Athleticek egin zuen deialdia, eta Euskal Herriko eta atzerriko hainbat atezainek egin dute bat. Jose Angel Iribar atezain mitikoak 80 urte bete zituen joan den asteazkenean, eta, urtemuga ospatzeko, beltzez janzteko eskatu zien Athleticek beste klubetako atezainei. Izan ere, Iribarrek kolore horrekin jokatu zuen ia bi hamarkadatan Bilboko klubaren lehen taldean. Realeko eta Cadizeko atezainak izan ziren deialdiarekin bat egiten lehenak. Ostiral gauean beltzez zelairatu ziren Anoetan jokatu zen partidan.
Ledesma Cadizekoa eta Remiro Realekoa, ostiral gauean. / BERRIA
Bizkaian futbol talde guztietako atezainek gogoratu dute Iribar jantzi beltzarekin asteburu honetan. Asko izan dira #Iribar80 traola erabiliz beltzez jantzita euren atezainen argazkiak sare sozialetara igo dituzten klubak.
Joana San Andres Leioako atezaina, larunbatean Zarautzen. / Lutxo, Leioa Emakumeak
Eta beltzez jokatu zuen baita atzo arratsaldean Julen Agirrezabala Athleticeko atezainak ere Rayoren aurka; Dimitrievski Rayoko atezaina ere beltzez jantzi zen (biak, argazki nagusian). Athleticen kasuan, gainera, zelaira atera ziren 11 jokalariek jantzi zuten elastiko beltza partida hasi aurretik.
Athleticeko hasierako hamaikakoa osatu zuten jokalariak, beltzez jantzita, partida hasi aurretik. Athletic Club
Bizkaitik kanpo ere, Euskal Herriko futbol taldeek ere gogoratu nahi izan dute Iribar. Eibarreko atezainak jantzi dira beltzez asteburuan, eta hala egitekoak dira gaur gauean Osasunako eta Alaveseko atezainak ere, hurrenez hurren, Celtaren eta Vila-realen aurka.
🧤 @RCCelta-ren aurkako partiduan, gure atezainak beltzez jantziko dira Iribarren omenez.
— C. A. OSASUNA (@Osasuna_eus) March 2, 2023
Zorionak!#OsasunaCeltapic.twitter.com/FVquUEmMxx
Atezainen ekinaldia beste hainbat zelaitara zabaldu da. Beltzez jantzi dira, besteak beste, Sergio Asengo (Valladolid), Pacheco (Espanyol), Bounou (Sevilla), Oblak (Atletico Madril), Rajkovic (Mallorca), Courtois (Real Madril), Bravo (Betis), Ter Stegen (Bartzelona) eta Mamardashvili (Valentzia).
Ter Stegen Bartzelonakoa eta Mamardashvili Valentziakoa, beltzez. / Valencia CF
Espainiako Ligatik kanpo ere oihartzuna izan du Athleticen eskaerak eta Chelsea, Celtic Glasgow eta St. Pauli taldeetako atezainak ere jantzi dira beltzez. Londresko taldean Kepa Arrizabalaga Athleticeko atezain ohiak, gainera, 80 zenbakia zeraman elastiko beltza jantzi zuen argazkia sare sozialetan zabaltzeko.
Kepa Arrizabalaga Chelseako atezaina, beltzez eta 80 zenbakia soinean duela. / Chelsea
Iribar Zarauzko Makatza baserrian jaio zen 1943ko martxoaren 1ean. 19 urterekin egin zuen debuta Athleticen lehen taldean, eta hemezortzi denboralditan 614 partida jokatu zituen. Espainiako Kopa irabazi zuen 1969an eta 1973an, eta Espainiarekin Eurokopa irabazi zuen 1964an. 1979ko abenduan jokatu zuen azken partida, baina harrezkero harreman estua izan du beti Athleticekin eta klubeko ikur eta ordezkari da.
Iribar, Athleticeko lehen taldeko jokalariekin, joan den asteazkenean urtemuga ospatzen. / Athletic Club