«Ate handitik» joango da»

Aimar Olaizolaren albisteak sentipenez josi die burua Juan Martinez de Irujori, Abel Barriolari eta Mikel Urrutikoetxeari. Goizuetarrak 23 urtez egindako ibilbide «oparoa» goratu dute.

Aimar Olaizola, pilota jotzear, azken binakakoan. GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun

Pilotazale askok kasu egingo zioten atzo Aimar Olaizolaren prentsa agerraldiari, baita urte askoan goizuetarrarekin batera aritu diren zenbait pilotari eta pilotari ohik ere; besteak beste, Juan Martinez de Irujok, Abel Barriolak eta Mikel Urrutikoetxeak.

[YouTube]https://youtu.be/vFrZpaw51lg[/YouTube]

JUAN MARTINEZ DE IRUJO
Pilotari ohia

«Inbidia ematen dit, nahi duen egunean erretiroa hartuko duelako»

Pilotaren munduan iraultza egin zuten bi pilotariak izan dira Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo (Ibero, Nafarroa, 1981), pilotalekuetako ikusleak gozarazteraino; haur, gazte zein heldu. Goizuetakoaren agurrak barrenak mugitu zizkion atzo Irujori. Zintzoki mintzatu da: «Aimarrek inbidia ematen dit, berak nahi duen egunean eta lekuan erretiroa hartzeko aukera izango duelako, nik ez bezala. Pilotari guztiek sinatuko lukete hori».

Olaizola II.aren albisteak ez du ezustean harrapatu Irujo: «41 urterekin nekezagoa da goi mailako kirolaria izatea, bai entrenatzeko orduan bai indarberritzean. Halere, meritu handia du amaiera arte maila ona ematen ari delako». Bide horretan, ez du zalantzarik: «Ate handitik doa», haren belaunaldiko azken pilotaria.

Elkarren artean kantxan izan zituzten «lehia handiekin» geratu da Irujo. «Saltsa eta morbo handia egoten zen, baita pilota aukeraketan ere». Jokamoldea erabat aldatu zuen Iberokoak: joko biziagoa, airekoa. «Aimar erabat egokitu zen, eta pilotari ekarpen handia egin genion, baita gure buruari ere».

ABEL BARRIOLA
Pilotari ohia

«Benjaminetatik irabazle sena izan du, eta hori berezko dohaina du»

«Pilotari historiko baten azken bi hilabeteak heldu dira». Olaizola II.ak egindako agerralditik ondorio horrekin geratu zen Abel Barriola pilotari ohia (Leitza, Nafarroa, 1978). Erretiroa hartzeko erabakia «agudo» edo «beranduago» helduko zela jakina zen. «Azken batean, bizilegea da, baina berak nahi duenean erretiroa hartzeagatik zorionekoa da».

Goizuetarrak bere ibilbide profesional osoan egindakoa harrotasunez goratu du Barriolak: «Horrelako pilotariak ateratzea oso-oso zaila da. Aimar apartekoa da». Pilotari «berezitzat» jo du, «arlo guztietan: teknikoan, fisikoan zein psikologikoan». Gainera, Goizuetakoak txikitatik izan duen berezko dohaina azpimarratu du: «Benjaminetatik irabazle sena izan du, eta hori berezkoa du».

Olaizola II.ak pilotan utziko duen arrastoa «handia» izan dela zalantzarik ez du. Haren ibilbide oparoa «nostalgikotzat» hartuko du. «Baina guztien gainetik pilota dago, eta horrek betirako jarraituko du».

MIKEL URRUTIKOETXEA
Baikoko pilotaria

«Nire erreferentea den pilotariarekin txapela lortzea handia izan da»

Atzoko berria «penaz» hartu zuen Mikel Urrutikoetxea pilotariak (Zaratamo, Bizkaia, 1989), «Aimarren amaiera gero eta gertuago dagoelako». Pilotari «handitzat» du Olaizola II.a. 16 urterekin goizuetarrarekin lehendabizikoz entrenatzeko aukera izan zuen. «Ordutik, bion arteko harremana sendotuz joan da. Lagun zintzoa da, eta edonoiz laguntzeko prest dagoena; asko eskertzen diot den bezalakoa izateagatik».

Zaratamokoak laudorio hitzak besterik ez du: «Niretzat pilotari erreferentea izan da, eta izango da». 23 urtez maila «izugarrian» jokatu duela nabarmendu du. «Edozein modalitateetan txapelak irabazteko lehian ibili da beti, eta duen adinarekin hori lortzea ez da batere erraza. Horrek erakusten du nolako pilotaria den».

Ametsa «beteta» geratu zaio Urrutikoetxeari: buruz buruko finalean Olaizola II.ari irabaztea, 2015ean. Binakakoan lortutakoa ere gogora ekarri du: «Elkarrekin txapela lortzea ikaragarria izan zen. Betiko gordeko dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.