Astebete eskas. Hori besterik ez du iraun Euskadi Fundazioaren eta NER Nuevo Estilo de Relaciones taldearen artekoak. Prentsa ohar bana bidalita amaitu da bien artekoa. NER taldeak herenegun gauean bidali zuen berea, eta han jakinarazi zuen «bertan behera» geratu zela bi aldeen arteko akordioa. «Euskadi Fundazioko Lehendakaritzak bertan behera utzi du NER taldearekin zuen akordioa. Sentitzen dugu egindako urratsarengatik zoriondu gaituzten zaleei desilusioa ematea». Kito. Adierazpen gehiagorik ez. «Ez dugu gaiaz gehiago hitz egin nahi», aitortu zion atzo BERRIAri Koldo Saratxaga NER taldeko bultzatzaileak.
NER taldeak pentsa oharra kaleratu eta ordu batzuk geroago etorri zen Euskadi Fundazioaren erantzuna. «Euskadi Fundazioa proiektu honetatik kanpo egon da une oro [NER taldearekin batera abian jarri behar zuen proiektuaz ari da], azken asteetan Fundazioaren ahalegina gure azpiegiturapean dauden bi taldeei, 23 urtez azpikoari eta Kontinental Mailakoari, eustea izan baita. Euskadi Fundazioak egungo azpiegiturari eutsi nahi dio, eta testuinguru honetan zaila izango litzateke NER taldearekin akordio bat lortzea. Ner taldeak asmo zilegizkoa zuen: proiektu autonomo eta independente bat abian jartzea». Fundazioaren kasuan ere, hor amaitu ziren azalpenak.
Zaila da NER taldearen eta Euskadi Fundazioaren artean egondakoari izen bat jartzea. Izan ere, joan zen ostegunean NER taldeak jakinarazi zuen «akordioa» lortu zuela Euskadi Fundazioarekin hura diruz lagundu eta koordinatzeko. Horri esker, Fundazioa ez zen desagertuko, eta Kontinente Mailako taldeari eutsiko zion. Jon Odriozola izango zen talde horretako kirol arduraduna.
Ner taldeak akordioaren berri eman eta lau egunera, ordea, Miguel Madariaga Euskadi Fundazioko presidenteak hitz egin zuen, eta ez zuen inolako akordiorik aipatu. Are gehiago, zehaztu zuen fundazioak proiektu hori «babesten bazuen ere» fundazioa ez zegoela horren barruan, eta fundazioak «bere bidea» egiten jarraituko zuela. Horrek eragin du bien artekoa hautsi izana: bakoitzak bereari eutsi nahi izan diola.
Txirrindulariak, Odriozolarekin
Euskadi Fundazioko txirrindulariek euren ahotsa plazaratu zuten atzo, eta ohar bidez euren babesa eskaini zioten Jon Odriozolari, eta euskal txirrindularitzaren alde eginikoarengatik eskerrak emateaz gain, «lanean jarraitzeko» eskatu diote. Txirrindularien ustez, Odriozola «baztertu egin dute», eta horrek mindu egin ditu. Era berean deia egin diete Euskal Herriko jarraitzaileei, «parte har dezaten», hala izan ezean etorkizuna ilun ikusten baitute: «Bide hau jarraituz gero 2014an ez da euskal talderik egongo errepideetan». Fundazioak 400.000 euro behar ditu bizirauteko.
Astebete eskas iraun du ilusioak
NER taldeak eta Euskadi Fundazioak ez dute akordiorik lortu, eta bertan behera geratu da bien arteko proiektua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu