Titin III.a. Aspeko pilotaria

«Asteburuetan ea zer egingo dugun galdetzen didate etxean»

Hogeita bi urteko pilotari ibilbide oparoaren azken txanparekin gozatzen ari da. Gaur sanmateoei ekingo die, eta urriaren 5ean eskegiko du gerrikoa. 'Mito' deitzen diote, ez da gutxiagorako.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Zinema izarrek baino elkarrizketa gehiago ematen ari dela esan, eta barre egin du: «Zuei eskerrak interesa jartzeagatik». Beti bezain adeitsu, zuzen eta umoreko. 22 urte laburtzea ez da erraza, baina saiatu da Augusto Ibañez Sacristan (Tricio, Espainia, 1969). Bukaeran, kazetaria zintzo mintzatu zaio: «Plazer bat izan da, Augusto».

Bidea bukatzear zaude, tristurarik edo?

Penarik ez; zoriontsu nago nik nahi izan dudan bezala agur esango dudalako: zuriz jantzita, Adarragan, gertukoekin, zale askorekin… Egun ahaztezina izango da, baina penarik ez. Noizbait iritsi behar zuen; kirolarien bizitza halakoa da.

Titinen azken sanmateoak, ikustekoak izango dira…

Aurtengo udako feria guztiak izan dira onak. Sanmateoak azkenekoak dira, luzeak, eta aurten, agian, nire azkenak direlako, jende pixka bat gehiago mugituko da, baina urtero da feria jendetsua.

Miguel Capellanek galtza zuriak estreinatu zituen azken partidan, eta zuk?

Nik pila bat ditut! Eta sei-zazpi bat estreinatzeko, guztientzako partidarik ez [barrez]. Partida guztietan urratzen ditut, baina niri asko irauten didate, adabaki pila bat dituztelako.

Urriaren 5ean duzu agur partida. Goiz esnatuko zara 6an?

Semeak eskolara joan beharko du; beraz, betiko orduan esnatuko naiz. Entrenatzera ez naizjoango, baina ez harritu kideei gimnasioan bisita egiten badiet. Bizitza aldatu egingo da, entrenamendurik ez, partidarik ez…

Etxekoek zer esaten dizute? 22 urte izan dira…

Behingoagatik Gabonetan zer egin programatu dezakegula esaten didate. Baina pena pixka batekin ere badaude; orain asteburuetan ea zer egingo dugun galdetzen didate. Familiak beti asko lagundu nau: erabaki honekin, jokatu dudan urteetan... Orain denbora gehiago izango dut eurentzat.

Jakina da zure ama ez dela pilotalekuetara joan zalea. Azken partidara joango al da?

Joango da, baina ez dakit partida ikusiko duen. Partidarik ez du inoiz ikusi. Barkatu, aitak erretiroa hartu zuen egunean joan zen partidara, baina uste dut ez duela besterik ikusi, ez aitarenak, ez anaiarenak, ezta nireak ere.

Urtebete daramazu atzera zenbatzen. Astuna egin al zaizu?

Astuna? Ezta inondik ere! Asko gozatu dut; dibertigarria izan da. Partida polit asko jokatu ditut, tentsioari eutsiz, lehiatuz... eta gozatu egin dut. Tira, partida txarren baten bat edo b este egon da, baina urte oso berezia izan da. Aspaldian egon gabeko pilotalekuetan aritu naiz, askotan bertan jokaturikoetan…

Galtzeak min ematen al dizu oraindik?

Bai, bai, izorratu egiten nau galtzeak. Lehiakorra naiz, eta ni beti irabaztera irteten naiz. Eta aurrerantzean, lagun artean edo afizionatuekin partidaren bat jokatzen badut, galtzeak min emango dit.

22 urteotan inoiz ez zaizu burutik pasatu pilota uztea?

Garai txarrak izan ditut, egunak, bolada txarrak… baina beti motzak. Nolabait, inoiz ez dut krisi luzerik izan. Egon dira egunak «hau uzteko garaia iritsi da» pentsatu izan dudana, baina halakoetan lan egiten jarraitu behar duzu, eta bi aldiz pentsatu erabakia hartu aurretik.

Pilotan jokatzeaz ez zara nekatu? Edo aspertu?

Inoiz ez. Nik uzten badut, ez dut uzten aspertu naizelako edo ondo pasatzen ez dudalako. Ni bizitza guztirako naiz pilotari; ez nau aspertzen. Pilota bat ikusi eta itsutu egiten naiz: lagunekin, neskatxa eta mutikoren batekin… Pilotalekuan egotea handiena da niretzat, eta zale gisa pilotalekuan jarraituko dut.

Pozik zoaz egindakoarekin? Arantzarik ba al dago?

Pozik noa. Ase. Ni gauzak ahalik eta hobekien egiten saiatu naiz, eta nire onena eman dut, beti, partida guztietan. Hori da nirekin daramadan poza. Nik pilota nire modura ulertu dut, eta denetarik izan dut: sasoi onak, txarrak, gauza onak, gauza txarrak… Niretzat dena izan da pilota; erabat pilotari, ohetik altxatu eta lokartzeraino. Pilota izan dut buruan une oro.

