FUTBOLA. Oraindik ez da amaitu astelehenetako eta ostiraletako partidak jokatzearen inguruan Espainiako Futbol Federazioak eta Espainiako Futbol Liga profesionalak duten liskarra. Atzo, Federazioko Lehiaketa Batzordeko epaileak, ebatzi zuen norgehiagokak larunbatean edo igandean jokatu behar direla, eta astelehenetan edo ostiraletan jokatzeko federazioaren baimena behar dela. Epaiak Ligari aitortzen dio ordutegiak jartzeko eskumena, betiere asteburuan jokatuta.
Erabaki hori kontuan hartuta, aldaketak izan dira lehen hiru jardunaldietako partidak jokatzeko egun eta ordutegietan. Hala, lehen jardunaldian, Athletic-Bartzelona partida larunbatez jokatuko litzateke, abuztuaren 17an, 20:45ean; Mallorcaren eta Eibarren artekoa, berriz, egun horretan bertan 20:00etan. Hirugarren jardunaldian, berriz, Athleticen eta Realaren arteko derbia egun bat atzeratu dute, abuztuaren 31ra, 20:45ean.
Ligak federazioaren jarrera salatu du. «Federazioko buruak arduragabe hutsak dira, eta ez dira jabetzen egiten ari direnak zer ondorio dakartzan. Nahasmena eragitea besterik ez dute helburu. Hori da egiten dakiten gauza bakarra. Baina horrek ez du ezer aldatuko», adierazi zuen, ohar baten bidez, epailearen erabaki jakin eta gero.
Abuztuaren 7ra arte ez da egoera erabat argituko. Egun horretan, justizia arrunteko epaile batek emango du behin betiko erabakia auziaren inguruan.
Astelehen eta ostiraletako ligako norgehiagokak, airean
Espainiako Federazioko Lehiaketa Batzordeko epaileak lehen jardunaldietako partidak egunez aldatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu