Gizonezkoen Winter Series txapelketaren hirugarren aldia amaituta, emakumezkoen bigarrena jokatuko dute datozen hiru astelehenetan, Durangoko (Bizkaia) Ezkurdi frontoian. Iazko egiturari eutsi diote: lau bikote ariko dira, eta hurrengo bi astelehenetan jokatuko dituzte finalerdiak, 19:00etan.
Aurrenekoan, Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi ariko dira Maite Ortiz de Mendibilen eta Frida Watkinsen aurka; martxoaren 4an, berriz, Erika Mugartegi eta Maialen Aldazabal ariko dira Elaia Gogenolaren eta Ihart Araskistainen kontra. Irabazleek finala jokatuko dute martxoaren 11n, 19:00etan.
Iazko ekitaldiaren aldean, ez da ariko Eneritz Lizardi, hautsita baitu eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua. Gogenola aurrelari berriatuarrak ordezkatuko du. Arakistainekin jokatuko du, eta hark postua aldatuko du: atzean ariko da. Bestalde, iaz, Mugartegik eta Lejardik irabazi zuten txapela, baina, aurten, banatuta ariko dira.
Aldi berean, Ezkurdin, gizonezkoen Lauko Finala jokatuko dute Winter Serieseko lau puntista onenek: astelehenean, Johan Sorozabal eta Ludovic Ladutxe ariko dira, eta martxoaren 4an, Aritz Erkiaga eta Unai Lekerika. Martxoaren 11n jokatuko dute finala.
ETB1ek partida guztiak emango ditu, 22:15ean.