Espainiako Kopa

Athletic-Bartzelona eta Atletico Madril-Reala Kopako finalerdietan

Zuri-gorriek etxean jokatuko dute joaneko partida, eta Bartzelonan itzulikoa. Txuri-urdinak, berriz, Madrilen ariko dira lehenbizi, eta etxean gero.

(ID_13432498) ESPAÑA FÚTBOL PRIMERA DIVISIÓN (F)
Mirari Uria (Reala) eta Andrea Medina (Atletico Madril). VICTOR LERENA / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko otsailaren 9a
13:10
Entzun

Athleticek eta Realak badakite noren aurka jokatuko duten Espainiako Kopako finalerdietan. Gaur egin dute zozketa, eta zorteak ez ditu parez pare jarri. Beraz, ez da derbirik izango finalaren atarikoan. Izatekotan, finalean izango litzateke. Horretarako, azken-aurreko kanporaketa gainditu beharko lukete biek. Erronka oso zaila da hori, aurkari indartsuak egokitu baitzaizkie biei. 

Athletic Bartzelona ahaltsuaren aurka arituko da. Realak, berriz, Atletico Madril izango du aurkari. Txuri-urdinek martxoaren 6an jokatuko dute joaneko partida, Madrilen, 19:00etan. Itzulikoan, berriz, etxean ariko dira, martxoaren 12an, 19:00etan. Zuri-gorriek, berriz, etxean jokatuko dute lehenbizi, martxoaren 7an, 21:00etan, eta, gero, Bartzelonan, martxoaren 14an, 21:00etan. Finala maiatzaren 18an jokatuko da. Espainiako Futbol Federazioak oraindik ez du zehaztu non izango den. 

Athletic izan zen lehena finalerdietarako sailkatzen. Asteazkenean egin zuen, Lezaman, Tenerife penaltietan menderatu ostean. Bana egin zuten aurretik. Adriana Nanclares atezaina izan zen partidako izarra: lehenbizi, bi ordu pasatxoan, Teneriferen saiakera guztiak zapuztu zituen; eta, gero, hiru penalti gelditu zituen. Orain, David Aznarrek entrenatutako taldeak Bartzelona handia izango du aurrean. Kataluniarrek 8-0 azpiratu zuten Sevilla, eta agerian utzi zuten faborito argia direla.

«Errespetua izan behar diogu Bartzelonari, baina ausartak izan behar dugu, eta kontuan hartu behar dugu jada Lehen Mailako hiru talde kanporatu ditugula. Inork ez digu ezer oparitu, eta Athletic hau amaieraraino borrokatuko da. Erronka bat da Bartzelonaren aurka jokatzea, baina baita hobeak izateko aukera handia ere», esan du Aznarrek. Ligan, Bartzelonak 0-4 irabazi zion Athletici.

Realak, berriz, ostegunean lortu zuen sailkapena. Lehen zatian estu hartu zuen Levantek, eta 1-0 galtzen ari ziren donostiarrak atsedenaldia iritsi zenean. Aldageletatik bueltan, ordea, itxuraldatuta zelairatu ziren, eta aukera andana sortu zuten. Bitan asmatzearekin nahikoa izan zen Levante kaleratzeko. Finalerdietan Atletico Madril izango du aurrean, zeinak Real Madril kaleratu duen. Espainiako taldeak Kopa irabazi zuen iaz, eta lorpena errepikatzea du helburu.

«Ona izan da zozketa: batetik, ligan, Atletico Madrilen zelaian jokatu genuenean, ondo aritu ginen [bana berdindu zuten]; bestetik, etxean jokatuko dugu itzulikoa. Denok nahi dugu hori. Ea berriro ondo jokatzen dugun. Finala bi partidara dago», adierazi du Arroyok.

Bi euskal taldeak sailkapenaren erdialdean daude. Donostiarrek bost punturen aldea dute bilbotarrekiko, baina biek ala biek urruti dituzte goiko zein beheko postuak. Horrek eman die bi taldeei Kopan arreta jartzeko parada, eta ez dute hutsik egin. Reala, gainera, bolada ezin hobean dago: zortzi partida jarraian daramatza galdu gabe. Athleticek, aldiz, ligako azken bederatzi puntuetatik bakarra bildu du, baina Teneriferen aurkako Kopako partidak konfiantzaz bete ditu zuri-gorriak.

Eibarrek bihar, ligan

Kopan aspaldi kaleratu zuten Eibar, baina jaisteko postuetatik urruntzeko partida garrantzitsua jokatuko du bihar Levante Las Planasen zelaian (12:00, Dazn). Eibarrek hiru puntu eskasera dauka Granada, hamabosgarren sailkatua, eta aldea handitu nahi du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.