Zenbat kilometro egin dituzun kalkulatu al duzu?

Noizbait kalkuluak egiten jarri, eta 30.000 edo 35.000 kilometro ziren urtean, bada 22 aldiz… Egin zuk biderketa —770.000 kilometro dira—. Eta autoak… ez ditut asko erre. Seguru eta erosoak aukeratu izan ditut beti; horri begiratzen nion erostean, eta zortea izan dut; kendu ditudanak beti kilometro asko zituztelako kendu ditut. Kotxeak ni bezalakoak izan dira: tratuari ondo eusten ziotenak [barrez].

Ordainsarietan utzi duzunarekin bakarrik, autobideko kilometroren bati zure izena jarri beharko liokete.

[Barrez] Lehen hori zenbatzen zenuen, eskudirutan ordaintzen zenuelako; orain, aldiz, teleordainketarekin ez diozu erreparatzen. Hor aldaketa handia izan da; bideak asko hobetu dira, hobera noski; baina ni mota guztietako errepideetatik joan naiz.

Anekdotaren bat izango duzu errepidean.

Batekin oroitzen naiz: euri jasa latza, autobideren batean, irteeraz nahastu, ez nekien non demontre nengoen... eta hara non aurkitzen dudan Ertzaintzaren kontrola. Nola nenbilen azaldu, eta pilotalekuraino eraman ninduten!

Pilotari maitatua zara, badakizu, ezta?

Batzuek gustuko izango naute eta beste batzuek ez. Baina ni maitatua sentitu izan naiz. Garai txarretan, ondo ez nengoenean, normalena jendeak nire jarduna ezbaian jartzea zen, eta nik kontrakoa jaso izan dut. Horregatik diot pilotazalea ezberdina dela.

Urteekin petraldu egin zara: protestak, imintzioak…

Zahartzean jendea petraldu egiten dela diote. Nik izan ditut egun batzuk lekuz kanpo egon naizena, baina tira, lehen nituen eta orain ere bai. Urteekin ez naiz aldatu alde horretatik. Nik badakit izaera berokoa naizela, eta badakit pilotalekuetan egin behar ez nituen gauzak egin ditudala. Autokritika egin behar dut, eta batzuetan hobe zatekeen etxean gelditzea; baina barkamena eskatu behar izan dudanean, eskatu izan dut, eta aitortzen dut izaerak noiz edo noiz salduta utzi nauela.

Askotan entzun da: «Titin, errioxar maitatuena Euskal Herrian». Alderik ba al dago zaleen artean?

Ez, pilotazalea berdina da toki guztietan, eta zale oso ona da. Kirol gutxietan horrelakorik. Toki bakoitzean etxeko pilotariak gehiago maitatzea normala da, baina niretzat plazer bat izan da Euskal Herriko pilotalekuetan jokatzea. Pilota unibertsala da, eta nik Errioxan asko jokatu dut; baina Euskal Herrian jokatu dut gehien, eta nik euskal zaleen oroitzapen oso polita izango dut.

Euskara pixka bat ikasiko zenuen honezkero…

Bide zaila da hori. Gustatuko zitzaidan gehiago jakitea; hobeto jakin beharko nuke. Begira, batua, bizkaitarra… eta batzuetan euskaldunek elkar ez ulertzeak,euskalki ezberdinak egoteak alegia, atentzioa eman izan dit; interesgarria da. Hori bai, pilota hiztegia ondo ulertzen dut.

Bizitzarik ba al da Titinen ondoren? Errioxan pilotariak badaude, baina zure erretiroak zaleengan eragina izan dezakeela uste duzu?

Ez. Errioxako pilotazaleak pilotalekura joaten jarraituko du, eta hemengo pilotariek maila ematen badute, zaleek erantzungo dute.

Azken urteetan zinegotzi ardurarekin uztartu duzu pilotari bizitza. Politikan bidea egiten ikusten al duzu zeure burua? Logroñoko alkate akaso?

Ez, ez… Politikari izateko jakintza izan behar da, ikasketak… Badirudi politikari izatea 'hor jartzen zaituzte eta kito' dela, eta ez. Ni asko ikasten ari naiz, baina nik kirol eremuan bakarrik egin dezaket ekarpenen bat. Jende oso prestatua badago, eta nik ez nuke balioko alkaterako. Kirol eremuan nahi baldin banaute, egongo naiz, baina hortik aurrera…

Jendearen tratua aldatu al da zinegotzi zarenetik?

Ez, tira, agian baten batek ezberdin begiratuko dit, baina ez dut sumatu. Politika eta kirola eskutik joan behar ez dutela uste dut. Bakoitzak bere eremua du. Zaleren bati ez zaiola gustatu? Bada, aizu, errespetatzen dut. Nire bizitzaren aro hau hasi nuenean kirolari, eta bide batez pilotari, zerbait eman niezaiokeela uste nuen. Aukera hori eskaini zidaten, eta horregatik eman nuen pausoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.