Zalantzan dago Igor Gonzalez de Galdeano Euskaltel-Euskadiko manager nagusia. Apirilaren 1etik 6ra jokatuko da Euskal Herriko Itzulia, eta azken bi txirrindularien izenak zehaztu ezinik dabil gasteiztarra. Seik ziurtatuta daukate lekua: Igor Anton, Samuel Sanchez, Gorka eta Ion Izagirre, Ruben Perez eta Egoi Martinezek. Azken bi txirrindulariak falta dira, eta bostekoa da zerrenda: Mikel Astarloza, Mikel Landa, Gorka Verdugo, Romain Sicard eta Juan Jose Lobato. Neurri handi batean, Voltak emango du azken epaia, Astarloza eta Landa soilik ari diren arren lehian.
«Talderik onena eraman beharra daukat Itzulira, eta oraindik ez dakigu noren alde egingo dugun». Ion eta Gorka Izagirrek Australian denboraldiari bikain ekin zioten arren, garaipenik eta emaitza onegirik jabe jarraitzen du Euskaltel-Euskadik, eta presioa nabaritzen hasita daude jada taldean. «Ondo hasi ginen Australian, baina nahi baino makalago ibili gara Paris-Nizan eta Tirreno-Adriatikoan. Pozik nago taldearen lanarekin, baina garaipenak iristen hastea nahiko nuke».
Samuel Sanchezek Italiako Giroa dauka buruan. «Eta puntutxo bat faltako zaio, agian. Baina Samuelek badaki Itzulia oso gogorra dela, eta ezin dela joan entrenatzera. Ondo iritsiko da, nahiz eta egia den Giroa daukala buruan». Ion Izagirre izan daiteke ezkutuko beste faboritoetako bat. «Baina oso gaztea da oraindik», zehaztu du Galdeanok. «Gazteak pixkanaka ikasiz joatea da helburua, etorkizunean erreleboa ematen asmatu beharko dutelako».
RadioShack-ek ez du segiko
Behin denboraldia amaituta, RadioShack-ek ez du jarraituko babesle gisa. AEBetako etxetresna elektrikoen kateak 2010ean ekin zion bideari, Lance Armstrongen taldeari babesa emanez. Behin estatubatuarrak erretiroa hartuta, Leopard etxearekin batu zen RadioShack, baina krisiak eta dopin kontuek eraginda, babesa etetea erabaki du azkenean. Haimar Zubeldia eta Markel Irizar dira taldeko bi euskal herritarrak.
Astarloza, Landa, Verdugo, Sicard eta Lobato, Itzulirako azken bi lekuen bila
Apirilaren 1ean irteeran izango dira Igor Anton, Samuel Sanchez, Gorka eta Ion Izagirre, Ruben Perez eta Egoi Martinez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu