«Hemendik aurrera harmailetan izango naiz, zuekin batera taldea animatzen eta bultzatzen, eta Athleticez beste era batera disfrutatzen. Ziur, zuek bezainbeste egingo dudala». Hitz horiekin agurtu da Ainhoa Tirapu Athleticeko jokalaria (Iruñea, 1984) zaleez. Iruñeko atezainak erretiroa hartzea erabaki du, sasoia amaitzean. Badoa, talde zuri-gorrian hamabost denboraldi egin, eta 358 partida jokatu eta gero. Bera da historian partidan gehien jokatu dituen laugarren jokalaria. «Zelaian agurtu nahi nuen, baina egoera dela eta, ez dakit posible izango den. Ez dakigu gure txapelketa amaitu ahal izango dugun edo ez. Horregatik, modu honetara egitea erabaki dut», azaldu du Tirapuk, Athleticek bere sare sozialetan zabaldutako bideoan.
Eskertuta mintzatu da, bai zaleei, baita klubari ere. «Athleticen pertsona gisa hazi naiz, zuen indarrak indartsuago egin nau, eta zuen babesa izan da nirehauspoa». Harrobiko gazteei lekua uzteko unea dela uste du. «Espero dut haiek ere nik egin dudan moduan disfrutatzea Athleticez, eta dena ematea, nik egin dudan moduan».
Tirapuk Barañaingo (Nafarroa)Lagunak taldean egin zituen bere lehen urratsak. Denboraldi bat egin zuen Badajozko Puebla taldean, eta 2005-2006ko denboraldian ailegatu zen Athleticera, Txabo Araguesen eskutik. Zuri-gorriek hiru liga zituzten irabazita ordurako. 20 urte besterik ez zituen. Debuta 2005eko abuztuaren 9an egin zuen, Glasgowren aurka, Txapeldunen Ligako partida batean. 6-2 irabazi zuten zuri-gorriek.
Hurrengo denboraldian lortu zuen bere lehen liga, etagaur arte ia galdu ez duen lekua egin zuen Athleticen atean, Iñigo Juaristik emandako konfiantzari esker. Are erabakigarriagoa izan zen, Athletic lortutako azken ligan, 2015-2016ko denboraldian. Hamarkada bat eta gero, berriro ere titulua altxatzeko gai izan ziren,besteak beste, atzealdean erakutsi zuten sendotasunari esker. 30 jardunalditan hamabost gol baino ez zituzten jaso,eta, ezinbestean, Tirapu zutarrietako bat izan zen. «Liga hori ez dut sekula ahaztuko. Asko sufritzetik gentozen, urte askoan bigarren izatetik... Inor gutxik espero zuen halakorik. Nik gehien disfrutatu dudan denboraldia izan zen, nire onena, ziurrenik», aipatu izan du.
Jokatu duen azken partida ofiziala iragan martxoaren 1ean izan zen, Lezaman, Espanyolen aurka.Talde zuri-gorriak 0-0 berdindu zuen. Duela egun batzuk etxetik egindako prentsaurreko batean onartu zuen denboraldi «arraroa» izaten ari zela beretzat. «Sasoian egotea kosta egin zitzaidan, min hartuta egon nintzen, lan hitzarmenaren sinadura, txapelketaren etetea... Baina asko ikasi dudan denboraldia ere izan da, horrekin geratzen naiz».
Ziurtasuna eta soiltasuna
Garai bateko atezainen estiloari jarraituz, soiltasuna eta seriotasuna izan dira Tirapuren ezaugarri nagusiak ate azpian, bere taldekideei ziurtasuna emanez. Baina ez da zelaian izan bakarrik esanguratsua haren ekarpena, baita handik kanpo ere. Iraia Iturregi, Irune Murua, Eli Ibarra,Vanessa Gimbert edo eta Erika Vazquezekin batera, hiru ligak irabazi zituzten, eta egungo belaunaldiaren artean lotura lanak egin dituen jokalarietako bat izan da, talde zuri-gorriaren balioak eta filosofia harrobiko jokalariei helarazteko ardura hartuz.
Urte hauetan gertutik bizi izan du emakumeen futbolak profesionalizazioaren bidean egindako urratsak, ez bizi izan bakarrik, baita horietan eragin ere. Izan ere, berriki emakumeen futbolak lortutako lehen hitzarmenean, jokalarien bozeramaile izan zen, eta AFE futbolarien sindikatuko ordezkarietako bat negoziazio mahaian.
Tirapu honela mintzatu zen hitzarmena sinatu eta gero: «Hilabete hauetan niri egokitu zait jokalarien bozeramaile izatea, eta jende askok esan dit oso ausarta naizela. Baina ausartagoak dira nik ditudan lan baldintzak baino okerragoak izanda borroka honetan amore eman ez dutenfutbolariak. Eredu dira». Arantza bat geratu zitzaiola ere onartu zuen:«Akordioa lehenago lortzea nahi genuen, eta pena dut horregatik. Nahiz eta oso batuta egon garen». Beste arlo batzuetan ere engaiatu da: euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarrikapenean, eta euskara bultzatzen.
Atezain engaiatuaren agurra
Ainhoa Tirapu Athleticeko atezainak erretiroa hartzea erabaki du denboraldi amaieran. Hamabost sasoi egin ditu talde zuri-gorrian, 358 norgehiagoka jokatu, eta bi liga irabazi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu