Luis Llopis. Real Madrileko atezainen entrenatzailea

«Atezainak lehen baino eragin handiagoa du taldeen jokoan»

Txapeldunen Liga bi aldiz jarraian irabazi du Llopisek. Real Madrilen lan egitea «exijentzia eta presio» handikoa den arren, gustura dago taldean. Zinedine Zidane entrenatzailearen lana nabarmendu du.

ainara arratibel gascon
2017ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Denboraldia amaituta, hainbat ikastaro ematen ari da Luis Llopis Real Madrileko atezainen prestatzailea (Hernani, Gipuzkoa, 1964). Baina hemendik gutxira Euskal Herrian izango da oporretan. «Semearekin eta emaztearekin denbora gutxi egoten naiz denboraldian, eta aprobetxatu egin nahi dut». Sasoia, behintzat, oparoa izan da, lau titulu irabazi baititu: Txapeldunen Liga, Espainiako Liga, Kluben Arteko Munduko Kopa eta Europako Superkopa.

Txapeldunen Liga bi aldiz irabazi eta gero, zein sentipen duzu?

Oso pozik nago. Ez bakarrik Txapeldunen Liga bi aldiz jarraian irabazteagatik, baita Espainiako Liga irabazi dugulako ere. Denboraldi hasieran jarri genuen helburu nagusi eta garrantzitsuena Espainiako Liga irabaztea izan zen. Izan ere, Real Madrilek urteak zeramatzan irabazi gabe. Liga urte osoko lanaren emaitza da, eta bagenuen irabazteko gogoa eta beharra. Sasoia ezin hobea izan da.

Zein izan da bereziagoa: lehenTxapeldunen Liga edo bigarrena?

Lehenengoa beti da berezia. Gainera, penaltietan irabazi genuenez; gehiago sufrituta izan zen. Baina horrek ere izan du esanahi bat. Izan ere, orain arte talde bakar batek ere ez zuen lortu Txapeldunen Liga bi aldiz jarraian irabaztea. Real Madril oso talde lehiakorra da, eta Txapeldunen Liga oso lehiaketa berezia da klubarentzat. Beraz, bagenuen erronka hori ere, eta, alde horretatik, berezia izan da. Baina, lehenengoa beti da lehenengoa

Jokalariek nola ospatu zuten ikusi zen telebistan. Zuk nola ospatu zenuen?

Jokalariek baino kamera gutxiago nituen aurrean, baina haiek bezala. Iñigo semea futbol zelaira atera nuen. Paralinpiar igerilaria da, eta erreferente bat da niretzat. Sekulako energia ematen dit ikustea egunero nola entrenatzen den. Emaztea ere gurekin egon zen. Urte osoan ez dugu denbora askorik elkarrekin egoteko. Izan ere, ni Madrilen egoten naiz, eta beraiek, Donostian; Iñigo bertan entrenatzen da. Beraz, halakoak aprobetxatu behar ditugu gozatzeko.

Nolakoa da Real Madrilen lan egitea?

Exijentzia, presioa eta dedikazioa handiak dira. Beti irabazi behar duzu. Goizetik gauera egoten naiz lanean. Normalean, goizeko bederatzietarako joaten naiz Valdebebasera, eta arratsaldeko zazpietan itzultzen naiz etxera. Baina etxean lanean jarraitzen dut ordenagailuarekin: entrenamenduko bideoak ikusi, aurkariak aztertu... Futbola nire ilusioa eta pasioa da. Gainera, jokalarietako asko aurreko alditik ezagutzen nituen. Beraz, oso gustura nago.

Beti esan izan da aldagela zaila dela Real Madrilena. Horrela al da?

Orain, behintzat, ez. Talde gaztea dugu. Denek izugarrizko izaera lehiakorra dute, baina, aldi berean, lagunak dira. Oso aldagela batua, alaia eta langilea da. Oso erraza da taldean lan egitea. Gainera, Zidanekin oso harreman berezia dute. Zidanek behin eta berriz errepikatzen duen mezua hau da: denak eta elkarrekin. Denak garrantzitsuak sentitzea lortu du, jokatzeko gogoz eta ilusioz egotea. Denek sinesten dute haren lanean. Hori erabakigarria izan da giro on eta alai hori edukitzeko. Gainera, giro hori sortzen dutenak izarrak dira: Sergio Ramosek, Cristiano Ronaldok, Marcelok...

