Athletic aukerarik gabe geratu da Europako Ligan

Sparta Pragak eta Lyonek bana berdindu dute eta frantziarrak eta txekiarrak ariko dira final-hamaseirenetan

Julen Etxeberria.
2012ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Kito. Akabo kalkuluak eta konbinazioak. Athleticek aurreko sasoian baino bide askoz laburragoa egingo du denboraldi honetan Europako Ligan: multzoen ligaxkan esango du agur. Talde zuri-gorriak Olympique Lyonek atzo Sparta Pragaren zelaian irabaztea behar zuen final-hamaseirenetarako sailkatzeko aukerari eusteko. Hori eginda ere, zail zuen aurrera egitea, azken bi partidak irabazi behar baitzituen, horietatik azkena, San Mamesen Sparta Pragaren aurka jokatu beharrekoa, 3-1ekoa baino emaitza hobeagoaz. Baina ez du horren beharrik izango Atzo gauean zapuztu ziren zuri-gorrien itxaropen guztiak, Sparta Pragak sailkatzeko beharrezkoa zuen puntua eskuratu baitzuen bere zelaian Olympique Lyonekin bana berdinduta. Beraz, frantziarrek eta txekiarrek egingo dute aurrera.

Zazpi minutuz iraun zuen zuri-gorrien itxaropenak. Izan ere, bigarren zatia hasi eta berehala bisitariek gola sartu zuten, eta aurretik jarri. Emaitza hori ona zen Athleticentzat, oso ona. Baina zazpi minutu eskaseko zorion unea izan zen, etxekoek gola sartu eta berdinketa lortu baitzuten. Hortik partidaren amaierara ez zen golik izan, Lyonek horretarako aukerak izan zituen arren. Azkenean, denak pozik Pragan: Sparta aurrera eta Olympique Lyon multzoko lehena. Israelen eta Euskal Herrian, ordea, etsipena nagusi. Hapoel zein Athletic aukerarik gabe geratu baitira.

Ospea eta dirua soilik jokoan

Behin final-hamaseirenetan aritzeko aukerarik gabe geratuta, zertarako balio dute Athletici jokatzeko gelditzen zaizkion bi partidak? Ezer gutxirako, behintzat kirol arloari dagokionez. Aldiz, diru kontuei dagokienez, badute garrantzia. Batetik, talde zuri-gorriak neurketa bat jokatu behar du oraindik San Mamesen, eta horrek diru sarrera bat ekarriko du, txikia ziurrenik, ez baita espero zaleek San Mames betetzea jokoan ezer ez dagoen neurketa bat ikusteko. Horrez gain, Europako lehiaketetan diru kopuru bat jasotzen dute taldeek jokatzen duten partidako: 60.000 euro, hain zuzen ere. Beraz, bi partida horiek jokatzeagatik 120.000 euro jasoko ditu Athleticek. Neurketa horietako emaitzen arabera ere beste sarrera batzuk jaso ditzake. 140.000 euro irabazteagatik eta erdia, 70.000 euro, berdintzeagatik. Beraz, Athleticek 400.000 euro irabaz ditzake oraindik Europako Ligan, kopuru polita klubaren kutxarentzat. Zerbait da, baina oso-oso gutxi aurreko denboraldiarekin alderatuta, bai diruz, eta bereziki, bai egindakoaz eta bizitakoaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.