Ate nagusitik atera nahi dute

Iker Vicentek eta Mikel Larrañagak sona handiko apustua jokatuko dute bihar Tolosan. Maila nagusiko bi onenak ariko dira; 1998an gertatu zen hori azkenekoz.

Mikel Larrañaga eta Iker Vicente, Tolosako zezen plazan. Bertan jokatuko dute apustua bihar arratsaldean. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Dirua baino gehiago jokatuko dute bihar Iker Vicentek (Otsagabia, Nafarroa, 1997) eta Mikel Larrañagak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1989). Egungo bi aizkolari onenak elkarren aurka ariko dira, beren belaunaldiko apusturik entzutetsuenean. Ez alferrik, maila nagusiko txapelketan lehen bi postuetan sailkatu dira azken hiru urteetan: Vicente izan da txapeldun 2019an, 2020an eta 2021ean, eta Larrañaga izan da txapeldunorde. Aldiz, azpeitiarra nagusitu zen iazko beste txapelketa nagusian: Urrezko Kopan.

Hargatik, sona handikoa daTolosako (Gipuzkoa) zezen plazan egingo duten lehia (18:30). Haien ibilbidea markatu dezakeen lehia bat izango da. Aizkorako aginte makila izango dute jokoan, eta biek zezen plazako ate nagusitik atera nahi dute.

Urtarrilaren 5ean adostu zuten dema, Tolosako Kantabriko tabernan. Sei oinbiko (72 ontzako enborrak) eta hamabi kana-erdiko ebaki beharko dituzte (54 ontzakoak). Larrañagakeramango ditu oinbikoak; egurrik handienak dira, 1,6 metroko perimetrokoak. Bi kana-erdiko ere hark jarriko ditu —1,2 metrokoak—. Gainontzeko hamar kana-erdikoez Vicente arduratuko da.

Bistan denez, lan handiak hitzartu dituzte: «Ez naiz damutu», esan du Vicentek: «Gustura geratu nintzen Kantabrikon egindako jokoarekin, eta entrenamenduetan ere hala aritu naiz. Gainera, apustuak gogoko ditut, eta gogo handia dut».

Larrañagak ere ilusio bereziz hartu du Vicenteren aurkakoa. Haren arabera, «prestaketak eginda, jokatzea besterik ez da geratzen». Ordea, bi kirolariek hiru hilabete egin dituzte eguna joan eguna etorri entrenatzen. «Aldi perfektua» izan da hori, azaldu du Vicentek; Otsagabikoaren hitzetan, «txapelketetarako erabiltzen den tartea da, eta hortik gora egitea ez da beharrezkoa lan horietarako».

Gogotik jardun dute biek, nork bere ertzak leuntzeko. Nafarrak «kilo pare bat» hartu ditu; gipuzkoarrak, berriz, hamar kendu ditu. Denak du bere zergatia, eta Larrañagak ondo zehaztu du hori: «Serio prestatu dut neure burua, eta elikadurari asko begiratu diot. Aukeran, kilo gehiegi nintzen. Indarra banuen, baina, oraingoan, lan luzeagoa egingo dugu beste txapelketen aldean, eta erresistentzia lantzeko egin dut. Agian, aizkorarako zakartasuna galduko nuen, baina uste dut iraupena hobetu dudala».

Justu kontrako helburuz aritu da Vicente. Egungo txapeldunaren esanetan, beste aizkolariek «indar handiagoa» dute, eta hori orekatzeko asmoz hartu ditu kiloak: «Ea hasieratik eusten diodan haren abiadari. Lan luzerako ahalik eta gantz portzentaje txikiena eduki behar da, baina indarra behar dugu», Oreka hori lortzeko, Vicentek proteina gehiago hartu du arraina eta haragia janda, eta pastarekin eta barazkiekin uztartu du hori.

Biek den-dena neurtu dute apustuaren atarian. Irabazi edo galdu, oso bestelakoa izango da bakoitzaren aldartea. Bi lagunek badakite hori, eta horretara bideratu dituzte entrenamenduak: «Prestakuntzak bere gainak eta lautadak izaten ditu. Azken gainaldian oso nekatua egon nintzen, lan oso gogorrak egin ditudalako. Orain freskura ailegatzen ari zait», azpimarratu du Vicentek.

Gainera, bi aizkolariek diziplina ezberdinak uztartu dituzte, bihar ahalik eta ondoen egoteko. Erresistentzia, teknika, indarra... goi mailako kirolarien jarduna da egungo aizkolariena. Hala adierazi du Larrañagak: «Egurra moztuta bakarrik jai dago. Gorputzeko beste atalak ere landu egin behar dira. Bai gimnasioan, indarra landuz, bai mendira joanez... Niretzat, alor guztiak ukitzea garrantzitsua da, plazara %100ean joateko».

Historia idatzi nahian

Txapelketetan gehiago aritu diren arren, biek dute apustuetako esperientzia. Larrañagak bi egin ditu, Eneko Otañoren eta Alex Txikonen aurka. Vicentek bat, Xabier Orbegozo Arria V.aren kontra. Biak garaile suertatu ziren haietan.

Hala ere, bestelako sona izango du biharko apustuak. Jokoaren atarian, «historiko» deitura gehitu zaio han-hemenka, eta hala izan daitekeela dio nafarrak: «Baietz uste dut. Azkeneko urteetan elkarren ondoan aritu gara; abuztuan, Urrezko Kopan irabazi egin zidan, eta udan askotan nagusitu zait. Bereziki azken urtean oso pareko aritu gara. Bien artekoa jokatuta, uste dut betirako geratuko dela, eta ea apustu polita izaten den».

Larrañagak egin zuen jokoa hitzartzeko deia. Azken urteetako emaitzez jabetuta erabaki zuen hori: «Azken urteetako bi aizkolaririk onenak plazan aurrez aurre jarrita, izenarengatik bakarrik, apustu handien itxura du. Nire partetik dena eman dut, eta, gauzak ondo direla, apustu ederra izango da».

Aurrez, hamabi alditan egin dira lehen bi sailkatuen artekoak; txapeldunordea nagusitu da gehienetan: zazpi bider. Gainontzeko bostetan, txapeldunak eutsi egin zion nagusitzari. Aspaldi da, ordea, halakorik jokatu ez dela, eta ikusmina handia da herri kirolen zaleen artean. Orain hurrena, Donato Larretxeak eta Joxe Mari Olasagastik egin zuten bi onenen artekoa. Lehendabizikoa nagusitu zen; hain justu, urte hartan bigarren izan zena.

Hainbestekoa izan da denboraren joana, ezen Vicentek eta Larrañagak gerora izan dute haren berri. «Nik urtebete baino nuen orduan», esan du egungo txapeldunak. Hori bai, Vicentek gehitu du «ziurrenik» Donezteben (Nafarroa) izango zela egun hartan: «Gurasoek txapelketa eta apustu denetara eramaten ninduten».

1998ko abenduaren 20an izan zen. Hain justu, Larrañagak 9 urte egin zituen egun hartantxe: «Ni ez nintzen han izan, baina handia izan zen. Gerora entzun dut, eta baita liburuetan irakurri ere». 23 urte geroago, berak eta Vicentek etorkizuneko liburuetan agertuko den apustua jokatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.