Zidanekin zer moduz?

Oso ondo. Tratu zuzena eta gertukoa du gurekin. Pertsona moduan umila eta benetakoa da. Errespetuz esaten dizu esan behar dizun guztia. Bakoitzak gure lana dugu, baina entrenatzaileak talde bat gara. Asko hitz egiten du gurekin, eta gure iritzia oso kontuan hartzen du. Zalantzaren bat badu ere, gurekin partekatzen du. Mimo handiz prestatzen du partida bakoitza, eta asko hitz egiten du jokalari bakoitzarekin. Bideo pertsonalizatuak ere erakusten dizkie. Gainera, futbolaria izan zenez, badaki jokalarien larruan jartzen. Etengabe esaten die pribilegio bat dela beraiekin lan egitea.

Maila ona eman arren, azken bi sasoietan zalantzan egon da Keylor Navasen jarraipena. Asko hitz egin da David de Gearen etorreraz. Zu Levanten egon zinen garaitik aritu zara Navasekin lanean. Nola bizi izan du egoera hori?

Keylor profesional handia da. Sekulako intentsitatea eta arreta jartzen du entrenamendu eta partida bakoitzean. Ez da erraza Real Madrileko atezaina izatea. Erasoan jokatzen dugun taldea gara, eta aurkaria gutxitan iristen da gure atera. Ailegatzen denean, ordea, normalean oso aukera garbiak izaten ditu, eta atezainak prest egon behar du horretarako. Keylorrek oso ondo jakin du hori egiten, eta gure aldetik konfiantza osoa du. Aurreko sasoian sekulako lana egin zuen. Baina denboraldi guztiak ez dira berdinak. Amaitu berri den honetan, ezin izan zuen egin denboraldi-aurrea, lesionatuta zegoelako. Gero ez da erraza taldean sartzea, baina sasoiaren amaieran asko eman dio taldeari. Txapeldunen Ligako finalerdietan eta finalean gelditu erabakigarriak egin zituen, eta Espainiako Ligako azken txapan oso norgehiagoka onak jokatu zituen. Oso pozik nago beste bi atezainekin ere: Kiko Casillarekin eta Ruben Yañezekin. Casilla eskola berriko atezaina da, eta gauzak erraz egitea gustatzen zaio. Yañezek, berriz, ikasteko eta hazteko sekulako gogoa erakusten du egunero.

Azken urteetan asko aldatu da atezainak prestatzeko modua?

Gaur egun atezain batek taldearen jokoan duen parte hartzea eta eragina lehen baino handiagoa da, bai defentsan bai erasoan. Horrek, noski, aldaketa bat ekarri du atezainen prestaketan. Orain, ez da nahikoa teknika lantzea. Teknika landu behar da, baina jokaldi edo egoera taktikoen barruan. Alegia, ez da nahikoa, lehen egiten zen moduan, atezainarekin lan jakin bat egitea: baloiak jaurtitzea eta hark gelditzen saiatzea. Atezainak jakin behar du jokaldia hasten, atzealdearen bizkarra zaintzen, aurkarien desmarkatzeak eta mugimenduak ikusten... Hori talde guztiarekin landu behar ditu. Jokoaren egoerak landu behar dira entrenamenduetan.

Aldaketa horiek kontuan hartuta, nolakoa izan behar du gaur egungo atezain batek?

Bizkorra, futbola aurretik ikusten duena, eta hankekin zein aireko jokoan ondo moldatzen dena.

Athleticen izan ezik, azken denboraldian euskal taldeetan jokatu duten atezainak ez dira bertakoak. Lehen, kontrakoa geratzen zen. Zergatik ari da gertatzen hori?

Nik ez dut uste hala denik. Beharbada, ez dute hemengo taldeetan jokatuko, baina bai hemendik kanpo. Nik uste dut gauzak ondo egiten ari direla, eta etorkizunean ere ateratzen jarraituko dute. Bolada kontua ere izaten da askotan. Baina etorkizunean ziur nago atezainak ere aterako direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.