Futbola

Ataraxiara iristeko bidean

Alavesek lehia garrantzitsua jokatuko du gaur etxean, Mallorcaren aurka. Irabaziz gero, oso bideratuta utziko luke mailari eusteko helburua. Mallorcak Realaren kontrako Kopako lehian izango du jarria begi bat.

Jon Guridi eta Samu Omorodion, duela bi aste aurrelariak Vila-reali sartutako gola ospatzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jon Guridi eta Samu Omorodion, duela bi aste aurrelariak Vila-reali sartutako gola ospatzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
enaut agirrebengoa
2024ko otsailaren 24a
05:00
Entzun

Ataraxia deritzo gogoaren erabateko lasaitasunari. Beldur eta kezkarik gabeko oasi horretan, soseguaren laztan goxoak gain hartzen dio pentsamendu ezkorren eragin aztoratzaileari. Meditazioa baliagarria izan daiteke egoera horretara iristeko. Alaves gehien baretzen duena, aitzitik, partidak irabazi eta jaitsiera postuak urrun ikustea da. Salbazioa nola edo hala lortzeko helburuarekin hasi zuen denboraldia. Sufritzeko prest zegoen, igo berria izanik. Bada, lanak aurreratuta iritsi da ligaren azken herenera: 28 puntu bildu ditu orain arte lehiatu diren 25 jardunaldietan, eta sailkapeneko zulotik 11 puntura dago. Aspaldi utzi zion asaldatuta egoteari, eta beste garaipen lasaigarri bat lortzen saiatuko da gaur, Mendizorrotzan, Mallorcaren aurka.

Bi taldeak aurkari zuzenak dira mailari eusteko bidean, baina abantaila du Alavesek: bost puntu gehiago ditu sailkapenean. Gaur irabazita, aukera asko izango luke sasoia Mallorcaren gainetik bukatzeko. Begi bat Espainiako Kopan jarrita iritsiko da Javier Aguirrek zuzendutako taldea, datorren astean finalerdietako itzuliko partida jokatuko baitu Realaren aurka, Anoetan. Ez dira baldintzarik onenak gaurko neurketan arreta osoz jarduteko. Alabaina, Mallorca ezin da lokartu ligan, atzekoen saila sei puntura izanik. Garaipen bakarra erdietsi du azken zazpi jardunaldietan. Kontrara, Alavesek indar betean hasi du urtea: hiru garaipen, hiru berdinketa, eta galdutako lehia bakarra. Konfiantza osoz helduko dio gaurko norgehiagokari.

«Partida garrantzitsuak, oso garrantzitsuak eta erabakigarriak daude, eta hau jada oso garrantzitsua da».

LUIS GARCIA PLAZAAlaveseko entrenatzailea

Denboraldiko boladarik onenean daude arabarrak. Alabaina, aurkari ahaltsuak izan dituzte azken hiru partidetan, eta ezin izan dute garaipenik lortu: galdu egin zuten Bartzelonaren aurka, eta puntu baliotsu bana eskuratu Vila-realen eta Betisen kontra. Segida horren jarraipen logikoa gaur Mallorcari irabaztea da; areago Mendizorrotzan jokatuko dutela kontuan izanik. Gasteiztarrak sendo dabiltza beren zelaian, eta ez dute hutsik egin larri dabiltzan taldeen aurka: irabazi egin diete etxean Sevillari, Almeriari, Granadari eta Cadizi. Mallorca izan daiteke zerrenda horretara batzen hurrengoa. Bisitari gisa neurketa bakarra irabazi du orain arte: 0-1 Celtaren zelaian. Aspaldi izan zen, bosgarren jardunaldian.

Zalantza ugari izango du Javier Aguirrek hamaikakoa osatzerakoan. Zeri eman lehentasuna, gaurko lehiari edo hiru egun barru Realaren kontra jokatuko duenari? Hor dago koska. Anoetan, Mallorcak Kopako finalerako sailkapena izango du jokoan. Sari handia litzateke. Baina, era berean, komeriak izan ditzake gaur huts egiten badu. Hori horrela, erdibideko planteamendua erabil lezake teknikari mexikarrak, titularrak eta ordezkoak nahastuz. Luis Garcia Plazak, aldiz, duen hamaikakorik onena atera ahalko du. Eskuragarri ditu jokalari guztiak, Sedlar izan ezik. Ez dirudi aldaketa handirik izango denik; beharbada, Javi Lopezek Duarteren tokian jokatuko du, fisikoki guztiz osatu ostean. 

Erritmo bizia komeni zaio

Joko aldetik gustagarri dabiltza oraindik ere arabarrak. Bartzelona eta Vila-real estu hartu zituzten eraso azkar eta barneraldi zorrotzen bitartez, eta Betisi ere sortu zizkioten arazoak, nahiz eta area gutxiagotan zapaldu. Benito Villamarinen, gainera, sendotasun handiz jardun zuten defentsan, eta atea hutsean utzi. Gauzak hala, azkenaldian erakutsitako bertute guztiak elkartu eta plazaratzen saiatuko dira gaur. Traba egin nahiko die, ordea, Mallorcak. Erasoan antzu dabil, baina normalean ez du gol askorik jasotzen. Bost atzelariko sistema erabiliko du gaur ere, eta ekimena, ezusterik ezean, Alavesen esku utziko du. Eszenatoki horretan, jokoari abiada ematen saiatuko dira arabarrak, hutsuneak sortu eta hegaletan ohi bezain sarkorrak izateko.

Eskuinetik sortzen du arrisku gehien Gasteizko taldeak, Alex Solaren bitartez. Donostiarrak konfiantza eta sasoia berreskuratu ditu, eta geldiezina ari da izaten aurkarientzat. Haren korrikaldi eta erdiraketek dardarka jartzen dituzte atzelariak. Beste erakustaldi bat egin nahi du gaur. Asmo bera izango du Samu Omorodionek, taldeko golegile nagusiak. Bederatzi gol sartu ditu orain arte, eta gehiagoren gose da.

Partidaren garrantziaz ohartarazi du Alaveseko entrenatzaileak bezperan. «Partida garrantzitsuak, oso garrantzitsuak eta erabakigarriak daude, eta hau jada oso garrantzitsua da». 

ALAVES-MALLORCA

Alaves. Sivera; Gorosabel, Abqar, Rafa Marin, Javi Lopez; Antonio Blanco, Gebara, Sola, Guridi, Rioja; eta Samu Omorodion.
Mallorca. Rajkovic; Nacho Vidal, Gio Gonzalez, Valjent, Nastasic, Jaume Costa; Antonio Sanchez, Costa, Dani Rodriguez; Muriqi eta Larin.
Epailea. Garcia Verdura.
Lekua. Mendizorrotza (19.940 ikusle).
Ordua. 18:30 (Dazn).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.