Erabat aldarte ezberdinean iritsiko dira Gabonetara Osasuna eta Athletic. Urrezko hiru puntu izan dituzte jokoan Sadarren, eta zuri-gorriek poltsikoratu dituzte. Emaitza iraulita, gainera. Azken bost partidak jarraian berdindu ondoren, joera aldatzeko derbia aproposa zela esana zuten gorritxoek, eta kanbiatu dute joera: okerrerako, ordea. Partida kaskarra jokatu dute, atzean opari gehitxo eginda, baina jokoan ere Athletic gehiago izan da. Epailearen erabaki batzuekin lehen zatian haserre agertu arren, odol hotzari eutsi diote zuri-gorriek, eta merezita eskuratu dituzte hiru puntuak. Hala, sailkapenaren erdialdean amaituko du urtea Osasunak, eta laugarren postuan Athleticek. Txapeldunen Ligako postuetan sendo, alegia.
Oso bizi ekin diote lehiari bi taldeek, derbietan ohikoa den moduan. Batetik bestera joan-etorrian ibili dira jokalariak, eta zaleentzat erakargarriak izan dira lehen minutuak. Ez, ordea, bi entrenatzaileentzat: Vicente Morenorentzat eta Ernesto Valverderentzat. Jokoaren kontrola lortzea izan dute xede. Gol aukerak batean zein bestean izan dira hastapenean, baina inork ez du asmatu. Minutuek aurrera egin ahala, Athleticek gehiago izan du baloia, eta gertu izan du lehen gola 15. minutuan, Iñaki Williamsen bidez. Sergio Herrerak atepetik atera dio baloia. Bazirudien gertuago zegoela bisitarien gola, baina, hutsetik, 1-0ekoa iritsi da, 20. minutuan.
Epailea bilakatu da protagonista. Williamsen jaurtiketa batek Herrandoren eskua jo ondoren, Athleticen aldeko penalti garbia egon zitekeela azaldu dute irudiek, baina jokaldi guztia aztertu ondoren, aurrez Osasunaren aldeko falta bat egon dela erabaki du epaileak. Falta garbia izan da. Ordea, ez da horretan geratu auzia. Hurrengo jokaldian, Nico Williamsen falta bat adierazi du epaileak, eta hortik etorri da etxekoen gola. Hots, irudiek erakutsi dute Nico Williamsek ez duela inolako faltarik egin. Epailearen erabakia ederki baliatu du Osasunak, baloi geldian 1-0ekoa egin baitu Lucas Torrok.
Sanceten lesioa
Haserre eta sututa agertu dira Athleticeko jokalariak, baina odolari hotz eusten asmatu dute. Futbolean jokatzen jarraitzea izan dute helburu, eta merezita eskuratu dute banakoa, 31. minutuan. Goi mailako gola egin du buruz Guruzetak, Williamsen erdiraketa baliatuta, penalti puntutik. Golak min egin dio Osasunari, eta mesede Athletici. Erosoago sentitu dira zuri-gorriak, baina ez dute gaitasunik izan atsedenaldira aurretik iristeko.
Egoera ikusita, bigarren zatirako aulkia astindu du Vicente Morenok, eta Pablo Ibañez zelairatu du Moncayolaren ordez. Zelai erdian sendotasuna irabazi dute gorritxoek. Athletici min egin diona, ordea, Sanceten lesioa izan da. Nafarrak zelaia utzi behar izan du 53. minutuan, eskuin orkatilan min hartuta. Hortik aurrera, geldoago jokatu dute bi taldeek. Etxekoek joko zuzena izan dute oinarri, eta bisitariak erasoan antzu ibili dira.
Azken hogei minutuetan banakoarekin sartu dira bi taldeak, eta bistakoa zen puntu batek ez zuela inor asetzen. Bada, etxekoen opari batek erabaki du lehia. Baloia zuzen aldentzen ez du asmatu Torrok, Berenguerri eman baitio, eta hark ez du barkatu. Gol ona egin du ezkerrarekin, 71. minutuan. Osasunak ez du adorerik izan berdinketa lortzeko.