Amorebieta jokalari estrategikoa al da oraindik?

Amorebieta oso jokalari garrantzitsua da Athleticentzat. Eta egun baino garrantzitsuagoa izatea bere eskuetan dago. Sinistu egin beharra dauka askoz gehiago emateko gai dela. Denok gura dugu Amorebietak barruan daukana ematea. Oso futbolari ona da. Bere esku dago.

Mikel Orbegozo fitxatuta dago?

Ez dakit zein den Orbegozo.

Bakarra izango zara. Athleticek fitxatu duen edo fitxatuko duen Realaren bigarren taldeko aurrelaria.

Fitxatuko dugun edo ez dugun ez dakit, baina egun ez dago fitxatuta. Presidentearen mahaitik ez da jokalari horren inguruko konturik pasatu. Hala ere, zortea opa diot.

Mikel Balentziaga eta Xabi Castillo ez dira Joaquin Caparrosen gustukoak. Beraz, zertarako fitxatu zenituzten ezker hegaleko biak?

Talde bat osatzean horrelako gauzak gertatzen dira. Teknikoek egindako txostena aintzat hartuta entrenatzailearen esku ahal dugun guztia jartzen ahalegintzen gara. Hortik aurrera, teknikariei dagokie taldea kudeatzea. Zuzendaritza lasai dago. Guk argi daukagu zein den bakoitzaren lekua: entrenatzaileek euren lekua dute, eta zuzendaritzako kideok gurea. Beti errespetatuko dugu hori. Ez gara entrenatzaile lanetan hasiko.

Ander Herrerak itxura ona dauka. Athleticen arrakasta izaten baldin badu, 11 milioi euro ordaindu beharko dizkio klubak Zaragozari duela sasoi bi hiru milioi balio zuen jokalari bat fitxatzearren.

Herrerak ez du inolaz ere 11 milioi euroko kostua izango. Kopuru okerrak ematen ari dira. Eta, bestalde, duela pare bat urte, Athletic jokalariaren etete klausula ordaintzeko prest zegoenean, hiru milioi pasatxokoa zen klausula. Baina klausula horrek beste klausula batzuk ere bazituen. Harrobiko harribitxiak lotzeko egiten diren kontratuak dira. Zaragozarekin akordiorik ez geneukanez, ez ginen ezer egiten ausartu. 20 milioi ordaintzeko arriskua zegoen. Athleticen gogoan daukagu zer gertatu zen antzeko kasu batean. Bai jokalariarentzat eta bai klubarentzat oso kaltegarria izan zen.

Patxi Izkok Athleticekin duen jarrera ulertzen duzu, edo talde zuri-gorriarekin itsututa dagoelakoan zaude?

Klub eta zuzendaritza guztiak errespetatzea dut gustuko. Patxi Izko bere taldearen interesak ahalik eta ondoena kudeatzen ahalegintzen da. Eta guk gauza bera egiten dugu. Athletic Nafarroan garatzen ari den politika oso arrakastatsua izateaz gain, harrera bikaina izan du hango taldeetan, jokalarietan eta euren gurasoen artean. Jokalari nafarrek arrakasta handia izan dute Athleticen. Osasunak uste duela Athleticen jarrera oso oldarkorra dela Nafarroan? Hori esan aurretik eurek egiten dutena aztertu beharko lukete. Beharbada ez dute asmatu. Autokritika egin beharko lukete. Baita guk ere. Zertan hobetu behar dugun aztertu behar dugu. Beste herrialdeetan ere antzera gabiltza. Baionako Avironekin dugun hitzarmena aurki amaituko da, eta mahai gainean daukat eurek bidalitako eskutitz hunkigarria. Gustura daude gurekin, eta prest daude hitzarmena luzatzeko. Badakigu Realak interesa agertu duela Iparraldeko taldeetan. Gainerako taldeek euren eremuan sartzen ari garela uste dutela? Euren arazoa da hori. Gure merkatua Euskal Herri osoa da.

Jokalari nafarrek Athleticen arrakasta dutela esan duzu. Eta zer gertatzen da Bizkaiko harrobiarekin?

Zikloak dira. Sasoi batzuetan, jokalari bizkaitarrak ziren nagusi taldean; gero, protagonismo handia izan zuten gipuzkoarrek, eta, orain, nafarrak agertu dira. Athleticen historia da hori. Guretzat, garrantzi berbera dute herrialde guztietako jokalariek.

Caparrosek ez du argi utzi jarraituko duen ala ez. Egun batean zalantza sortzen du, hurrengoan botoa zuri emango dizula esaten du… Zer pentsatu behar dute zaleek?

Estatuko hedabideen presioaren kontua dela uste dut. Haien arabera, erdiko aurrelari, euskarri eta entrenatzaile gabe geratu behar da Athletic sasoi amaieran. Athleticen lasai gaude. Athletic berbako kluba da, eta Caparros ere bai.

Europarako txartela eskuratu ezean ere jarraitzea mereziko luke?

Horiek hipotesiak dira. Ziur naiz Europarako sailkatuko garela.

Hipotesiekin jarraituz. Europatik kanpo geratzeak zer esan nahiko luke?

Eskuan izan dugun helburua bete barik amaituko genuke denboraldia.

Noizko San Mames Barriaren bigarren harria?

Laster.

Oraindik ez dago zehaztuta noiz egingo den zelai berria. Hala ere, dagoeneko 4.000 bazkide berri ditu Athleticek. Hori klub zuri-gorrian bakarrik gerta daiteke.

Hala da. Gainera, Europan sarrera kuota daukan klub bakarra da Athletic. Harro egoteko moduko kontua da. Eta ardurak ditugunoi lanean jarraitzeko indarra ematen digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.