Aspek jakinarazi dio Eulateri ez duela enpresan jarraituko

Abenduan bukatzen zaio kontratua, eta ez da enpresak hurrengo asteetan berrituko ez duen bakarra

Imanol Magro Eizmendi.
2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Pedro Martinez Eulatek ez du jarraituko Aspen. Abendu hasieran bukatzen zaio kontratua, eta, enpresako iturriek atzo ezagutzera eman zutenez, dagoeneko jakinarazi diote ez duela jarraituko. Dena den, litekeena da ez izateaEibarko enpresak epe motzean berrituko ez duen kontratu bakarra. Abenduaren 29an Jon Jaunarena aurrelariak egingo du debuta Tolosan -Barriolarekin, eta segur asko Lasa eta Pascualen aurka-, eta urtarrilaren 5ean Jose Javier Zabaleta atzelariak, Eibarren. Bi gazteen sarrerak gutxienez beste bi pilotariren irteera eragingo du ziur asko, enpresak ez baititu hogeita bost pilotari baino gehiago nahi.

Pedro Martinez Eulatek 31 urte ditu, eta bederatzi urtez jokatu du Asperekin. Bi aldiz izan da binakako txapeldun, 2006an Irujorekin, eta 2007an Xalarekin. Urte haietan partida nagusiak jokatzen aritu zen, baina 2008an binakako txapelketatik kanpo utzi zutenetik ez zen aurreneko mailara itzuli. Azken urteetan torneo eta txapelketatik kanpo ibili da eta lehen partidak jokatu ditu. Iaz urte baterako bakarrik berritu zioten kontratua. Pilotariari iragan astean eman zioten erabakiaren berri, eta jokatzen jarraitzeko bideak aztertzen ari da.

Asperen kontratua berritzeko politika garbia izan da azken urtean, debut batek beste kontratu bat ez berritzea ekarri du ia kasu guztietan. Gauzak hala, Fernando Goñik, Jon Apezetxeak eta Alberto Ongaik izan ditzakete euren kontratuak luzatzeko zailtasunak, hirurei hurrengo hilabetetan bukatuko baitzaie enpresarekin duten harremana. Goñik agian jarraituko du, baina zaila dirudi bi aurrelariek berritzea.

Azken urtean asko izan dira Aspek berritu ez dituen kontratuak, eta, besteak beste, Miguel Capellanek, Xabier Urberuagak, Xabier Galarzak, Asier Berasaluzek, Ibai Perezek eta Enrike Galarzak enpresan ez zutela jarraituko jakin dute. Debutak ere asko izan dira, eta besteak beste Gorka Estebanek, David Merinok, Iñaki Larrinagak eta Mikel Idoatek lehen pilotakadak eman dituzte profesional mailan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.