Iago Herrerin. Athleticeko jokalaria

«Atezaina naiz: hutsegitearekin eta kritikarekin bizitzen ikasi dut»

Ahobizar barik jarduten da Herrerin. Errespetua dio Eibarri, eta taldearen xedeak zulotik irtetea izan behar duela dio. Bere lanaz, berriz, esan du «lehia onak eta ez horren onak» jokatu dituela.

JAVIER ZORRILLA / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Iago Herrerinek ehun partida baino gehiago jokatu ditu Espainiako Lehen Mailan. Hala ere, bere kirol ibilbide ia guztian beste atezain batzuen itzalean bizi izan da: lehenbizi, Gorka Iraizozen itzalpean, eta, gero, Kepa Arrizabalagarenean. Baina bi atezain horiek jada ez daude Athleticen, eta haien lekua hartzeko aukera eman dio Herrerini. Oraingoz, entrenatzailearen babesa du, eta kritikoak diren zaleak konbentzitu guran ari da, lan txukuna eginez.

Athletic egoera larrian zegoen abenduan, baina, Gaizka Garitanok taldearen ardura hartu duenetik, irauli egin duzue egoera. Salbaziotik hiru puntura zeundeten, eta, hamar jardunaldian, zazpi punturen aldea lortu duzue. Azkar eta ondo irauli duzue egoera.

Bolada kontua da. Haizeak kontrara jotzen duenean, dena oker ateratzen da. Bestalde, dinamika onean dagoen talde batek egiten duen ia guztia positiboa izaten da. Guk dena eman behar dugu lehiakor izateko. Behar den intentsitatearekin jokatu ez dugunean, sufritu egin dugu. Beraz, badakigu zer egin behar dugun.

Bolada aipatu duzu. Sasoi honetan talde askok izan dituzue gorabehera handiak. Puntu asko irabazi dituzuen jardunaldiak lehorte handiko sasoiekin uztartu dituzue. Zergatik?

Parekotasun handiko txapelketa jokatzen ari gara. Ez dago erraz irabazten duen talderik. Klub guztiek dituzte diru sarrera handiak, eta horrek maila oneko futbolariak fitxatzeko aukera ematen die. Denboraldi hasieran, Espanyolek eta Gironak garaiezinak ziruditen, eta, egun, zailtasunak dituzte. Gu, berriz, hobeto ari gara orain. Bolada arraro samarrak dira, bai. Beraz, ezin dugu lo hartu. Urtetik urtera politagoa da liga.

Zer aldatu da taldean zulotik irten ahal izateko?

Emaitzak aldatu dira. Puntuekindarra ematen dute. Garaipenek aldatu egiten dute burua. Gauzak ondo egin ditzakegula sinesten lagundu digute emaitza onek. Bestalde, Gaizka [Garitano, entrenatzailea] lan bikaina egiten ari da. Guztion artean aurrera egiten ari gara.

Iñigo Martinezek esan du «bost gauza» ari zaretela egiten, baina egiten duzuena «oso ondo» gauzatzen ari zaretela. Egoera gaitza denean garrantzitsua da ez nahastea?

Eduardo Berizzo kargutik kendu zutenean talde guztia elkartu ginen. Elkarri aurpegira begiratu, eta ikusi genuen autokritika egin behar genuela. Ez ginen gure jokoa erakusten ari. Argi geneukan guztiok bat eginda eta gogor entrenatuta hobetuko genuela.

Askok diote Athleticek ez dakiela bere ate inguruan defendatzen. Baina kontrakoa dirudi. Zuk zer uste duzu?

Tira, lasaiago jokatzea gustatuko litzaidake. Atean asko sufritzen da. Aurrelaritik hasi eta azken defentsara arte, lan egiteko gertu gaude.

Ligaren lehen bi herenetan asko sufritu ostean, azken txanpan gozatzeko aukera izango al dute jarraitzaileek?

Guk horretarako egiten dugu behar. Sasoi honetan asko ari gara sufritzen. Egunerokoan ereindakoa jaso gura dugu. Halaber, argi izan behar dugu ez dela batere samurra neurketak irabaztea. Beraz, emaitzak onak direnean gozatzen ahalegindu behar dugu.

