Atea zabaldu diote

Iago Herrerin inoiz ez da izan Athleticen lehen aukera. Hala ere, egoerak behartuta eta jokalariak egindako lan onari esker, 2021era arte luzatu dio kontratua klubak.

haritz gallastegi
Bilbo
2018ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Gura dudan tokian jarraituko dut. Pozik nago, askotan gaitza izaten baita Athleticen parte izatea». Iago Herrerinen hitzak dira. Herenegun esan zituen, talde zuri-gorriarekin kontratu berria sinatu eta Josu Urrutia Athleticeko presidenteari eskua eman berritan. Atezainak klub zuri-gorrira lotuta jarraituko du 2021eko ekainaren 30era arte. 30 urte betetzear dagoela —hilaren 25ean beteko ditu—, bere kirol ibilbideko kontraturik garrantzitsuena izenpetu du. Gaztetxo zela Lezamara iritsi zenean amets egin zuen kontratua, hain zuzen ere.

Herrerinek hasierako hamaikakoan jokatzen hasi du urtea. Taldea goraka egiten ari da, eta haren ekarpena ere balekoa ari da izaten igoera horretan. Gauzak ondo ari zaizkio ateratzen. Zoriontsua da. «Titularra izan nintzatekeela erakutsi gura nuen. Gozatzen ari naiz», esan zuen atzo. Baina duela ez asko bestelakoak ziren kontuak. Urtebete atzera eginez gero, Herrerinen etorkizuna ez zegoen batere garbi talde zuri-gorrian. Taldeko hirugarren atezaina zen. Herrerin bera ere «bigarren mailako» atezaina sentitzen zen.Gorka Iraizoz eta Kepa Arrizabalaga zituen aurretik. Bata azken urteetan Athleticek izan duen atezain nagusia zen. Bestea, hasiberria izan arren, gauza harrigarriak erakusten ari zen harribitxia. Herrerinek aulkian ere ez zuen lekurik. Hortaz, maletak egin, eta Leganesera joan zen gorengo mailan joka zezakeela erakusteko.

Ordutik dena izan du alde. Madrilgo egonaldiak bere kirol ibilbideak behar zuen bultzada eman zion. Mailari eusteko lehian ari zen talde batean salbazioaren giltzarri izan zen. Lan bikaina egin zuen, eta horrek guztiak Bilbora itzultzeko ateak zabaldu zizkion. Kepa egonkortzen ari zen gorengo mailan, eta Herrerinen hobekuntzak Iraizozen ziklo amaiera ekarri zuen. Hasiera batean ordezko atezain gisa ekarri zuen talde zuri-gorriak. Klubaren erabakiak ez zuen guztiz bete. Bigarren atezainaren rola onartzeko zalantza egin zuen. Izan ere, denboraldi-aurrean aukera bat baino gehiago izan zuen beste proiektu bat abiarazteko. Talde dezenteren interesa piztu zuen, baina kargua hartu berri zuen Kuko Zigandak argi esan zion taldean gura zuela, Keparen ordezko, baina Athleticen.

Atezain biak pozik egote aldera, Kepari ligan jokatzeko aukera eman zion Zigandak, eta Herrerini Europa liga. Bitxia da, baina Athleticen lehen taldean daramatzan bost denboraldietan Europa ligan eta Espainiako Kopan Ligan baino norgehiagoka gehiago jokatu ditu. Sasoi honetan ere Kopa ere Herrerinek jokatuko zuela zirudien, baina teknikariak Kepa aukeratu zuen. Horrek min eman zion Herrerini. Ez zuen espero. Kolpea izan zen. Eta, bide batez, argi utzi zuen zein zen Zigandaren apustua.

Aurretik Kepa izanda eta atzetik Alex Remiro eta Unai Simon dohain handikoak indartsu datozela kontuan hartuta, duela gutxira arte ez zegoen batere argi zein izango zen Herrerinen etorkizuna behin denboraldia amaitutakoan. Beste urtebeteko kontratua izan arren, ez zegoen jakiterik klubak zein asmo zuen. Halaber, atezaina beste urtebetez bigarrena izateko gertu egongo zen ala ez zalantzan zegoen. Baina azken bizpahiru hilabeteetan zalantza guztiak uxatu dira. Keparen etorkizuna korapilatu egin da. Atezainak ez dio erantzun Athleticek egindako azken eskaintzari, eta Real Madrilen ingurutik datozen notiziek ondarroarrak beste bide bat hartuko duela pentsarazten dute.

Keparen zalantzek zein ondarroarrak orkatilan izan duen lesioak mesede egin diote Herrerini. Hark, hala ere, ez du uste Keparen egoerak zerikusia izan duenik. «Ondo ari naizelako berritu dut, ez dut uste Keparekin gertatzen ari denak eragina izan duenik», aitortu zuen atzo. Arrazoi du azken partidetan oso ondo aritu delako berritu duela, baina argi dago Keparen egoerak izan duela eragina.

Hobetu egin du

Athleticekin 2021era arte berrituta, urtebetean itzaletik argitara pasatu da Herrerin. Ordezko atezain on bat izateko aukeratua izan arren, zama handia duen ate bat zaintzeko ardura eman diote.Athleticen inoiz ez baitute Herrerin titular izateko aukera moduan ikusi. Jose Mari Amorrortu izango da salbuespena; kirol zuzendariak beti egin du haren aldeko apustua. 2010ean lehen taldeko ateak itxi zizkiotenean, Amorrortuk eraman zuen Atletico Madrilera. Amorrortu Lezamara bueltatzearekin batera ekarri zuen bueltan etxera. Gaztetatik izan da atezain ausarta eta oinarekin abila. Baina, era berean, erabaki okerrak maizegi hartzea ere leporatu diote. Taldea urduri jartzeko abilezia izatea, alegia. Halaber, gaztetan pisuarekin arazo asko izan zituen. Bada, badirudi okerrak gutxitu eta dohainak landu dituela. Horri esker, duela gutxi pentsaezina zirudien trena pasatu zaio aurretik, eta hartu egin du. Ikusteko dago gai izango den Athleticeko atezain izateak eskatzen duena emateko. Ligako azken hiru partidetan ez diote golik sartu, baina beti ez da horrela izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.