Astelehen buruzuria? Bai, zera!

Sekulako arrakasta izaten ari da Gernika Jai Alaik eta EITBk elkarrekin antolatutako Winter Series zesta-puntako txapelketa. Igandean jokatuko dute finala, eta aspaldi saldu ziren sarrera guztiak.

Gernika -Lumoko Jai Alai pilotalekua, jendez lepo, Winter Series txapelketako partida batean. MARKEL SUAREZ.
Julen Etxeberria.
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Aspaldian ez da egon astelehen buruzuririk Gernika-Lumon (Bizkaia). Egun handia izan da azken hilabete eta erdian. Gernika Jai Alai enpresak eta EITBk elkarrekin antolatutako Winter Series txapelketako partida jokatu da arratsalde-gauez herriko pilotalekuan, eta harmailak lepo bete dira beti. Bizi ibili behar izan da eserleku bat lortzeko, sarrerak ziztu bizian amaitu baitira. Sekulako festa izan da harmailan, eta ikuskizun aparta kantxan.

Ohiko bilakatu dena erabat ezohiko zen duela gutxi. Udan, bete egin ohi da Gernikako pilotalekua, baita zesta-puntan tradizio handia duten zenbait frontoi ere. Baina egun gutxi batzuetan bakarrik bete ohi dira, egun seinalatuetan baino ez. Inoiz ez zen halakorik ikusi neguan, ezta horrenbesteko maiztasunarekin ere. Halako zerbait egiteko aukerarik ere ez zegoen, puntistarik onenak AEBetan ari baitziren, Danian. Baina hango frontoiaren itxierak, han ari ziren puntista askoren itzulerak, EITBk egindako apustuaketa Gernika Jai Alaik egindako lanak posible egin dute zesta-puntak loraldia bizi izatea. Winter Series txapelketa da horren adibiderik argiena. Inoiz ikusi gabeko fenomenoa gertatzen ari da.

Ezustean hartu ditu antolatzaileak berak ere: «Ez genuen inondik inora espero halako zerbait. Sekulakoa izaten ari da, arrakasta itzela. Oso pozik gaude», dio Gaizka Muniategi Gernika Jai Alaiko arduradunak (Gernika-Lumo, 1981). Muniategik eta haren lantaldeak urteak daramatzate Gernikan egiten diren zesta-punta jaialdiak antolatzen, baina, dioenez, inoiz ez zuten halakorik ikusi: «Udan ohitura handia dugu jaialdiak antolatzeko, eta frontoia bete egiten da. Baina inoiz ez genuen halakorik egin neguan eta astelehenetan. Horregatik, hasieran, bagenuen beldur pixka bat. Ez genekien nola joango zen. Zorionez, bikain joan da dena. Arrakastatsua izaten ari da erabat».

Azkar uxatu zitzaizkien hasierako beldur eta zalantzak. Lehen jaialdian bete egin zen pilotalekua: «Seinale ona zen hori, baina larunbata zen, eta jaiegunetan errazagoa da jendea erakartzea. Astelehenekoa zen benetako proba». Bi egun geroago etorri zen ezustekoa: 400 pertsona joan ziren frontoira. Asko zen, kontuan hartuta hasieran txapelketa ateak itxita jokatuko zela iragarri zela. Ahoz ahokoak eta sare sozialek egin zuten ondorengoa. Geroztik, beti bete da frontoia: lehenbizi, 800 lagun izan ziren, eta, osasun neurriak arindu zirenean, 1.400. Debalde zen sarrera hasieran, baina bost euro kobratzen hasi ziren gero, jende asko geratzen baitzen frontoiaren atarian, barrura sartu ezinda: «Sekulakoa zen ikustea jendea zesta-punta ikusteko gogoz zegoela. Ilusio handia egiten du horrek».

Ilusio handia egiten dio harmailetan «denetarik» ikusteak ere: «Etxeko jende asko dago, baina ikusleen erdiak baino gehiago Gernikatik kanpokoak dira. Horrek esan nahi du ez dela etxeko fenomeno bat, haratagokoa baizik. Zesta-puntarentzat oso ona da hori. Baita ikusleen artean helduak eta gazteak, gizonak eta emakumeak egotea ere. Pozgarria da ikustea transmisioa gertatzen ari dela helduetatik gazteetara. Formatua modernoa izateak ahalbidetzen du hori».

Formatua eta EITB

Zein da gakoa txapelketak horren arrakastatsua izan dadin? Bi azpimarratu ditu Muniategik: haien eskarmentua eta EITBren laguntza: «Guk zazpi bat urte daramatzagu udan zesta-puntako jaialdiak antolatzen. Esperientzia badugu. Baita ikuskizun formatu ona ere, argiekin eta mikroekin. Horri, EITBren azpiegitura sendoa gehituz gero, errazagoa da gauza hobeak egitea. Oso garrantzitsua izan da EITBk egindako apustua. Bion lanari esker, aurrerapauso handia eman dugu, eta ikuskizun hobea egin dugu, ikusgarriagoa, erakargarriagoa. Agerikoa da funtzionatzen duela, bai frontoian, baita telebistan ere; erantzun ona du».

«Militantzia» hitza ere aipatu du: «Jendea konturatu da Daniako pilotalekua ixteak min handia egin ziola zesta-puntari, eta zerbait egin beharra zegoela. Guk argi dugu osa daitekeela urte osoko egutegi bat, eta horretan ari gara. Asmoa dugu txapelketa hau bukatzean beste bat antolatzeko, maiatzetik urrira artekoa. Baina orain, ondo bukatzea da asmoa: errematea ematea».

Eta nekez izan dezake txapelketa batek final hobeagorik: Aritz Erkiaga eta Jon Zabala, Iñaki Osa Goikoetxea-ren eta Aimar Aldazabalen aurka. Igandean jokatuko dute finala, 12:00etan (ETB1). Aspaldi saldu ziren sarrera guztiak, ziztu bizian: «Final ederra espero dugu: aurrean, sekulako borroka izango dute Goiko-k eta Erkiagak, eta atzean lehia polita izango dute Aimarrek eta Zabalak». Haiek ere euren alea jarriko dute ikuskizuna betea izan dadin: «Ea zer egiten dugun. Ari gara. Ezustekoren bat egongo da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.