Europa sei puntura dago, eta jaitsiera, zazpira. Aurrera edo atzera begiratzen duzu?

Nik hurrengo partida baino ez dut buruan. Ez da ahaztea komeni duela hilabate eta erdi sailkapenaren zuloan geundela. Zuhurtziaz jokatu behar dugu. Ahalik eta azkarren atzeko postuetatik urruntzea da lehentasuna. Behin hori lortzen dugunean hasiko gara beste helburu batzuk jartzen.

Liga gero eta gogorragoa da?

Sarri hitz egiten dut Leganeseko lagunekin [han jokatu zuen 2016-2017ko sasoian, utzita] eta haiek argi esaten didate urtetik urterajokalari askoz hobeak fitxatzen dituztela. Dirua dago. Bartzelona, Real Madril, Atletico Madril eta Sevilla ere inoiz baino puntu gehiago ari dira galtzen.

Eibar da telebista eskubideetatik jasotako diru sarrerak aprobetxatzen ari den taldeetako bat. San Mamesen ariko da gaur. Zer itxura hartzen diozu norgehiagokari?

Neurketa parekatua eta gogorra izango da. Sailkapenean, antzera gaude. Eibar oso ondo ari da. Talde arriskutsua da; aurkariak egiten duen jokoa gainditzeko gaitasuna du, eta baliabide asko ditu. Baina guk geureari erreparatu behar diogu: San Mamesen jokatzeak lagundu behar digu.

San Mames aipatu duzu. Azken jardunaldietan askoz beroagoa da giroa. Taldeak eta harmailak bat egin duzue berriro?

Une latzetan ere izan dugu haien babesa. Kontua da orain hobeto ari garela, eta horrek ere laguntzen duela. Batuta gaudenean askoz indartsuagoak gara.

Zu gustura zaude erakusten ari zaren jokoarekin?

Tira, Unai Simon hasi zen jokatzen. Niri aukera eman zidatenean, taldea zuloan zegoen. Aste osoan lan ona egin arren, partida batzuetan gizaki gardena ematen nuen. Ez nuen baloi bat gelditzen. Behin baino gehiagotan haserre itzuli naiz etxera, zer gertatzen zitzaidan ulertu ezinik. Beste lehia batzuetan, ordea, taldeari lagundu ahal izan diot.

Athleticeko atezain gisa, zure garai iritsi dela sentitzen duzu?

Nik aspalditik pentsatu dut hasierako hamaikakoan jokatzeko prest nengoela. Zaleen gustuen aurka ezin dut ezer egin: batzuek Simon nahiko dute, eta beste batzuek, Herrerin. Nik eguneroko lanean sinesten dut.

31 urte bete berri dituzu. Atezain izateko adin ona da.

Ez da adin txarra. Sasoian nagoela irizten diot. Gainera, ez dut lesio larririk izan. Adinari begiratu beharrean, zelaian egiten dena epaitu behar da.

Zure adina ez da hizpide izan, baina bai zure gerri buelta, bai gaur, bai duela hamar urte Athletic B-n ari zinela. Gehienetan hutsegite baten ostean aipatzen da hori. Zein iritzi duzu kritika horiez?

Atezain batek, asmatzen duenean, oso ona da, eta egun txarra duenean, lodi dago; onartu egin behar dut. Lezaman eguneroko jarraipena egiten diguten espezialistak ditugu. Atezain bat loratzeko ezin da beste bat gutxietsi. Unai Simon edo Alex Remiro gustuko duenak esan dezala, baina bestea mindu barik. Nik beti izan ditut arazoak pisuarekin, baina beti landu dut alor hori, arazo horri aurre egiteko. Bestalde, atezainen elastikoek ere ez dute asko laguntzen. Zakuak dirudite.

Min egiten dizute gisa horretako iruzkinek?

Ez. Ohitu egin naiz. Itzalean lan egitera ohituta nago. Nirekin kritiko direnek inoiz ez dute nire partida on bat txalotu. Bestalde, hutsegiterik txikiena baliatzen dute egurra emateko. Atezaina naiz: hutsegitearekin eta kritikarekin bizitzen ikasi dut. Buruz gogorra naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.