Aitor Fernandez (Arrasate, Gipuzkoa, 1991) Euskal Herriko haztegi amaigabeak eman duen beste atezain bat da. Gazte hasi zen nabarmentzen. Athleticen jokatzen zuela, Lehen Mailako bi partidatarako deitu zuen Joaquin Caparrosek. 16 urte besterik ez zituen. Baina ustez notizia bikaina zenak ez zion mesederik egin gero. Onenekin lehiatzeko aukera gertu ikusi ondoren, futbolaren beste aurpegia ezagutu zuen, garratzena. Numantzian hasi zen bere onena ematen, duela hiru urte. Handik Levantera egin zuen urratsa. Bada, Soriako (Espainia) hotzera bezain ondo egokitu da Valentziako epelera (Herrialde Katalanak). Bere kirol ibilbideko garairik gozoenean dago. Paco Lopez entrenatzailearen konfiantza guztia dauka, baina oraindik ez daki San Mamesen jokatuko duen. Igande goizean Arrasaten egon beharra dauka. Espainiako Gorteetako hauteskunde mahai batean egoteko ordezkoa da. «Lagun artean txantxetan ari ginen kontu honen inguruan, eta zerrendak begiratu nituenean ezustekoa hartu nuen», esan du, umore onez.
Ligan geldiketa gehien egiten dituen atezaina zara. Lan bikaina egiten ari zarela erakusten du horrek, baina ez du leku onean lagatzen Levanteren defentsako beharra.
Bi irakurketa egiteko aukera ematen du datu horrek. Taldeari kosta egin zaio ondo aritzea. Jokoa hartzea kostatu zaigu, baina azken jardunaldietan oso lan ona egin dugu arlo guztietan.
Geldiketa asko egin dituzu, eta, era berean, taldeari puntuak lortzen lagundu dioten agerraldiak izan dira. Ezin duzu askoz gehiago eskatu.
Konfiantza handiarekin ari naiz jokatzen, eta zelaian nabaritu egiten da. Taldean garrantzia hartu dut. Atezainak jokalariak baino beranduago lehertzen garela uste dut. Egindako atezaina naizela esango nuke, heldua. Momentuaz gozatzen ari naiz. Sasoi ona ahalik eta gehien luzatzea dut xede.
Entrenatzaileei kosta egiten zaie atezain gazteei lekukoa ematea. Gorengo mailarako bidea luze egin al zaizu?
Asko kostatu zaidan irudipena daukat. 16 urterekin hasi nintzen Athleticen lehen taldearekin entrenatzen, eta 27rekin jokatu nuen aurreneko partida Lehen Mailan. Itxaronaldia oso luzea egin zait. Uste nuen ez zela inoiz iritsiko debuteko eguna. Bestalde, atezain gehienak nire adinean hasten dira nabarmentzen. Beraz, hala izan beharko zuela ere pentsatu dut.
Zer oroitzapen daukazu Athleticen lehen taldearekin entrenatzen hasi zinenekoa?
Sentipena daukat ez nengoela prest gorengo mailan aritzeko. Egun batetik bestera asko aldatu zitzaizkidan gauzak, eta hori guztia egoki barneratu behar da. Gorengo mailarako urratsa egitear dauden gazteak kudeatzen jakin behar da.
28 urteko atezainak eskarmentua eta gaztetasuna uztartzen ditu. Sasoi onenean zaude.
Bai. Atezain baten urterik onenak 28tik 33ra bitartekoak dira. Tarte horretan sartu berria naiz. Dozena erdi bat urtez nire onena ematea espero dut.
Paco Lopez Vila-real B-n eta Levanten izan duzu entrenatzaile. Zenbaterainoko garrantzia dauka zure kirol ibilbidean?
Pacorekin zorretan nago. Lehen Mailan jokatzeko aukera emateaz gain, indar handia egin zuen Levantek ni fitxatzeko. Bigarren Mailan bi urte besterik ez daramatzan atezain batengatik milioi bat euro pasatxo ordaintzea kosta egiten zaie klubei. Levanteko presidentea konbentzitu zuen, eta egindako apustua fruitua ematen ari dela dirudi.
Gustura zaude Levanten?
Bai, oso ondo nago. Kluba gertukoa da. Valentzian eguraldi ederra egiten du. Bikotekidea eta biok oso gustura gaude hemen.
Behin baino gehiagotan agertu da zure etorkizuna Athletici eta Realari lotuta. Itzultzeko aukera tentagarria al da?
Zortzi urte daramatzat etxetik kanpo, eta bueltatzeko gogoa daukagu. Hala ere, nik Levanten daukat burua. Lan ona egin gura dut, eta gero gerokoak.
Noiz arte daukazu kontratua?
2022ko ekainaren 30 arte arte sinatu nuen. Hala ere, klubarekin hitz egiten ari naiz, kontratua egokitzeko.
Nola azalduko zenuke larri samar dabilen talde batek aste berean Reala eta Bartzelona mendean hartzea?
Realaren eta Bartzelonaren kontra jokatu aurretik, Espanyolen kontra neurtu genituen indarrak. Levanten jokatzen dudanetik taldeak egin duen neurketarik txarrena izan zen. Ez zitzaigun ezer atera. Gure jarrera ere ez zen egokia izan. Aldagelan elkartu ginen teknikariarekin batera, eta bakoitzak pentsatzen genuena bota genuen. Ordutik hona, taldea aldatu egin da. Realaren kontra oso ondo aritu ginen, eta are eta finago Bartzelonaren kontra. Levanteren helburua mailari eustea da, baina jokalari onegiak ditugu azkenera arte sufritzen egoteko.
Levantek apal ospea du, baina ez zaio kalitatea falta. Inguruak zer eskatzen dizue?
Levante duela hiru urte Bigarren Mailan ari zen. Duela bi urte eta iaz, azken jardunaldietan salbatu ginen. Beraz, argi dago Levanteren helburuak gorengo mailan ahalik eta urte gehien irautea izan behar duela. Halere, lasai ibiltzeko kalitatea daukagula uste dut.
Denboraldi honetan inoiz baino parekotasun handiagoa dago ligan. Borroka handia egon behar da talde bakoitzak bere helburuak lortzeko.
Lehia handia dago, bai, eta polita da hori hala izatea.
Igandean San Mames bisitatuko du Levantek. Athleticek ez dauka Realak eta Bartzelonak duten erasoko jokoa, baina talde ezerosoa da, lehiakorra. Nola ikusten duzu zuk talde zuri-gorria?
Athleticen jokamoldeak ez dauka zerikusirik Realak eta Bartzelonak egiten dutenarekin. Bi horien jokoa duten talde gutxi dago gorengo mailan. Athleticek beste ezaugarri batzuk ditu. Baloi gabe, oso talde indartsua da, eta baloiarekin, zuzen jokatzen du. Defentsan ere fin ari da. Garaipena dugu xede, baina berdinketa ere ez litzateke txarra izango.
Zer egin beharko duzue Athletic estu hartzeko?
Talde gisa aritu. Baloirik ez daukagunean, elkarren ondoan egon behar dugu. Baloia dugunean, gai gara Athletici min egiteko. Haien presioa gainditu behar dugu, baina San Mamesen ez da erraza izaten hori lortzea.
Aitor Fernandez. Levanteko atezaina
«Ateak txikiagoa dirudi orain»
Lan bikaina ari da egiten Levanten Aitor Fernandez. Kontratua egokitzeko negoziatzen ari da, baina ez dizkio ateak itxi etxera bueltatzeari. Igandeko bozetan mahai bateko ordezko da, baina espero du San Mamesen aritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu