Aspaldiko partez, derbia

Baiona eta Miarritze aurrez aurre izango dira gaur Jean Daugerren, elkarren aurka azkenekoz jokatu eta urte eta erdira. Gora egin nahi dute

2016ko urtarrilaren 28an aritu ziren azkenekoz elkarren aurka Miarritze eta Baiona, Agileran. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Eneritz Zabaleta.
2017ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Albiste txar guztiek dute alde ona. Iragan sasoian, Baionak maila galdu zuen, eta Miarritze ez zen igo Top 14ra. Lapurdiko bi taldeek helburuak bete ez, eta Frantziako Bigarren Mailan egin dute berriz topo. Ondorioz, euskal kostaldea supizten duen derbia jokatuko da berriro. Urte eta erdi pasatu da azken derbitik. Agileran jokatu zen, eta Baionak irabazi zuen (13-16). Aldi honetan, Jean Daugerren jokatuko da.

Baionaren eta Miarritzeren artekoa partida berezia da oso. Europako errugbian, ez dago beste adibiderik non bi talde profesional elkarren hain hurbil kokatuta dauden. Xarma eta folklore berezia du. « Miarritzerekin fitxatu nuen lehen unetik, jendea Baionaren aurkakoaz mintzatzen hasi zitzaidan. Ez nuen inoiz horrelakorik ikusi», dio Gonzalo Quesada Miarritzeko kirol zuzendariak. «Orain bi sasoi, ikusle izan nintzen Baionan. Partida atarikoa prozesio bat zen. Jendea Baiona Ttipitik desfilean igo zen estadiora», oroitu du Pierre Berbizier Baionako kirol zuzendari berriak.

Lapurdiko derbiaren prestigioaren zatirik handiena aulkian egonen diren bi entrenatzaileek emanen dute. Quesadak bat baino gehiago harritu zituen Frantziako selekzioan, Racingen eta Stade Françaisen entrenatzaile lan txukuna egin eta gero, Miarritzera eta Bigarren Mailara etorrita. Berbizier antzinagokoa da, eta ibilbide oparoa izan du Frantziako selekzioarekin, Narbonarekin eta berriki Racingekin.

Aspaldiko lagunak dira biak. Narbonan Berbizierrek Quesada entrenatu zuen, 1999 eta 2001 artean. Ondotik, Racingeko aulkian elkarrekin lan egin zuten 2011 eta 2013 artean. Abentura gaizki bukatu zen —Berbizier aparte ezarri zuten, eta Quesadak ordezkatu zuen—, baina laguntasuna mantendu dute. «Ez dugu aukera askorik izan elkarrekin egoteko Euskal Herrian gaudenetik», aitortu du Quesadak. «Hala ere, harreman ona dugu, eta plazer bat da Gonzalorekin topo egitea», esan du Berbizierrek. Haien arteko laguntasuna, ordea, gaur etengo da, 80 minutuz.

Gorabeheratsu hasi dira

Bi euskal taldeentzat partida garrantzitsua da gaurkoa. Gorabeheratsu hasi dira biak, eta sailkapeneko erdialdean daude: Miarritze zortzigarren da, hamazazpi punturekin, eta Baiona hamargarren, hiru puntu gutxiagorekin. Gaur irabazten duena gora begiratzen hasten ahalko da. Galtzaileak, ordea, atzeko postuak hurbiltzen ikusiko ditu.

Baionak abantaila txikia izan dezake. Etxean jokatzeaz gain, joan den astean etxetik kanpo irabazi baitzuen lehen aldiz, Aurillacen aurka (20-24). Miarritzek, berriz, anitz sufritu zuen etxean Massy apalari irabazteko (36-30). Hala ere, Agilerakoak baionarrak baino hobeki hasi dira. Etxean ez dute galdu, eta baionarrek baino garaipen bat gehiago daukate. Baiona dagoeneko etxean galduta dago, Grenoble liderraren aurka (21-26). Beraz, irabazteko premia handiagoa du.

Aurrekari horiek, ordea, ezer gutxi axola dute derbiaren gisako partida berezi batean. «Aparte dagoen lehia da», dio Julien Jane Baionako hegalekoak. «Adrenalina ziztada handia da», adierazi du Vincent Etxeto Baionako gibelekoen entrenatzaileak. Testuinguru berezi horri neurria hobeki hartzen dionak irabazi ohi du.

Derbiak presio handia dakar, eta anitzen oroimenean daude Top 14ko garaiko derbi itsusi eta tentsioz beteak. Partida itxiak izaten ziren liga nagusian ari zirenean. Orain bi sasoi, alta, bi partida eder jokatu zituzten. Bigarren Mailan presio apalagoaren ondorio? «Gogoan dut plazer hartzeko eta jokatzeko gogoz joan ginela. Presioa bazterrean utzi genuen eta partida ederrak izan ziren», gogoratu du Etxetok.

Baionak eta Miarritzek bi bide desberdin hartu dituzte derbia prestatzeko. Miarritze ateak itxita aritu da, eta Baiona ateak irekita.

Jokalarien aldetik, berri onak izan dira. Miarritzek Pierre Bernard irekitzailea berreskuratu du, eta hasieratik ariko da. Baionan, berriz, Willie du Plessis osatu da, eta Bernarden parean izanen da; goi mailako bi irekitzaileen arteko lehia izango da. Gainerakoan, bi taldeek aitzineko lerroa indartzea hautatu dute. Baionan, Iginizek Schuster ordezkatuko du. Miarritzen, Levi eta CJ Botha hasieratik ariko dira Synaeghelekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.