Arrauna

Astillero eta Zumaia sailkatu dira Euskotren Ligarako, eta San Juan eta Ares, Eusko Label Ligarako

Lehia estuagoa izan da emakumezkoen estropadan, nahiz eta atzoko sailkapena berritu duten. Gizonezkoetan, San Juan Aresi gailendu zaio, eta San Pedro mailaz jaitsi da.

Gizonezkoen Eusko Label Ligarako kanporaketako estropada, Portugaleten. LUIS TEJIDO / EFE
Gizonezkoen Eusko Label Ligarako kanporaketako estropada, Portugaleten. LUIS TEJIDO / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2024ko irailaren 15a
12:50
Entzun

Ezuste handirik ez da izan Portugaleteko uretan, eta atzoko sailkapena berritu dute Euskotren Ligarako sailkatu asmo zuten traineruek. Denbora tarteak, oro har, estuagoak izan dira gaurkoan, baina Astillerokoek beste behin berretsi dute lehen postua. Telmo Deun haiengandik bi segundora geratu da, eta, atzo bezala, bigarren egin dute Zumaiakoek. Horiek horrela, zortzi eta sei punturekin, hurrenez hurren, Kantabriakoak eta Gipuzkoakoak lehiatuko dira Euskotren Ligan. Galiziako Chapela eta Cabo ahalegindu dira, baina ez dute lortu puntu gehiago eskuratzea.

Cabokoak atera dira lehendabizi Euskotren Ligako kanporaketako bigarren jardunaldian, eta bost minutu eta hogeita lau segundo markatu dute lehen ziabogan. Gainontzeko traineruek segundo dezente atera dizkiote, eta ziabogan Chapela jarri da estropadaren buruan, bost minutu eta hamazazpi segundorekin; bi segundo beranduago egin dute Zumaiakoek eta Astillerokoek. Bigarren luzean lehia estua izan dute hiru traineru horiek, segundo gutxirena; Telmo Deun buruan izan da tarte batez, segundo baten errenta atereaz Astillerori. Azkenean, ordea, aurrea hartu diete, eta 10:42ko denborarekin gailendu dira Kantabriakoak. Bigarren postua lehiatua izan da, apenas izan duten segundo ingururen aldea Zumaiak eta Chapelak. Beste behin geratu da Cabo laugarren. Arinago aritu dira gaur, nahiz eta hogei segundoren aldea egon den lehen eta azken sailkatuen artean.

San Juanen mendekua

Eusko Label ligarako kanporaketan ere ez da sorpresarik izan sailkatuei dagokienez. Atzoko emaitza antzekoa eman dute bost traineruek, nahiz eta gaurkoan San Juan gailendu zaien Areskoei. Lehen luzean pareko aritu dira bostak, eta hiru euskal taldeak aurretik jarri dira segundo gutxiren aldearekin, San Juan buruan zela. Ares, atzoko estropadako irabazlea, laugarren heldu da lehen ziabogara, eta atzetik geratu da Chapela amaierara arte. Bigarren luzean aurrea hartu die Aresek San Pedrori eta Santurtziri, eta segundo baten gorabeheran ere egon da lehen posturako lehia. Bederatzi minutu eta berrogeita lau segundo markatu du bigarren ziabogan San Juanek, eta bederatzi minutu eta berrogeita bost segundo, Aresek.

Denbora tarteak zabalduz joan dira pixkanaka, eta hirugarren ziabogara heldu orduko lehen postua bermatu dute Pasai Donibanekoek: bost segundoren errenta atera die Areskoei. Atzetik aritu dira San Pedro eta Santurtzi, eta bien norgehiagoka estuagoa izan da, hirugarren eta laugarren postuen artean; bizpahiru segundoren aldearekin bizkaitarrak gailendu dira hor. Azkenerako, hemeretzi segundo eta berrogeita bat segundotan markatu du San Juanek estropada, eta zortzi segundoren aldea atera dio Aresi. Hogei minuturen bueltan heldu dira beste bi traineru euskaldunak, eta Chapela, azkena.

Horiek horrela, San Pedrok ezin izan dio mailari eutsi, eta KAE-1 Ligan arituko da hurrengo denboraldian.

Emakumezkoen kanporaketa
1. Astillero: 10.42.60
2. Zumaia: 1.86ra
3. Chapela: 3.92ra
4. Cabo: 20.00ra

Nagusia
1. Astillero: 8 puntu
2. Zumaia: 6 puntu
3. Chapela: 4 puntu
4. Cabo: 2 puntu

Gizonezkoen kanporaketa
1. San Juan: 19.41.12
2. Ares: 7.48ra
3. Santurtzi: 17.48ra
4. San Pedro: 20.72ra
5. Chapela: 37.28ra

Nagusia
1. San Juan: 9 puntu
2. Ares: 9 puntu
3. Santurtzi: 6 puntu
4. San Pedro: 4 puntu
5. Chapela: 2 puntu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.