Ligako laugarren postuan gotortu egin da Athletic gaur. Gatzik gabeko partida baten ostean, bazirudien golik gabe amaituko zela neurketa Sevillan, baina Yeray Alvarezek 84 minutuan eman die garaipenaren gola zuri-gorriei, baloi bat buruz Sevillaren atean sartuta.
«Erromaren kontra sailkatu ostean, bagenekien irabazi egin behar genuela laugarren postua ziurtatzeko», esan du Yerayk partidaren ostean. «Betis estutzen ari da. Irabazi nahi genuen. Partida trakets samarra izan da, eta baloi geldiarekin eginiko jokaldiak eman digu garaipena».
Izan ere, Betis eta Vila-realen aurretik zortzi puntura jarri da Athletic, 52 punturekin.
Athleticek aukera izan du aurreratzeko lehenengo zatiaren luzapenean, baina Mikel Vesgak jaurtitako penaltia gelditu egin du Orjan Nylan atezainak.
Joan zen ostegunean Erromaren kontra jokaturiko partidak nekea eragin dio Athletici, baina baita euforia ere. Igarri da azken hori, zuri gorriak erdigunean nagusitu baitira hasieratik.
Edonola ere, Sevillakoak egoera kontrolatzen saiatu dira, faltak eginez. Hori dela eta, epaileak hiru atera dizkie partidak 23 minutu besterik ez zituenerako. Zuri-gorrien erasoetako batean, eskuarekin ukitu du baloia Saul Ñiguezek, eta horrek eragin du penaltia. Halere, esan bezala, Nylandek usaindu egin du Vesgaren jaurtiketa, eta gelditu egin du.
Bigarren zatian, Erromaren aurka jokatu zuten hiru jokalari zelairatu du Valverdek: Nico Williams, Ruiz de Galarreta eta Mikel Jauregizar.
Azkenean, falta baten jaurtiketan abiaturiko jokaldi batean, Nyland gainditu du Yerayk buruz, eta partida ebatzi du.