Talde bat nabarmentzeko ezinbestekoa da maila oneko futbolariak elkartzea. Bada, futbolari on horiek euren onena erakusteko, ezinbestekoa da aulkian aukeraren zain daudenek estutzea. Talde barruko lehiakortasuna izan ohi da arrakastaren giltzetako bat. Athleticen ez da erraza izaten barne lehia sustatzea. Kanpotik fitxatzeko aukerarik ezak eta harrobiko harribitxiek behar izaten duten denborak galera ekartzen dute. Baina, gorengo maila zapaldu bezain pronto, hasierako hamaikako atea botatzeko gai diren futbolariak ere agertu ohi dira. Daniel Vivian da exijentziari aurre egiteko prest agertu den azken lehoia. Erdiko atzelariak nahikoa izan du sasoi-aurreko lana teknikariaren konfiantza lortzeko. Yeray Alvarezen lesioak eta Unai Nuñezen jokoaren gaineko zalantzek ateak zabaldu dizkiote. Gazteak ez du huts egin.
Vivianen agerraldiak ilusioa sortu du. Zelai barruan eta kanpoan izan duen jarrerak erakusten du Athletici asko eman diezaiokeela. Zelaian nortasun handia dauka. Lege zaharreko erdiko atzelaria da. Bere dohain nagusia neurketa hasi eta amaitu bitartean daukan kontzentrazioa da. Adi egotea da atzelari ona izateko behar diren bertute nagusietako bat, akats txiki bat nahikoa baita taldeari atzera bueltarik ez daukan kaltea eragiteko. Vivian une oro dago zaintzea egokitzen zaion aurkariaren gainean.
Gainera, nortasun handikoa da, eta ez da kikiltzen. Hiru partida baino ez ditu jokatu gorengo mailan, baina eskarmentu handiko futbolariak zaindu behar izan ditu: Lucas Boye, Memphis Depay eta Santi Mina. Aurrelari horietako bakoitzak jokamolde ezberdina du, baina denetan moldatu da ondo. Eta, kontuak eskatu behar izan dituenean, ez du atzera egin. Baina inor ez da harritu zelaian erakutsi duen jarrera irmoaz. Gaztea izan arren, ohituta baitago denbora gutxian inguruan dituen futbolarien errespetua lortzen. Iaz, Mirandesen aritu zen, utzita, eta lehiaketa hasi orduko kapitain izendatu zuten. 21 urte besterik ez zituen, eta berria zen zilarrezko mailan. Atera kontuak.
Bestalde, goiko jokoa ere ondo menperatzen du; defentsan eta erasoan. Geldikako jokaldietan presentzia duen futbolari bat da. Atzelari bati eskatu behar zaizkion arlo guztiak menpera ditzakeela erakusten ari da. Baloiarekin nola moldatzen den ikusi behar. Iñigo Martinezek dauka taldearen jokoari hasiera emateko ardura, baina Viviani ere egokituko zaio lan hori egitea.
Bigarrena kateatzera
Vivianek onenen artean lekua daukala erakutsi gura du, baina badaki talde lana dela lehentasuna. Alde horretatik, Athletic bigarren garaipena kateatzen ahaleginduko da, Mallorca igo berriaren kontra, San Mamesen; gaur jokatuko dute neurketa, 21:00etan (Gol). Sancet eta De Marcos ez dira osatu. Zuri-gorriek 16.000 zaleren babesa izango dute.
Atea bota du
Daniel Vivian indartsu sartu da Athleticen. Ligako partida guztiak jokatu ditu, osorik, eta bikain aritu da. Gaur jokatuko dute, Mallorca igo berriarren kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu