Euskal Herriko emakumeen piraguismoko erreferente bat bada, hori Maialen Chourraut da. Gogoangarria izan zen Rioko 2016ko Olinpiar Jokoetan lortu zuen urrezko domina. Goi mailan lehiatzen segitzen du Chourrautek, eta udan Tokioko Olinpiar Jokoak ditu begiz jota. Baina, haren arrastoan, bada pixkanaka bidea egiten ari diren emakume piraguista gazteen beste belaunaldi bat. Jaitsieretan gainditu behar dituzten ateak bezala ari dira gainditzen gorengo mailara eramango dituen ateak. Bizkor, ur bizietan bezala.
Belaunaldi berri horretako bi adibide dira Miren Lazkano (Donostia, 1997) eta Klara Olazabal (Irun, 1998). Biek jada erakutsi dute zertarako gai izan daitezkeen. Lazkanok, adibidez, 2018an urrezko domina bat eskuratu zuen Europako 23 urtez azpiko txapelketan, eta bi maila bereko Munduko Txapelketan. Olazabal, berriz, 2019an bosgarren izan zen C-1 mailan, Seu de Urgellen jokatutako Munduko Txapelketan.
Biek bi gako aipatu dituzte harrobia hain osasuntsu egoteko. «Gure artean oso giro ona dugu. Ordu ugari pasatzen ditugu elkarrekin, eta harreman estua daukagu», azaldu du Lazkanok. Kirolaren izaera bera aipatu du Olazabalek. «Kateatu egiten zaitu. Izan ere, teknikoki eta mentalki asko eskatzen duen kirol bat da. Akatstxikiena ere garesti ordaintzen duzu, eta horrek berak muturrera eramaten zaitu beti. Hori du berezi eta erakargarri gure kirolak».
Pandemia dela eta, iaz apenas lehiatu ziren. Baina berriki izan dute denboraldiko lehen proba, Espainiako Kopakoa, Pontevedran (Galizia), eta onenen artean egon daitezkeela erakutsi dute beste behin. Lazkano, adibidez, onena izan zen bi egunetan C1 mailan. Olazabal, berriz, laugarren lehen egunean, eta hirugarren bigarrenean.
Biak irrikaz zeuden lehiara itzultzeko.«Egoera honetan, dena da zalantza. Guztiontzat da ona lehiatzen hastea, pixkanaka egoerari normaltasuna emateko», nabarmendu du Lazkanok. Aurrera begira jarri da Olazabal: «Orain, ea segida ematen zaion eta maiztasunez lehiatzeko aukera izan dezakegun». Izan ere, biak bat datoz: «Benetan nahi duzuna da entrenatu duzun hori lehiaketan erakutsi, eta aurkariekin indarrak neurtu, benetan zu non zauden jakiteko».
Lazkano, gainera, pandemiaren aurretik ere ia lehiatu ezinik egon zen, sorbaldan ebakuntza bat egin eta gero. «Niretzat lasaitu handia izan da, hainbeste denbora geldirik egon eta gero, berriro ere neure burua onenen artean ikustea». Olazabalek ere nahiko gustura amaitu zuen. «Denetarik egon zen. Lehen egunean, amaiera arte oso jaitsiera ona egin nuen, baina akats larri bat egin nuen ateetako batean. Aurreraka hartu beharrean, atzeraka hartu nuen. Baina, aipatu bezala, gure kirolak hori du. Badira kontrolatu ezin ditugun gauzak. Dena den, sentipen onak izan nituen». Kontrolatu ezin dituzten elementu horietako bat da eguraldia. Pontevedran egun osoan izan zuten euria aurreneko jardunaldian. «Guk Bidasoan entrenatzen dugu, eta ohituta gaude euriarekin entrenatzera. Baina txapelketetan asko baldintzatzen zaitu. Izan ere, egun osoan euria egiten badu, ibaiaren ur maila igo, eta ezin duzu jaitsiera bakar bat ere baldintza berdinetan egin».
Asteburu honetan izango dute hurrengo Espainiako Kopako proba, eta, ondoren, Europako Txapelketari eta Munduko Kopei begirako hautaketa probak Espainiako selekzioarekin. Helburua argi du Lazkanok: «Hautatua izan eta nazioarteari begirako egutegi bat osatu ahal izatea da nire erronka».
Olazabalek oraindik ere aukera txiki bat du Tokioko Olinpiar Jokoetara joateko, ordezkoen artean baitago. «Ea gutxienez Tokion egin asmo diren egonaldietako batean parte hartzeko aukera dudan. Oso aberasgarria litzateke, gaztea naizelako oraindik, eta tarte handia dut hobetzeko: teknika, indarra... Lehiaketaz lehiaketa ari naiz hori bilatzen».
Chourrauten gomendioak
Tokion egongo dena Chourraut da. Biek onartu dute «erreferente» dela. «Oso gertukoa da, eta beti dago laguntzeko prest». Duen «nabigazio garbia» nabarmendu dute. «Oinarrizko oso teknika ona dauka, oso garbia. Gauzarik zailenak erraz egiten ditu. Hori ikasi behar dugu gazteek».
Haren gomendioei gertutik jarraitzen diete: Hauxe Lazkanori eman ohi diona: «Gauzak ateratzen ez zaizkidanean, maiz haserretzen naiz neure buruarekin, Beti esaten dit lan egiteko, askotan gauzak ez direla batek nahi duenean ateratzen. Baina lanak bere fruituak ematen dituela».
Klara Olazabal eta Miren Lazkano
Ateak gaindituz
Piraguismoan beren bidea egiten ari dira Klara Olazabal eta Miren Lazkano. Ilusioz ekin diote denboraldi berriari. Txapelketa guztiak hobetzeko aukera gisa ikusten dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu