Azken aste hauek ez dira batere samurrak izan Julen Retegi pilotariarentzat (Iruñea, 1985). Atzo jakinarazi zuen, sare sozialen bidez, pilota utziko duela. 34 urteko pilotariak aitortu du ezen, Asperen filosofiarekin bat ez etorri arren, errespetatua eta maitatua sentitu dela pilota munduan.
Zein izan da pilota uzteko arrazoi nagusia?
Aspek kontratua ez berritzea, besterik gabe. Hilabete honen amaieran bukatzen zitzaidan kontratua, eta Fernando Bidarte enpresako buruari deitu nion nire etorkizunaz hitz egiteko, familia bat baitaukat. Bidartek esan zidan etorkizunean ez zutela nirekin kontatzen, eta horregatik ez didate kontratua berritu. Egun hauetan isilpean gorde dut, atzo arte. Momentu zailak bizi izan ditut.
Aitak zer esan dizu?
Aspekoen erabakiaren berri eman nionean, penaz hartu zuen. Aita den aldetik, ordea, babestu egin nau.
Eta ingurukoek nola hartu dute albistea?
Ondo hartu dute. Azken aste hauek zailak izan dira niretzat eta familiarentzat. Azken batean, hamalau urte eta erdi eman ditut profesionaletan, eta bada zerbait.
Azken partida hilaren 15ean jokatuko duzu, Eibarren. Nolakoa izango da?
Binakako partida jokatuko dugu. Eta, noski, ibilbideko azken partida izanik, oso berezia izango da bai niretzat, baita ingurukoentzat ere.
2005ean egin zenuen debuta, Zarautzen (Gipuzkoan). Nola gogoratzen duzu?
Oso ondo. 67 kilorekin egin nuen debuta. Oier Zearra nuen bikote, eta Mikel Unanueren eta Jokin Errastiren aurka jokatu genuen. Larunbatean izan genuen partida, eta, izan nuen urduritasunagatik eta tentsioagatik, asteazkenera arte gorputza zeharo gogortua izan nuen. Halere, momentu oso polita izan nuen.
2014an, buruz buruko finala jokatu zenuen Juan Martinez de Irujoren aurka. Zure urterik onena izan zen?
Bai, hala izan zen. Partida gehienak irabazi nituen, eta urte horretan oso ongi jokatu nuen. Esaterako, Olaizola II.a buruz buruko azken bi urteetako txapeldunariirabazi nion; erraz, gainera. Horrez gain, Aspera joan nintzen momentua azpimarratuko nuke.
Buruz buruko txapeldunorde eta Bigarren Mailako buruz buruko txapeldun. Espero zenuen horraino iristea?
Txapelketa bakoitza irabazteko prestatu izan dut. Kotua da aurkariak ere oso ondo prestatzen direla. Alde horretatik lasai nago: ahal dudan guztia eman dut.
Zein izan dira zure ibilbide profesionaleko momenturik onenak?
Momentu on asko bizi izan ditut. Bigarren Mailan irabazitako txapelketak eta buruz buruko finala hautatuko nituzke. Aimar Olaizolari ere bi aldiz irabazi nion.
Eta txarrenak?
Bata, 2012ko Buruz Buruko Txapelketan Abel Barriolak 22-20 irabazi zidanekoa, ni 20-10 aurretik joan eta gero. Bestea, Xabier Urberoagaren aurka 9-18 aurretik joan ondoren 22-19 galdu nuenekoa, buruz burukoan hura ere. Buruan ondo gordeak ditut bi partida haiek.
Lortu duzunagatik baloratua sentitu zara?
Nire aldetik, bai. Besteek, aldiz, ez dakit zer pentsatuko duten. Hamalau urte hauetan egin dudanarekin pozik nago. Enpresako pilotari izarra ez naiz izan, baina pilotari on asko menderatu ditut. Emaitzak hor daude.
Nola oroitzea nahi duzu?
Batzuk nitaz gogoratuko dira; beste batzuk, ordea, ez. Pilotari handi asko joan dira, eta jende gaztea ez da haietaz gogoratzen. Pilotaren munduan oso errespetatua eta maitatua sentitu naiz.
Zer izango duzu beti gogoan?
Urte hauetan, pilotari esker, lagun asko egiteko aukera izan dut. Entrenatzera joateko momentua eta aldageletan beste pilotariekin bizitako uneak hartuko nituzke gogoan.
Asperekin eta Asegarcerekin jokatu duzu. Tratu ona izan da?
Baietz esango nuke. Bi enpresetan kontratua amaitu arte erakutsi dudan erregulartasuna azpimarratuko nuke. Partida asko jokatu ditut; batzuk, aurkari oso zailen aurka.
Julian Retegiren semea izateagatik presiorik izan duzu?
Ez nuke esango. Ondo eraman izan dut. Nik garbi daukat bi pertsona oso ezberdin garela, eta uste dut nire aitaren palmaresa gainditzea ia ezinezkoa izango dela. Kontzientzia oso lasai daukat. Ahal dudan guztia egin dut, eta iritsi naizen lekura heldu naiz.
Eta hemendik aurrera, zer?
Egoera berri honek errespetua ematen dit. Bizi osoan pilotan jokatzen aritu naiz, eta garbi daukat pilotan jokatzen jarraituko dudala. Afizionatu mailan aritzeko ikusten dut aukera gehien. Halere, ez dut zalantzarik familiarekin adostutako erabakia izango dela.
Zu hasi zinenetik pilota asko aldatu da?
Bai. Enpresen filosofia ere asko aldatu da. Aitor Mendizabalek joan den astean hartu zuen erretiroa, eta, nik uzten dudanean, Aspeko pilotari zaharrenak 29 urte izango ditu [Ladis Galartza]. Pilotari beteranoei ez diete aukerarik ematen jokatzen jarraitzeko, eta ni ez nator bat filosofia horrekin. Gogoratzen naiz debuta egin nuenean pilotari beterano asko zeudela. Dena den, enpresetako nagusiek hartzen dituzte erabakiak.
Julen Retegi. Aspeko pilotaria
«Aspek ez zuen nirekin kontatu nahi etorkizunean»
Enpresak kontratua berritu ez diolako hartu du pilota uzteko erabakia Julen Retegik, profesional gisa hamalau urteko ibilbidea egin ostean. Hilaren 15ean jokatuko du azken partida, Eibarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu